Ekonomia sozialean sakontzeko formakuntza

Idoia Telleria, Xabier Lertxundi, Arianne Kareaga eta Nerea Yurrebaso.

Iturola Eraldaketa Soziala helburu duten esperientzia sozioekonomikoen bilgunea da, Hernanin egoitza duena. Beterri-Buruntzako ekintzaile eta eragileen artean sareak ehundu, eta ideia, zerbitzu eta ezagutzen elkar-trukea sustatzea du xede nagusi.

Ekintzaile sozialei begira formakuntza eskaintzen hasi dira Iturolan, KoopFabrikaren eskutik. Ostegun honetan, esaterako, "Ekonomia sozial eraldatzailea eta tokiko ggarapena" izenburupean formakuntza eskainiko dute Imanol Esnaolak eta Beñat Irasuegik. Martxoaren amaiera bitarte beste hamar bat formakuntza saio eskainiko dituzte. Informazio osoa koopfabrika.eus webgunean aurki daiteke.

Astelehen arratsaldean aurkezpen instituzionala egin zuten. Bertan izan  ziren Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea, Arianne Kareaga KoopFabrikako koordinatzailea, Nerea Yurrebaso Beterri Buruntza Udaletako kidea eta Idoia Telleria ekintzailea.

Nerea Yurrebaso Beterri Buruntzako ordezkari gisa

Aurkezpen ekitaldian ekintzaileei dei egin zien, formakuntzaan zehar ikasitakoarekin jendarteari ekarpen bat egitera, horretarako beharrezko izango dituzten jakintza, baliabide eta babesa aurkituko dituztelakoan. Horrez gain, 2014ean burutako lehenengo edizio hartatik gaur arte KoopFabrikak emandako fruitu batzuk gogora ekarri zituen Yurrebasok, urte hauetan zehar hogeita hamar proiektu inguruk jaso baitute laguntza. Berroigeta hamar lanpostu inguru sortu dira KoopFabrikatik pasatako proiektuetan.

Arianne Kareagak eragile ezberdinek emandako laguntza eskertu zuen, elkarlanean jarraitzeko asmoa azaltzearekin batera.

"Hernaniko Udalarentzat ohore bat da", adierazi zuen Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak. Ekonomia Sozial eta Eraldatzailea da Hernaniko Udalarentzat administrazio publikotik sustatu nahi den eredu sozioekonomikoa. Bere aburuz, hori baita herri eta lurraldeen garapena ahalik eta modu justu, jasangarri eta parekidean ematen dela bermatzen duen eredua.

Formakuntza saioetara agertzeko aukera

Datozen bi hilabeteetan eskainiko diren formazio saioren batean parte hartu nahi izan ezkero oraindik izen ematea irekita dago koopfabrika.eus webgunean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!