Bernardo Atxagak jasoko du Espainiako Letren Sari Nazionala

Aiurri 2019ko aza. 12a, 10:36

Benardo Atxaga eta Xabi Paya, Asteasuko udaletxean

Bernardo Atxaga idazleak jasoko du aurtengo Espainiako Letren Sari Nazionala. Idazle baten ibilbide osoa aitortzen du sari honek eta aurtengoa idazle asteasuarrari eman diote.

Espainiako Kultura Ministerioak atzo jakinarazi zuen saridunaren izena. Epaimahaiaren iritziz, "euskararen eta gazteleraren modernizazioari eta nazioarteko proiekzioari ekarpen funtsezkoa" egin dio Atxagak. "Poesiaz blaitutako narratiba baten bidez" egin du hori idazleak, "zeinetan errealitatea eta fikzioa distiraz konbinatu dituen".

Asteasun 1951. urtean jaioa, Ekonomia Zientzietan lizentziatu zen Bilboko Unibertsitatean, eta, hainbat lanbidetan aritu ostean, idazle lanetan erabat hasi zen 1980ko hamarkadan. Genero ezberdinetako lanak argitaratu ditu ordutik eta bere liburuak 34 hizkuntzatara itzuli dituzte. Euskaltzain oso da 2006tik, baita Jakiundeko kidea ere, 2010etik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!