Lau urtetik behingo urtebetetzea

Ainhoa Arozena 2020ko ots. 29a, 09:15

Bisurtea edo urte bisustua, urtean 365 egun beharrean, 366 egun dituen urtea da. Lau urtez behin gertatzen da hori eta aurrekoa 2016. urtea izan bazen, aurtengoa, 2020a ere, bisurtea izango da. Ondorioz, otsailak 29 egun izango ditu, 28 beharrean.

Eta zergatik gertatzen den hori? Bada, urte bakoitzak ez dituelako 365 egun, 365,25 egun baizik eta desoreka hori orekatzeko, lau urtez behin egun bat eransten zaio urteari. Joxe Landa eguraldi-iragarleak, badu bisurtekoa zer den ederki azaltzen duen pasartea bere blogean, “bizi garen mundu hau bere buruaz biraka dabilen baloi baten formako bolatxo bat bezala da. Aldi berean eguzkiari biraka dabil. Egunean buelta bat bere buruari eta urtean bira osoa eguzkiari. Bira horiek ez dute justu-justu koadratzen elkarrekin. 24 ordu eta pikotxo bat bere buruarenean eta 365 buelta eta piko eguzkiaren bira osatzeko. Horrela piko horiek urtero konpontzen ibili beharrean, hiru urte 365 egunekoak eta laugarren urtea, bisiestoa deitzen zaiona, 366 egunekoa egiten da. Hala ere beste piko bat gelditzen dela eta 400 urtetik behin 367eguneko urtea izaten omen da”.

Otsailaren 29an jaiotako herritarrak
Beterri-Aiztondo bailaran ere badira, noski, otsailaren 29an jaiotako herritarrak. Jaiotzeko data berezia da, dudarik gabe. Urteen joanak arrastoak utzi arren, jaiotako egun berean behintzat, lau urtez behin gehitzen baitute urtea eta lau urtez behin ospatzen urtebetetzea.Izaskun Velasco andoainda-rra edota Lorea Etxeberria Zizurkilen bizi den erdi amasar eta erdi billabonatarra dira horietako batzuk. Jaioturtearen inguruan izandako bizipenen berri adierazi dute biek. Gainean da otsailaren 29a eta jende gehiagok zorionduko ditu aurtengoan. Aiurriko lankideon aldetik ere zorionk! Eta mila esker elkarrizketan parte hartzeagatik.

Zein da zure bisurteko adina?
Izaskun: Ez zait nire adina esatea gustatzen. Nik ere ez diot inori galdetzen.
Lorea: 14 urte beteko ditut berez, nahiz eta benetakoak 56 izan.
Alabek esan izan didate ni baino zaharragoak direla, 'nola hasiko zara, ba, zu agintzen?'.

Jaiotzeko data berezia da otsailaren 29a. Nola bizi duzu?
I.: Oso data berezia da, bai! Andoainen bizi naiz, baina tolosarra naiz jaiotzaz eta, umetan, eskolara joaten nintzenean,
adarra jotzen zidaten otsailaren 29an jaio izanagatik.
Horrez gain, bizilagunek 'bisiestina' esaten zidaten eta oso gaizki sentitzen nintzen ni. Gerora, urteak pasa ahala, egun
horretan jaiotakoak bereziak garela konturatu nintzen; oso egun berezian jaio ginela. Gurasoei, jaiotza agiria egitera
joan zirenean, otsailaren 28an edo martxoaren 1ean erregistratzeko esan omen zieten. Aitak, ezezkoa, otsailaren
29koa nintzela eta hala gorde behar zutela. Nortasun-agiria egiterakoanere hainbat arazo izan nuen. Berdin, 28an edo 1ean jarri nahi zidaten jaiotza eguna. Nik ezetz, jaio nintzen eguna jartzeko, horretarako eraman nuela familia-liburua.
Pozez esaten dut nik orain otsailaren 29an jaio nintzela. Izugarri gogoko dut egun horretan jaio izana. Umetan ez nuen halakorik esaten, baina otsailaren 29an jaiotzea oso berezia eta polita zela konturatu orduko, ez dut sekula ezkutatu izan.
Nire birraitona ere bisurtean jaiotakoa zen. Nik ez nuen ezagutu, baina aitak esaten zidan. Sekulako kasualitatea da familia berean, belaunaldi ezberdinetakoak izanagatik, bi kide otsailaren 29koak izatea.
L.: Egun berezia da, bai! Baina azken batean, berdin-berdin betetzen dira urteak. Beharbada umetan eragin gehiago dauka, ez baita oso ondo ulertzen zergatik ez daukazun urtero zure egunik. Gogoratu, ez naiz gogoratzen, baina 'nik ez al daukat urtero egunik?' galdera hori egingo nuela pentsatzen dut. Gero, opariak berdin jasotzen nituela konturatu nintzenean, ez zitzaidan hainbeste inportako. Gainerakoan ez dut bestelako arazorik izan, ezta inskribatzerakoan ere.

* Elkarrizketa osorik: Aiurri aldizkariaren 555 zenbakian.

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!