Koronabirusa

Babes zibilerako plana udalerrian

Aiurri 2020ko mar. 13a, 12:27

Larrialdi egoera deitu du Urkullu Lehendakariak, eta osasun emergentzia egoera horretan aginte gorena izango du EAE mailan. Ez ohiko egoeran, ez ohiko neurriak hartu ahal izango dira. Udalerri mailan nola eragingo du horrek? Jarraian, planak udalerrietarako bere baitan biltzen duena.

Hauxe dio legeak, 1. artikuluaren aurkezpenean: “Lege honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen jarduketak antolatzea eta koordinatzea larrialdien prebentzio eta kudeaketaren arloan. Jarduketa horien helburua izango da pertsonak, ondasunak eta ondare kolektiboa babestea arrisku kolektibo larri, hondamendi eta lazeria publikoko egoeren aurrean, eta, orobat, era bateko eta besteko zerbitzu eta operatiboen koordinazioa beharrezkoa den urgentziako edo larrialdiko beste kasu batzuetan”.

Udalerri mailan hauxe jasotzen du legeak bere 13. artikuluan:

1.– Udalerriek babes zibila ematen parte hartuko dute, haien eskumen-eremuan eta lege honen printzipioak errespetatuz. Honako hauek dagozkie:

  • a) Babes zibileko udal-egituraren eraketa bultzatzea.
  • b) Babes zibileko udal plana egin eta onartzea.
  • c) Babes zibilerako garrantzitsuak diren datuak biltzea eta jakitera ematea.
  • d) Babes zibileko udal planeko baliabide mugigarrien katalogoa egitea.
  • e) Aurreikuspen eta prebentzioko udal-programak egitea eta betearaztea, beste administrazioen programek adierazten dutenaren ildotik. Horretarako, biztanleria kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko kanpainak, autobabes-neurrien hedapena eta babes zibileko praktikak eta simulakroak egingo dira.
  • f) Udal-mugartean boluntarioen erakundeen eraketa bultzatzea.

2.– Lege honetan eta toki-araubidearen legerian ezartzen denaren arabera, udalei dagokie suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuak sortzea, antolatzea eta mantentzea.

3.– Alkatea da udaleko babes zibilaren agintari gorena. Kapitulu honetako 3. artikuluan tipifikatutako larrialdiren bat gertatzen denean udal-mugartean, udal-agintaritzak hartuko du bere gain sorospeneko eta laguntzako zerbitzuen zuzendaritza eta koordinazioa, eta egoeraren informazio zehatza emango dio berehala Eusko Jaurlaritzan segurtasun publikoaren arloko eskumena duen saileko organo eskudunari, Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren bitartez.

4.– Lurralde historikoek eta Eusko Jaurlaritzak babes zibileko udal-egituraren antolaketan lagundu eta egitura hori sustatuko dute, toki-autonomia errespetatuz.

Urkulluren agerraldia

Besteak beste, honako neurri hauek hartu ahal izango direla adierazi du Urkulluk bere agerraldian. Legearen 8. puntuari dagozkionak dira:

  • a) Pertsonak beren etxeetan edo leku seguruetan konfinatzea.
  • b) Pertsonak arrisku-lekuetatik ebakuatu edo urruntzea.
  • c) Arrisku-guneetarako edo operazio-guneetarako sarbidea mugatzea.
  • d) Zerbitzu publiko eta pribatuen erabilera edo ondasunen kontsumoa murriztu edo baldintzatzea.
  • e) Leku jakin batzuetan jarduerak murriztu edo debekatzea eta arreta, prebentzio edo jokabide jakin batzuk hartzeko betebeharra ezartzea.

Larrialdi

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!