Ahots Baten sormen egonaldirako izen-ematea zabalik

Aiurri 2019ko aza. 6a, 10:19
Ahots Baten sormen egonaldien baitan kantua, antzerkia, literatura eta bertsolaritza landuko dute gazteek. Argazkia: Mintzola Ahozko Lantegia.

Ahots Baten antzerkia, bertsoa, kantua eta literatura/kontalaritza elkartzen dituen egonaldia da, 15-22 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa. Egun bakoitzean horietako sorkuntza bat lantzen da, eta aditu bat ere batzen da taldera: Ainara Gurrutxaga aktorea, Iban Urizar “Amorante” kantaria, Harkaitz Cano idazlea eta Amets Arzallus eta Onintza Enbeita bertsolariak izango dira aurtengoan. Izen-ematea abenduaren 2ra arte egongo da zabalik.

Ahots Baten sormen egonaldian izena ematen dutenak, Azkoitiko Abaraxka aterpetxean elkartuko dira abenduaren 26tik 30era.

Urtean zehar antzerkia, bertsoa, kantua eta literatura lantzen duten gazte sortzaileei zuzenduriko egonaldia da; 1997 eta 2004 urteen artean jaiotakoentzat, hain zuzen.

Egun bakoitzean diziplina batekin esperimentatuko dute gazteek, eta adierazpide horretako aditu batekin elkartuko dira: lehen egunean, antzerkiaren inguruan ariko da taldea solasean Ainara Gurrutxaga aktorearekin batera; bigarrenean, kantua landuko dute Iban Urizar Amorante musikari eta kantariarekin; hirugarren jardunaldian, literatura izango dute mami Harkaitz Cano idazlearekin; eta, azken egunean, bertsolaritza Amets Arzallus eta Onintza Enbeita bertsolariekin.

Ikastolen Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak antolatzen dute elkarlanean ekimena, euskarazko ahozko kultur sorkuntzako beste zenbait eragile eta sortzaile ere aintzat hartuta.

  • Abenduak 26: ANTZERKIA - Ainara Gurrutxaga
  • Abenduak 27: KANTUA - Iban Urizar Amorante
  • Abenduak 28: LITERATURA / KONTALARITZA - Harkaitz Cano
  • Abenduak 29: BERTSOLARITZA - Amets Arzallus eta Onintza Enbeita
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!