Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2019

Bertsolariak prest, larunbateko finalerako

Aiurri 2019ko abe. 10a, 11:53

Finalean abestuko duten zortzi bertsolariak, gaur San Telmon egin den aurkezpenean. Argazkia: Bertsozale Elkartea.

2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa larunbatean amaituko da, Donostia Arenan (Illunben) jokatuko den finalarekin. Gaur izan da finalaren prentsaurrekoa Donostiako San Telmo museoan. Bertan izan dira zortzi finalistak, Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariarekin eta Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura eta Euskarako zinegotziarekin.

Larunbatean beteko dira hiru hilabete 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Oñatin abiatu zela. 15 saioren ondoren, Donostian jokatuko den finalarekin amaituko da txapelketa. Gaur aurkeztu da finala eta bertan izan dira, azalpenak ematen, Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria, Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura eta Euskarako zinegotzia eta zortzi finalistak: Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Ane Labaka Mayoz, Beñat Gaztelumendi Arandia, Beñat Lizaso Alberdi, Jon Maia Soria, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran.

Finala 17:00etan hasiko da, Donostia Arena (Illunbe) aretoan. Ion Zalduak eta Itziar Etxezarretak egingo dituzte aurkezle lanak larunbatean. Bertsolarien lana epaitzen sei epaile hauek arituko dira: Amaia Otxotorena Gamio, Eneritz Azkue Basurko, Maite Sukia Olano, Mikel Beloki Urkizu, Mikel Lersundi Ayestaran eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkari lanetan, berriz, Joxemari Altuna Berridi, Silvia Etxaniz Alberdi eta Gorka Segurola Dorronsoro.

Egin beharreko lanak
Finalaren lehen zatian, zortzi bertsolariek 15na bertso puntuagarri abestu beharko dituzte:

  • Binaka, gaia emanda, zortziko handian, hiruna bertso.
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso.
  • Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian, hiruna bertso.
  • Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso.
  • Bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Lehen zati horretan puntuazio altuena lortzen duten bi bertsolariak pasako dira bigarren atalera eta beste 10 bertso puntuagarri abestu beharko dituzte:

  • Binaka, gaia emanda, sei puntuko motzean, hiruna bertso.
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.
  • Kartzelako lana: gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Saio guztiko puntuazioak, hau da, bi ataletakoak batuko dira, azkenean, txapelduna erabakitzeko.

Xabier Gaztelumendik jantziko dio txapela 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irabazleari.

Sarrerak
Finaleko sarrerak larunbat eguerdiko 13:00ak  arte erosi ahal izango dira www.bertsosarrerak.eus webgunean. Sarrera guztiak agortu ez badira, 15:00etan irekiko da txarteldegia, larunbatean. Ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek prezio berezia dute sarreran, 18 euro. Gaztetxoen sarrerak (6-16 urte) 12 euro balio ditu eta sarrera arruntak 24 euro.

Sarbideak eta oharrak
Larunbatean, 16:00etan, Anoetan Realaren eta Bartzelonaren arteko futbol partida dago eta Amaran eta Donostia Arenako inguruetan jendetza handia eta autoak aparkatzeko zailtasun handiak izango direla aurreikusten da. Horregatik, antolakuntzak Donostia Arenara garaiz eta garraio publikoan gerturatzeko aholkua ematen die bertsozaleei.

Donostia Arenako ateak 15:30ean irekiko dira. Donostia Arenako inguruan, sarbide eremu bat kokatuko du antolakuntzak. Aretoaren bi aldeetatik sartu ahal izango dute bertsozaleek eremu horretara, eta, behin barruan, aretora sartzeko 2, 1, 10 eta 10 atearen inguruko eskailerak erabili ahal izango dituzte. 2, 1 eta 10 ateak harmailetara joateko; 10 atearen bi aldeetara dauden eskailerak, berriz, pistara joateko. Eremuaren barrura sartuta, nahi duten lekuan kokatu ahal izango dute bertsozaleek.

Mugikortasun arazoak dituzten pertsonen beharrak behar bezala kudeatzeko (irismena, aretoko kokapena...), joango direla aurrez antolakuntzari abisatzeko eskaria egiten da, gipuzkoakotxapelketa@bertsozale.eus helbidearen eta 943670575 telefono zenbakiaren bidez.

Finala, telebistaz zein internetez
Larunbatean Ilunbera joateko aukerarik ez duenak ere zuzenean jarraitu ahal izango du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala. ETB4 kateak osorik eskainiko du finala zuzenean. ETB1ek, berriz, gaueko albistegien ondoren egingo du bat finalarekin. Internet bidez, www.eitb.eus eta www.bertsoa.eus atarietan ere emitituko dute Ilaski Serranok eta Martin Aramendik aurkeztuko duten emanaldia.

Igandean, berriz, Hitzetik Hortzera berezia prestatuko dute finaleko bertsoaldi onenekin eta txapeldunaren hitzekin. Saioa arratsaldeko 15:00etan emango dute ETB1en.

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!