Eguerdian izan da txotx denboraldi berriaren aurkezpena Astigarragako sagardoetxean. Bertan izan dira Izaro Andres aurtengo gonbidatua, Xabier Urdangarin Astigarragako alkatea, Imanol Lasa Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurune diputatua, Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko gerentea, Peli Manterola Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industria zuzendaria, Nere Lizeaga Sagardoaren Lurraldeko sagardogileen ordezkaria. Horiek guztiek sagarraren, sagardo berriaren eta uztaren ezaugarriak azaldu dituzte.
Astigarragako alkatea pozik agertu da txotx denboraldi berriaren agerraldira, eta adierazi duenez: "Hogeita zazpigarrenez sagardo berriaren eguna da gaur, eta hasiera emango zaio txotx denboraldiari. Bereziki eskerrak eman nahi dizkiet Astigarragako elkarteei. Santa Ana eguna, sagar uzta, sagardo berriaren eguna... bere garaian baserrietan, sagardotegietan zeuden tresna zaharrak bildu, jaso, sagardoetxea... Seguruasko hori ez zen posible izango herriko elkarteek egin duten lana egin ez balute. Iruditzen zait Astigarragako herriak ibilbide luzea egin duela sagardogintzaren kultura bultatzen, eta bide horretan ezinbestekoak izan dira elkarteak".
Bigarrenik, Imanol Lasa Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurune diputatuak hartu du hitza, eta euskal sagarrondoak edukitzen jarraitzeko aldunditik hartu dituzten neurriak azaldu ditu. "Ia 300.000 euroko kopurua jartzen dugu. Bertako sagarrarekin egindako sagardoaren portzentajea igotzen ari da. Egun %33koa da eta legealdi amaierarako ehuneko hori 100etik gertu egotea da gure asmoa". Iaz 11.000 sagarrondo landatu zirela gehitu du Lasak eta azpimarra jarri nahi izan du elkarlanean ari direla lanean elkarteak, sagardotegiak eta erakundeak.
Euskal Sagardoaren jatorri izendapeneko laugarren uzta izan da aurtengoa eta xehetasun gehiago Unai Agirrek eman ditu. "Euskal sagardorako bost milioi kilo sagar erabili dira hiru milioi litro sagardo egin dira 2019ko uztan. 48 sagardotegik egin dituzte hiru milioi litro horiek. Ez da hemengo sagar guztia erabiltzen euskal sagardorako, berme batzuk eskatzen direlako. Egun 480 hektarea ditugu egun, eta horiez gain hektarea berriak ere baditugu diru-laguntzei esker. Ondoren, sagardo litro horiek saldu egin behar dira, eta kalitatezko produktua den neurrian bere moduan saldu behar da, eta horretan ari gara lanean. Gipuzkoako Foru Aldundiak sagarrean laguntza ematen digu ,eta Eusko Jaurlaritzak, berriz, produktuari dagokion promozioan".
Bestalde, jendeak sagardoa beste era batera kontsumitzeko aukeran ari dira lanean sagardoaren sektoreko zenbait elkarte. Modu horretan, tabernatan eta jatetxeetan euskal sagardo ezberdinen aukera izan nahi da, euskal sagardoen karta edukiz norberak aukeratu dezan nahi duen sagardoa.
Peli Manterola Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industria zuzendariak dio sagardoa ez dela beste produktu bat gehiago, sagardoaren atzetik "identitate bat, kultura bat, hizkuntza bat" daudela. Eta Europan barrena zabaltzeko lanean ari direla gehitu du, esaterako, Frankfurten apirilean ospatuko den azokan.
Azkenik, Sagardoaren Lurraldeko sagardogileen ordezkaria den Nere Lizeagak sagardo berriaren ezaugarriak azaldu ditu: "Hemeretzi urtez jarraian Fruitelek eta Sagardoaren Lurraldeak sagarraren heldutasunaren inguruko dokumentua osatu dute. Hamalau barietate aztertu dira Gipuzkoako hainbat sagastietan, bai kostaldekoetan eta bai barnealdekoetan. Heldutasun maila aurreko urteari dagokionez pittin bat atzeratuago etorri da, azukre gutxiagorekin, alkohol gutxiagoko sagardoa edukiko dugu eta almidoian ere erregresioa igarri dugu".
Amaieran, Izaroren 'Limones en invierno' lan berriko Paris' kantuaren bideokliparen zati bat ipini dute, eta ondoren berak hartu du hitza adieraziz berarentzat txotx denboraldia irekitzea "ohorea" dela adierazi du, eta aldi berean paradoxa ere bai. Izan ere, alkoholik ez duela edaten aitortu du. Hala ere, entrenatuta etorri dela esan du kuadrilakoen laguntzaz. Ondoren, sagardoetxeko sagastian Goikoetxea barietateko sagarrondoa landatu du Izarok.
Txotx irekiera Alorrenean
Txistularien eta dantzarien konpainian sartu da Izaro Alorrenean sagardotegira. Sagar dantza eskaini diote, eta elkarri eskua emaneaz, sartu dira guztiak sagardotegira. Abeslari bizkaitarrari dantza saioa eskaini ostean, Izaro kupelera joan eta txooootx egiteari ekin dio esanez "Gure sagardo berria". Ondoren, bazkaria eduki dute bertaratu direnekin batera.