Oihana Iguaranek abenduaren 14ko finalean abestuko du

Ainhoa Arozena 2019ko abe. 3a, 12:43
Haritz Mujika eta Oihana Iguaran, puntuka kantuan.

Joan zen igandean jokatu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa, Tolosako Usabal kiroldegian. Sarrerak astebete lehenago agortuta, 1500 bertsozale bildu zen guztira.

494,5 puntu pilatuta, Jon Maiak irabazi zuen saioa eta ondorioz, Usabaldik Illunberako zuzeneko txartela eskuratu zuen. Bigarren izan zen Oihana Iguaran amasarra, 471 punturekin, eta finalerako sailkatu zen bera ere. Tolosako saioan 469,5 punturekin hirugarren eginda, finalera igarotzea lortu zuen Beñat Lizasok ere. 
Laugarren geratu zen Jokin Uranga (456.5 puntu), bosgarren Iban Urdangarin (444 puntu) eta seigarren egin zuen Haritz Mujika asteasuarrak, 432 puntu eskuratuta. Finaletik kanpo, baina ateetaraino iritsita. 

Gora eta behera
Hamarreko handian Iban Urdangarinekin batera ekin zion saioari Haritz Mujikak. Semeari panpina-kotxea oparitu ondoren, nesken oparia zelakoan, ezkutatzea erabaki zuten gurasoen paperean. Motorrak berotzea kosta, ariketa horretan jaso zuten saioko puntuaziorik baxuena.
Baina bigarren ariketan, zortziko txikian, saio umoretsu eta polita eskaini zuen Haritz Mujikak, Jokin Urangarekin batera. Jokin kiroldegira goizeko 06:00etan joaten zen, lanera joan aurretik korrika egitera. Baina Haritz jubilatuak aurrea hartu eta zinta okupatu zion. "Eguna libre eukita zabiltza benetan, nola etortzen zara goizeko seietan?" galdegin zion Jokinek, eta asteasuarrak, "goizeko seietan jaikitzea da nire pasioa, gogorra egiten zait jubilazioa" erantzun zion. 

Ariketa guztien artean, seiko puntuko motzean eskuratu zuen Haritzek puntu gehien. Jon Maiarekin batera aritu zen. Alderdi bereko bi politikari ziren. Hauteskundeak irabazi eta boterera iritsita, ez zituzten agindutako puntu asko bete. "Zuek segi horren ondo, zuen gezur zuen tongo, baino ni ez naiz lau urte barru, zerrendan egongo", esanaz amaitu zuen. 

Oihana Iguaranekin batera aritu zen puntuka hegaldi luze baten baitan, komunera joan nahi eta ondokoa lo zegoelako altxatu ezin zuen bidaiariaren lekuan. "Orain bost minututik pixagurez nago... Ta gainean egiten badegu akabo!", abestuz hasi zen. Behera egin zuen puntuka, berriz puntuazioan. 

Eta kartzelakoan ere, ondo aritu arren, ez zen nabarmendu. Hauxe gaia: "Telefonoak jo du. Begiratu duzu eta berriz zenbaki bera da". Bikote harremana bukatu ondoren, behin eta berriz deika ari zitzaion pertsonari abestu zion, "aurrerantzean bizitza on bat, opa nahi dizut maitea, ta espero det zuk niri ere, hori opa izatea" amaitu zuen.

Gora eta gora
Oihana Iguaran ere lehen ariketan aritu zen apalen. Jon Maiarekin batera abestu zuen hamarreko handian. Abokatuak ziren, torturatzaile batek bere delitua aitortu zien arren, epaiketan hura defendatzea erabaki zutenak. 

Hortik aurrera, goruntz egin zuen amasarrak. Ederki aritu zen zortziko txikian, Beñat Lizasorekin batera: bikote ziren eta proba egiteko, haien datuak sartu zituzten ligatzeko aplikazio batean. %5eko bateragarritasuna zutela atera zitzaien. "Arazo bat daukagu, jaisten baldin bada", aurreratu zion azken bertsoan Beñatek. "Aplikazio hori lehendikan sobra zen, itzali mobila ta gu piztu gaitezen", erantzun Oihanak.

