Joseba Urretabizkaia argazkilariaren irudiek osatzen dute Gorka Garmendiaren liburua. Urte luzetako ikerlanaren emaitza biltzen du lanak, oso edizio zainduan.
Zer kontatzen duzu 'BA, edo munduen arteko oreka' liburuan?
Arkeologia munduan, museoetan..., asko ibilia naiz; bai estatu mailan baita nazioartean ere. Jakinmin berezia sentitu izan dut hizkuntza zaharrekiko; iberikoa, tartesikoa, etruskoa... Bide horretan, euskararen inguruko teoria bat osatu dut. Beste hizkuntza zahar batzuekin gertatzen den moduan, euskaran ere, letra bakoitzak esanahi bat duela pentsatzen dut. Garai hartako beste hizkuntzek sistema hori bazuten, litekeena da euskarak ere hala izatea.
Eta, zein da euskararen inguruko teoria hori?
Euskara ezberdinak daude; hika, zuka, berorika, edota usiaka hitz egin daiteke. Badago, ordea, beste euskara bat, emakumeek erabiltzen zutena; hizkuntza sakratua deitzen diot nik. Hizkuntza sakratu horretan bokalek eta kontsonanteek zentzu jakin bat dute. Esaterako, K hutsunea da. Horregatik Kobazuloa, Kupela, Kutxa, Kaikua..., guztiek dute hutsunea. Urte askotako ikerlana dago ondorio horren atzean. Konturatu nintzen, zenbait kontzeptu adierazteko, euskaraz nahikoak zirela bi letra: lo eta hil, esaterako. Horren atzean zerbait bazegoela pentsatu nuen. Geldirik dauden gauza guztiek L dute. Pixkanaka, letra guztien esanahia aurkitzen joan naiz, nire teoria garatu ahal izateko. Ez naiz linguista eta ezin dut teoria liburu bat argitaratu gai horren inguruan. Horregatik idatzi nuen 'BA, edo munduen arteko oreka'.
Euskal emakumeen aldeko aldarria egiten du, beraz, zure liburuak. Zein izan da euskal emakumeen papera?
Gaztelako erreinua Nafarroako erreinura sartu zenean, emakume boteretsuak aurkitu zituen bertan; hizkuntza berezia mantentzen zutenak, erlijio zaharra eta boterea zituztenak. Hori guztia suntsitu nahi izan zuten. Herejeak zirela esan eta desagertarazi egin zituzten emakume indartsu haiek. Emakumeak hiltzeaz gain, haien lurrak eta baserriak bereganatu zituzten. Sorginen inguruan hitz egiten dugunean, emakume zahar, tximaluze eta itsusiak etortzen zaizkigu burura. Hori salatu nahi nuen. Emakume haiek gazteak ziren, indartsuak, milaka urtetako jakinduria biltzen zutenak. Belarretan adituak ziren, emaginak, erlijio zaharreko erritualak gidatzen zituzten... Hori guztia ere kontatzen du BA liburuak.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
- Zizurkil: Ogi-zuri okindegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.