Ez dago jakiterik koronabirusak eragindako krisiak zer nolako bilakaera izango duen, eta hortaz, komeriak dauzkate kultur programatzaileek eta kulturgileek erabakitzeko etorkizunean zer egin makina bat hitzaldi, musika kontzertu, antzerki emanaldi eta abarrekin.
Zenbaitetan, sarrerak aurrez salgai jarrita zeuden. Halaxe gertatu da, esate baterako, Andoaingo Gaztetxean Reincidentes eta Dientes de Luna taldekin Sare elkarteak antolatuta zeukan kontzertuarekin. Antolatzaileek ohar bidez jakinarazi dutenez, bi aukera jarri dizkiete sarrera aurrez erosita zeukaten musika zaleei: erosi den tokira joan eta han 8 euroak itzuliko zaizkie, edo bestela, sarreraren dirua senideentzat utzi ekarpen moduan, dispertsioak gastu handiak eragiten dituenez. Baterako zein besterako epea martxoaren 22an amaitzen da.
Halaber, kirol jarduerak ere denak bertan behera geratu dira, bai entrenamenduak eta baita neurketa ofizialak. Halaxe erabaki dute kiroletako federazioek eta kirol klub guztiek.