Lan, pentsio, bizitza duina

Eskubide sozialen Karta 2020ko urt. 8a, 07:51

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileek Barakaldoko BECen bildu gara datozen urteetako erronka berriak finkatzeko eta urtarrilaren 30an eginen den greba orokorrari bultzada bat emateko.

Lan munduaren egiturazko prekarietatearen aurrean, pentsioen murrizketaren aurrean eta bizitzaren sostengagarritasuna arriskuan jartzen duten neurrien aurrean, mezu argi bat daukagu: Lan, pentsio eta bizi duinak! Pentsiodunen mugimenduaren deiari erantzunez deitu dugu Greba Orokorra. Bi urtez kalean egon eta gero, jauzi kualitatibo bat emateko beharra planteatu du mugimenduak, borroka horren alde beste kolektibo batzuk batzera deituz.

Borroka eta aldarrikapen horiek gure egiten ditugu, eta, gainera, Greba Orokorraren bidez bestelako aldarrikapenak ere ekarri nahi ditugu mahai gainera. Lan baldintzak duintzeko neurriak eskatzen ditugu: lanaldia 35 ordura jaistea, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, soldata-arrakala amaitzea nahiz azpikontratazioetan enplegua eta lan baldintzak bermatzea. Egun ukatuak zaizkigun eskubide sozialak aitortzea eskatzen dugu: etxebizitza eskubide bat izateko neurri eraginkorrak hartzea, menpekotasun egoera guztiei erantzun egokia ematea zerbitzu sozialen sistema publiko, unibertsal eta doakoaren bidez… bizitza erdigunean jartzeko zaintza lanak ikusarazi, aitortu, bermatu eta duintzea eskatzen dugu.

Garaia da azken urteetan murrizketekin kendu diguten guztia berreskuratzeko eta aldaketa sozialaren norabidean aurrera urratsak emateko. Pentsio, lan-baldintza eta bizitza duinak nahi ditugu, eta horregatik borrokan jarraituko dugu planeta suntsitzen ari den sistema ekonomiko eta sozial kapitalista, neoliberal eta patriarkal honen aurka. Bide honetan batera ekiteko garaia dugu, bat eginik: langileak eta mugimendu sindikala, pentsiodunak, mugimendu feminista, gazteak, ikasleak, mugimendu ekologista, eskubide sozialen aldeko eragileak, arrazakeriaren aurkakoak, bestelako eredu bat eraikitzeko alternatibak garatzen ari garenak… denok batera antolatu gaitezen lantokietan eta eskualdez eskualde greba komiteetan, eta mobilizatu gaitezen urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!