Koronabirusa

"Klaseen etetean Gipuzkoa eta Bizkaia osora zabaltzea erabaki dugu"

Aiurri 2020ko mar. 12a, 14:22

Nekane Murga Osasun Sailak eskolen itxieraren iragarpena egin du, gaurko agerraldian. 

Osakidetzaren oharra:

"Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko lurralde osora eta Gipuzkoara ere zabaldu du ikastetxe guztietako eskolen etena, dagoeneko Araba eta Balmasedarako dekretatuta  zegoena. Nekane Murga Osasuneko sailburuak eta Cristina Uriarte Hezkuntzako sailburuak gaur eguerdian emandako prentsaurrekoan iragarri duten erabakia hartu da Bizkaian zein Gipuzkoan kasuak ugaritu egin direla ikusita, eta, aurretik Araban bezala, Euskadin koronabirusa ez zabaltzea du helburu.

Bada, bihartik aurrera, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeek —haur-eskolek, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek— eta unibertsitateek (EHU, Mondragon eta Deustuko campus-ak barne) ez dute eskola-jarduerarik izango. Eskolaz kanpoko jarduerarik ere ez da egingo.

Bi sailburuek adierazi dute jakitun direla horrelako erabakiek gizartean duten eraginaz eta familietan sortzen duten ziurgabetasunaz, baina nabarmendu dute salbuespenezko neurriak direla salbuespenezko egoera bati aurre egiteko, eta, adituek diotenez, ezinbestekoak direla COVID-19aren hedapena eragozteko.

Nekane Murgak azpimarratu du euste-neurriak direla. “Euskadiko  haurrak osasuntsu daude, baina, euren ezaugarriengatik, birusa oso erraz transmititzen duen kolektiboa dira, eta beldurra da birusa haien etxeetara eraman ahal izatea, bertan pertsona kalteberak egon baitaitezke, eta horien osasunean, ordea, koronabirusak eragina izan baitezake”, argitu du.   

Era berean, indarrean jarraitzen dute azken egunotan hartutako neurri guztiek. Izan ere, egoera aldakor honen testuinguruak behartu egiten du gomendioak egoera bakoitzera egokituz joatera. Nekane Murga sailburuak argi utzi du herritarren osasuna lehentasuna izan dela, dela eta izaten jarraituko duela".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!