Koronabirusa

"Zentzuarekin jokatu behar da horrelako egoeretan"

Mikel Arberas 2020ko mar. 13a, 14:43

Maialen Irazu aurrean eta Libe Irazu atzean

Maialen Irazu Italian bizi den andoaindarra da. Berarekin kontaktuan jarri gara Italiako egoera zein den azaltzeko eta gaiari buruz duen ikuspuntua emateko. Egun, abokatu bezala etxetik egiten du lan kutsatze arriskuagatik eta ingurukoen segurtasunagatik.

Maialen Irazu Italiako Sardinia uhartean bizi den andoaindarra da, eta gaurkoan Aiurrirekin hitz egin du bizi duen egoera kontatu eta koronabirusari buruzko iritzia emateko. Irazu Italian bizi den arren, senideak eta lagunak ditu Andoainen, hortaz, kezka du birusak herrian izango duen eraginaz.

Italian neurri zorrotzak eta muturrekoak hartu dira koronabirusaren pandemia eta kutsatzea ekiditeko; "guztia itxita dago. Italiako lurralde bakoitzean, Espainia mailan autonomia-erkidegoak izango zirenak, neurri zehatz batzuk hartzeko aukera dute egoeraren arabera. Nolabait esateko lurralde bakoitzak unean uneko erabakiak hartu ditzakete. Soilik etxetik irten daiteke, haurren beharrezko jardunerako, lanerako, erosketak egiteko edota osasun larrialdietarako", adierazu digu Maialenek.

Esanak esan, nabarmendu nahi izan du birusari dagokion zantzurenbat edukiz gero, ezin dela inola ere ospitalera joan. Italian medikuak aldizka etxeetara joaten dira pertsonak aztertzera, birus honek duen arriskurik handiena kutsatzeko duen erraztasuna baita, "anbulantziari deituz gero, eta bertan ospitalera eramaten bazaituzte, guztia desinfektatu behar dute. Gainera, beste motatako gaixotasun larriak ez dira eteten, beraz, ospitaletan jende gehiegi pilatu daiteke, eta medikuen lana izugarri zaildu". 

Birusak pertsona bakoitzari modu ezberdinean eragiten dio eta hala adierazi du Irazuk, "birusak modu asintomatikoan eragin zaitzake katarro batekin esaterako, edota pneumonia bat eduki dezakezu. Gu Sardinia iparraldean bizi gara. Bertan, erreanimaziorako 23 ohe soilik daude biztanleria guztiarentzako, azpimarratu nahi dut, 400.000 pertsona bizi garela zonalde horretan. Arazoa orain dator, kutsatzen hasten garen mementoan, ez dugu lekua edukiko jende guztiari laguntzeko". 

Italiako isolamendua barrutik

Azken egunetan, albiste asko entzun eta ikusi ditugu Italiako isolamendu eta neurriei buruz; Maialenek bertatik bertara kontatu digu esperientzia: "Aspertuta eta triste gaude. Guk zortea eduki dugu lorategidun etxea daukagulako. Beraz, haurrak nohizbehinka kanpora irten daitezke zakurrekin jolastera. Oraingoz, egoera hau apirilak 3ra arte mantenduko da, eta beldurra ematen du. Beldurra ematen du horrenbeste denbora egoera honetan pasa behar izatea. Arlo ekonomikoan ere beldur handia ematen du; izan ere, ezarritako mugekin lanean jarraitu dezaket, baina jende askok euren komertzioak itxi edota lanera juteari utzi behar izan diote.

Beldurra eta kontzientzia soziala

Gizartean beldurra nabaria da, eta zenbait arlotan argi ikus daiteke. Askorentzako sortu den alarmismo mundiala gehiegizkoa da, beste askorentzako, berriz, beharrezkoa eta kontzientzia soziala bultzatzeko tresnatzat dute. Irazuk zera nabarmendu du, "zentzuarekin jokatu behar da horrelako egoeretan. Ez da super merkatuko guztia erosi behar, erosketak egin behar dituen jende gehiago baitago herrian. Arduratsua izan behar da, baina norberekerian erori gabe". "Norbanako bakoitzak bere izaera du. Batetik, egoera seriotasunez hartzen ez duen jendea dago; bestetik, beldur handia duen eta alarmista den pertsonak daude. Agian, hobeto da beldurra edukita egoeraren larritasuna puztea eta bi asteetan egoera konpontzea, arazoa arinkeriaz hartzea baino", gehitu du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!