Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2019

Jon Maiak irabazi du Tolosako azken finalaurrekoa, Oihana Iguaran bigarren izan da

Aiurri 2019ko abe. 1a, 21:32

Oihana Iguaran, Jon Maiarekin kantuan. Argazkia: Bertsozale Elkartea.

Tolosako Usabal kiroldegian jokatu da gaur arratsaldean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren hirugarren eta azken finalaurrekoa. Jon Maiak irabazi du saioa, Usabaldik Ilunberako zuzeneko txartela eskuratuz. Bigarren izan da Oihana Iguaran amasarra, bera ere finalerako sailkatuz.

Ondorengo sei bertsolariak aritu dira kantuan gaurkoan Tolosan: Oihana Iguaran Barandiaran, Jon Maia Soria, Jokin Uranga Isuskiza, Iban Urdangarin Lardizabal, Beñat Lizaso Alberdi eta Haritz Mujika Lasa.

Gaurko saioa irabazita, finalerako zuzeneko txartela lortu du Jon Maiak, saioan 494.5 puntu pilatuta. Hauek izan dira gaurko saioan bertsolariek lortutako puntuazioak:

  1. Jon Maia Soria...........................494.5
  2. Oihana Iguaran Barandiaran....471
  3. Beñat Lizaso Alberdi.................469.5
  4. Jokin Uranga Isuskiza..............456.5
  5. Iban Urdangarin Lardizabal.....444
  6. Haritz Mujika Lasa……………....…432

Gaurko saioan Saroi Jauregi Aiestaranek egin ditu aurkezle lanak. Epaimahaia, berriz, hurrengoek osatu dute: Aitor Gereñu Agirre, Eneritz Azkue Basurko, Leire Beloki Lizarralde, Mikel Lersundi Ayestaran eta Mikel Urteaga Azkue. Idazkari lanetan Ane Errazkin Aranburu eta Joxemari Altuna Berridi aritu dira.

Finala
Tolosako finalaurrekoa jokatuta, erabakita geratu da nortzuk izango diren finalean kantatuko duten bertsolariak:

  • Agin Laburu Rezola (Arrasateko irabazlea)
  • Beñat Gaztelumendi Arandia (Oiartzungo irabazlea)
  • Jon Maia Soria (Tolosako irabazlea)
  • Alaia Martin Etxebeste (puntuazioz lehenengoa)
  • Ane Labaka Mayoz (puntuazioz bigarrena)
  • Oihana Iguaran Barandiaran (puntuazioz hirugarrena)
  • Beñat Lizaso Alberdi (puntuazioz laugarrena)
  • Nerea Elustondo Plazaola (puntuazioz bosgarrena)

Finala abenduaren 14an jokatuko da, 17:00etan, Donostia Arenan (Ilunbe). Finaleko ateak 15:30ean zabalduko dira.

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!