Ondorengoa, 'Zubiak eraikiz' ekimenaren baitan irakurri duten adierazpena:
Denok dakigun bezala, patriarkatuaren nahia emakumeok* banatzea, baztertzea, elkarren artean hasarreraztea izan da. Gure artean inbidia, gorrotoa eta ezin ikusia egon dadila.
Horrela, bakarka eta ahul menperatzen, erabiltzen eta erasotzen gaituzte errazago.
Baina jakin badakigu, ikusten eta sentitzen dugulako, emakumeok* batuta soilik berreskuratzen ditugula geure indarrak.
Ondokoa ez da lehiakidea, baizik eta adiskidea.
Gaur, emakumeon* giza kate honetan elkarren arteko zubiak luzatzen ditugu.
Ez du axola koloreak, hizkuntzak, identitate sexualak, ezta kulturak ere. Emakumeak* garela axola zaigu.
Eta hori da batzen gaituena.
Emakumeok*, gaur martxoaren 8an gurekin ez dauden eta bakarrik sentitzen diren emakumeekiko* enpatia eta ulerkortasun zubiak osatzen ditugu.
Gaur beldurra duten emakumeoi*, berdintasun ezean bizi garenoi, indarkeria pairatzen ari garen emakumeoi*, guztiongatik eta guztiontzat batzen gaituzte zubiek.
Laguntasun zubiak, ulerkortasun zubiak, komunikazio zubiak, laguntza zubiak, pozaren zubiak, batzen gaituzten zubiak...
Gaur mundu guztiko arraza eta adin desberdinetako emakumeok* batzen gara sororitate zubiak sortuz.
GORA BORROKA FEMINISTA!