Sei puntuko motzean Jokin Urangarekin batera aritu zen kantuan. Oihana gurasoa zen eta Jokin semea. Gabon gaua bikotekidearen familiarekin igaroko zuela esan zion semeak amari. Oihanak, "nahiz utzi nauzun aparte, osasuna den bitarte, izan nahi nuke sortuko duzun familiko parte", esanaz amaitu zuen bertsoaldia. Ariketa honetan jaso zuen  puntu gehien, 100 puntu guztira .

Puntutan ere eutsi egin zion mailari, Haritzekin batera eginiko hegaldi luzean. "Bakarrik falta dira sei ordu ta erdi... Eta zeruan ez da restopik ageri", bere bigarren bertsoaldia.

Kartzelakoan ere hiru bertso eder abestu zituen, amaitutako harreman batetik abiatuta. Hauxe bigarren bertsoa: 

Behin haserretu ta sareetan
bota zuen deiadarra
nik behin bidali omen nizkion
argazkiak barra-barra
zabaldu ziren mila taldetan
ta pentsa ze ezbeharra
babes pixka bat jaso nuen ta
hargatik daukat indarra
barkamen eske hasi zen baina
hortarako ere koldarra
beregan inoiz sinistu izana
da dedan damu bakarra (bis).

Lan ederrak
Kartzelako lanen artean, Jon Maiaren lana izan zen txalotuena eta baita puntu gehien eskuratu zuena ere. "Maitasuna eman nahi dit, ta ez du eman nahi amore" esanaz amaitu zuen lehen bertsoa. "Hainbeste eman zidan hari, zergatik ukatu hitza", esanaz azkena. 

Beñat Lizasok lanean mugikorra erabili ezin, baina hirugarren aldiz emaztearen deia ikusitakoan, araua baztertu eta deitzea erabaki zuen. Hirugarrenez aita izango zela jakin zuen orduan eta lana utzita, etxera joan zen.

Jokin Urangak, espetxetik alaba atera zitzaion 87 urteko gizonaren azalean abestu zuen. Iban Urdangarinek, berriz, ordu txikitan alkateak deitu zion udaltzainaren paperetik, umoretsu. 

Finala
Tolosako azken finalaurrekoa jokatuta, erabakita geratu da Illunbeko finalean abestuko duten bertsolarien zerrenda:

1.- Agin Laburu Rezola 
 (Arrasateko irabazlea)
2.- Beñat Gaztelumendi Arandia
 (Oiartzungo irabazlea)
3.- Jon Maia Soria 
 (Tolosako irabazlea)
4.- Alaia Martin Etxebeste 
 (puntuazioz lehenengoa)
5.- Ane Labaka Mayoz 
 (puntuazioz bigarrena)
6.- Oihana Iguaran Barandiaran
 (puntuazioz hirugarrena)
7.- Beñat Lizaso Alberdi
 (puntuazioz laugarrena)
8.- Nerea Elustondo Plazaola 
 (puntuazioz bosgarrena)

Finala abenduaren 14an jokatuko da, Donostia Arenan (Illunbe), arratsaldeko 17:00etan hasita. Finaleko ateak 15:30ean zabalduko dira. 
Bertsosarrerak.eus gunean sarrerak erosteko aukera abenduaren 14an 13:00etan amaituko da. Sarrerak aurrez agortzen ez badira, egunean 15:00etan zabalduko da txarteldegia. Aretoko ateak, bestalde, 15:30ean zabalduko dituzte.

Autobus zerbitzua, Beterri-Aiztondotik Donostiara
Abenduaren 14an Ilunbera gerturatzeko autobusa antolatu du Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak. Txartelak 10 eurotan jarri dituzte salgai eskualdeko herrietan.

  • Amasa-Villabona: Amasa kafetegian.
  • Zizurkil: Iriarte jatetxean.
  • Asteasu: Kultur etxean.
  • Andoain: Ernaitza liburu-dendan.

Txartelak ondorengo bideak baliatuta ere eskura daitezke:

  • harituz.bzt@gmail.com helbide elektronikoa.
  • 628 912 230 telefono zenbakia.
  • bertsosarrerak.eus gunea.

Autobusa Asteasutik abiatuko da, 15:00etan autobus geltokitik. Zizurkilera 15:05etan iritsiko da Oria fabrika pareko geltokira; handik Villabonako Elduaien Hizkuntza Eskolaren aurrean egingo du geldialdia. 15:15etan Andoaingo Txoperako geltokira iritsiko da. Itzulera ordua, berriz, finala amaitu eta orduerdira izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!