Garbiketa
Aldundiko langileek Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezarritako higiene protokoloak bete beharko dituzte, administrazio honen jarduerari behar besteko bermeekin eutsi ahal izateko. Gainera, egunero garbituko dira foru erakundearen instalazioak; herritarren arretako bulego guztietan xaboi banagailuak jarriko dira; lehentasuna emango zaio arreta telematiko edo telefonikoari; jende asko pasatzen den guneak zainduko dira; eta Txaran, Gizarte Politiketako departamentua dagoen kokalekuan, balorazio guneetan garbiketa zorrotzagoa egingo da.
Lan egiteko modu alternatiboak
Behar bezala justifikatutako kasuetan, aurrez aurrekoak ez diren lan modalitateak onartuko dira, zerbitzu publikoen prestazioa bermatzeko helburuarekin. Horretarako, foru erakundea euskarri informatiko gehiago erosten ari da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzura dauden langileei lana eta familia bateragarri egiteko behar diren neurriak aplikatuko zaizkie, baldin eta beren ardurapean adingabeak edo mendeko adinekoak badituzte eta ikastetxeen edo adineko zentroen ixteak eragiten badie.
Behar bezala justifikatutako kasuetan, Aldundiko langileak hainbat lantokitan birkokatuko dira eta behar den kasuetan turnoak berrantolatuko dira, era horretan zerbitzu publikoak bermatu eta kontagioak ekiditeko. Bestalde, beharrezko neurriak hartuko dira Covid-19ren ondorioz isolamendu egoeran gertatzen diren Gipuzkoako Foru Aldundiko langileek ordainsarien ehuneko ehun jasotzen jarrai dezaten, egoera horretan dauden bitartean.
Errenta aitorpena
2019ko Errenta kanpainak aitorpena aurkezteko gainerako bi modalitateak mantenduko ditu: normaltasunez bidaliko zaizkie lurraldeko 200.000 zergaduni baino gehiagori autolikidazio proposamenak, eta Internet bidez errenta aurkezteko aukera egongo da, Zergabidea plataformaren bitartez.
Gipuzkoako foru Ogasunak errenta mekanizatua atzeratzea erabaki du (Ogasuneko bulegoetan errenta aitorpena aurkeztea) apirilean hasiko den 2019ko Errenta kanpainan, Covid-19 birusak eragin duen egoera normaldu arte. Neurriak Errenta kanpainan aurkezten diren aitorpenen %20ri eragiten dio, gutxi gorabehera.
Zergak
Enpresa txiki eta ertainei erraztasunak emateko konpromisoa agertu da. Gerorapenen muga handiko da eta, honela, aurre egiten nahi zaio finantza merkatuetan edota enpresa txiki eta ertainek jasan ditzaketen likidezia faltei.