Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa iritsi da bukaerara. 6.000 lagun bildu dira gaur arratsaldean Donostia Arenan (Illunbe) bertsolarien lanaz gozatzera. Finalistak Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Ane Labaka Mayoz, Beñat Gaztelumendi Arandia, Beñat Lizaso Alberdi, Jon Maia Soria, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran izan dira.
Hainbat ariketa egin dituzte bertsolariek lehenengo atalean, eta zati hori bukatuta Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi sailkatu dira bigarren atalera, buruz-burukoa jokatzera. Azkenean, Gaztelumendik jantzi du txapela.
Horrela geratu da sailkapena:
- Beñat Gaztelumendi Arandia.......... 940,5
- Agin Laburu Rezola.......................... 916
- Alaia Martin Etxebeste..................... 576
- Nerea Elustondo Plazaola............... 565,5
- Oihana Iguaran Barandiaran........... 560
- Ane Labaka Mayoz.......................... 552
- Beñat Lizaso Alberdi....................... 541
- Jon Maia Soria................................. 533
Gai emaile eta aurkezle lanetan Ion Zaldua Brit eta Itziar Etxezarreta Arakistain aritu dira. Epaimahaia, aldiz, hurrengoek osatu dute: Amaia Otxotorena Gamio, Eneritz Azkue Basurko, Maite Sukia Olano, Mikel Beloki Urkizu, Mikel Lersundi Ayestaran eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkari lanetan Joxemari Altuna Berridi, Silvia Etxaniz Alberdi eta Gorka Segurola Dorronsoro aritu dira.
Sari banaketan, Bertsozale Elkarteari lotutako pertsonak
Txapeldunari Xabier Gaztelumendik jantzi dio txapela. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak urte luzetan Bertsozale Elkartean egindako borondatezko lan isila aitortu eta eskertu nahi izan dio Xabierri keinu honekin.
Irabazleari txapela jantzi aurretik, ordea, oroigarri bana jaso du finalista bakoitzak Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen eskutik. Lau lagunek eman dituzte sariak. Saroi Jauregik Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak; Xabi Igoa Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldekoak; aurten Pello Errota eta Mikaela Elizegi bertsolari asteasuarrak omendu ditu txapelketak, eta Mikaela Kortajarenak, Mikaela Elizegi bertsolari asteasuarraren bilobak eman ditu beste sari bi; eta bestetik, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabazi zuen Karidadeko Benta taldeko Unai Mendizabalek eta Igotz Alkortak eman dituzte sariak.