Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2019

Illunbeko finalerako autobusa antolatu du Harituz elkarteak

Aiurri 2019ko aza. 22a, 12:29

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalera joateko autobusa antolatu du Harituz Bertsozale Elkarteak. Abenduaren 14an, Asteasun, Zizurkilen, Amasa-Villabonan eta Andoainen geldialdiak egingo ditu autobusak, Illunbera joateko. Herri bakoitzean izena emateko guneak zehaztu dituzte eta mailez edo telefonoz ere egin ahal izango da:

Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak autobusak antolatu ditu abenduaren 14rako. Autobus batek Tolosa inguruko herrietan zehar egingo ditu geldialdiak, Alegia, Tolosa, Anoeta eta Iruran, hain justu ere, bertako jendea hartu eta Donostiara eramateko. Beste autobusak, berriz, Aiztondo bailarako herrietako jendea bilduko du, Asteasun, Zizurkilen, Amasa-Villabonan eta Andoainen geldialdiak eginez.

Joaneko autobusak 15:00retan abiatuko dira, bata Alegiatik eta bestea, Asteasutik. Dagozkien geldialdiak egin ondoren, 15:40rako Ilunbera iristea aurreikusten dute antolatzaileek. Ilunbeko ateak, berriz, 15:30etan zabalduko dira, jendea denborarekin lekua hartzera joan dadin. Itzulerako autobusa berriz, finala amaitu eta 30 minutura abiatuko da Ilunbetik. Itzultzerakoan ere, autobus bakoitzak joaneko bidaian egindako geldialdi berdinak egingo ditu.

Autobus horietan joan ahal izateko, Harituz taldeak hainbat lekutan jarri ditu eskuragarri izen-emate zerrendak. Tolosaldeko autobusari dagokionez, Alegiako kultur etxean, Tolosan dagoen Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen bulegoan eta Anoetako eta Irurako liburutegietan eman ahal izango da izena. Aiztondoko autobusari dagokionez, berriz, Asteasuko kultur etxea, Zizurkilgo Iriarte jatetxea, Amasa-Villabonako Amasa kafetegia eta Andoaingo Ernaitza liburudenda izango dira izen-emate puntuak. Beste aukera harituz.bzt@gmail.com helbide elektronikora mezu bat idaztea izango da edota 628 912 230 telefono zenbakira deituz erreserba egitea. 10 euro balio du autobusean joateko txartelak.

HARITUZek eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak finalera autobusez joateko gomendioa egiten diete bertsozaleei, izan ere, egun berean Errealaren eta Bartzelonaren arteko futbol partida izango da Reale Arena futbol zelaian eta trafikoan eragozpenak egotea espero da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!