Asteburuan, eskualdean zer?

Aiurri 2020ko ots. 7a, 10:34

Ekitaldiz beteta dator asteburua eskualdera. Andoainen, Piano Jaialdia eta Axerien puska biltzea izango dira. Gainerako herrietan, musika, kultura, kirola..., asteburuaz gozatzeko aukera zabala.

ANDOAIN

  • Piano Jaialdia izarra izango da asteburuan Andoainen. Euskal Herriko hainbat txokotatik gerturatutako haur eta gaztetxoek estilo ezberdinetako obrak eskainiko dituzte, bakarka, lau-eskutara edo sei-eskutara. Larunbata eta igandean, piano-jotzailez beteko da Bastero Kulturgunea.
    Giroa berotzeko, Francisco Escudero kontserbatorioko orkestra sinfonikoak emanaldi berezia eskainiko du gaur, ostirala, 19:15ean hasita. Zabaltzeko, Luis Fraca musikariaren 'Andoain' pieza eskainiko dute. Gonbidapena behar da sartu ahal izateko.

  • Larunbatean, otsailak 8, Inauteri giroa hasiko dira pizten Andoainen. Goiburuko baserri eta etxeetan barrena Axerien puska biltzea egingo dute; umore ona, musika, dantza eta aspaldiko usadioa, eskutik helduta.

  • Kirol eskaintzari dagokionez, Andoaingo Euskalduna elkarteak Donibane eta Behobia arteko ibilaldia antolatu du iganderako. 

AMASA-VILLABONA

  • Musika izango da gaur gauean -otsailak 7- protagonista Villabonan ere. Sahrijai kultur taldeak Aljibe gauak abiarazi ditu berriz ere, eta gaur, Xabi Solano eta Zigor DZ arituko dira. 22:30ean hasita, Aljibean. Sarrera: 5 euro.
  • Kirola egiteko aukera ere izango da, noski. Pilota goxua modalitateko partidak izango dira ikusgai larunbatean Villabonako Bearzana pilotalekuan. Laboral Kutxa Emakume Master Cup: Eskuz binaka 2020 txapelketako aurrekanporaketak izango dira, pilota goxuarekin.

    Guztira lau partida jokatuko dira: 1.- Adriana Salat - Miriam Ballesta // Nerea Sagarna - Haizea Marijuan. 2.- Maialen Magunagoitia - Ione Mateo // Arantxa Arratibel - Aisha Etxeberria. 3.- Amaia Zarrabeitia - Izarne Oiarzabal // Aizane Ibarrola - Eider Zubizarreta. 4.- Aiora Armendariz - Haizea Salanueva // Nagore - Leire Galeano.

    Giroa berotzeko, 'Las pelotaris' film laburra eskainiko da ostiralean -otsailak 7- Gurea antzokian, 19:00etan hasita. Ondoren, solasaldia izango da Anne Maiza eta Miriam Arrillaga pilotariekin.
  • Villabonako Aizkardi mendi taldeak irteera antolatu du igandean, Arantzara. Ekaitza eta Mendaur tontorrak zapaldu ondoren, Arantzara itzuliko dira mendizaleak. Abiatzeko, 07:00etan elkartuko dira Olaederra kiroldegian.

  • Gurea antzokian, bestalde, '1917' filma izango da ikusgai asteburu honetan eta haurrei zuzendtudako eskaintzari dagokionez,  'Operacion Panda' izango dute gozagarri. Andoainen, ez da zinerik izango, Piano jaialdia dela eta.

ZIZURKIL

  • Zizurkilen, larunbata izango da 'Ama hizkuntzaren kantuak eta kontuak' erakusketa bisitatzeko azken eguna. Herriko haurrek etxetik jasotako kantu, esaera zahar, jolas, errezeta eta beste hainbat kontu ikus daitezke bertan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!