Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeek —haur-eskolek, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek— eta unibertsitateek (EHU, Mondragon eta Deustuko campus-ak barne) ez dute eskola-jarduerarik izango. Eskolaz kanpoko jarduerarik ere ez da egingo.
Bi sailburuek adierazi dute jakitun direla horrelako erabakiek gizartean duten eraginaz eta familietan sortzen duten ziurgabetasunaz, baina nabarmendu dute salbuespenezko neurriak direla salbuespenezko egoera bati aurre egiteko, eta, adituek diotenez, ezinbestekoak direla COVID-19aren hedapena eragozteko.
Nekane Murgak azpimarratu du euste-neurriak direla. “Euskadiko haurrak osasuntsu daude, baina, euren ezaugarriengatik, birusa oso erraz transmititzen duen kolektiboa dira, eta beldurra da birusa haien etxeetara eraman ahal izatea, bertan pertsona kalteberak egon baitaitezke, eta horien osasunean, ordea, koronabirusak eragina izan baitezake”, argitu du.
Era berean, indarrean jarraitzen dute azken egunotan hartutako neurri guztiek. Izan ere, egoera aldakor honen testuinguruak behartu egiten du gomendioak egoera bakoitzera egokituz joatera. Nekane Murga sailburuak argi utzi du herritarren osasuna lehentasuna izan dela, dela eta izaten jarraituko duela.