Koronabirusa

Alarma egoerari buruzko neurriak, debekuak eta baimenak

Mikel Arberas 2020ko mar. 15a, 15:06

Indarrean sartu da Estatuan eta Euskal Herrian "alarma egoera” koronabirusa zabaltzea saihesteko; hartu den neurri garrantzitsuenetakoa, herritarren zirkulazio askea mugatzeko erabakia da. Jendeak galdera asko izaten ari da gai onen inguruan, horretarako zenbait argibide aurkituko dituzue jarraian.

Espainiako Ministroen Kontseiluak atzo onartu zuen dekretuaren arabera, beharrezkoak ez diren joan-etorriak kenduta, etxean egon beharko dute herritarrek hurrengo 15 egunetan. 

Ondorengo kasuetan bakarrik  egongo da baimenduta pertsonen mugimendua:

  • Elikagaiak, sendagaiak eta oinarrizkoak diren gauzak erosteko (ibilgailuarentzako erregaia, adibidez).
  • Osasun zentroetara joateko
  • Lanerako joan-etorria egiteko
  • Menpekotasuna dutenak zaintzeko (adinekoak, adin-txikikoak, menpekotasunen bat dutenak zein bereziki ahulak diren pertsonak).
  • Finantza erakundeetara eta aseguru etxeen bulegoetara joateko
  • Ezinbesteko egoerak edo beharrak kudeatzeko
  • Aurrekoen tankerako beste edozein jardueratarako, behar bezala justifikatuta badago. Hemen sartuko litzateke, adibidez, txakurra paseatzera ateratzea.

Aurreko kasu horietarako etxetik ateratzen den pertsona, bakarrik aterako da beti.

Autoz mugituz gero ere, pertsona bakarra joan daiteke ibilgailuan. Menpekotasuna duten pertsonak beste norbaitekin joan ahal izango dira.

Hauek dira irekita egongo diren zerbitzuak: elikagai denda handiak eta txikiak, farmaziak, okindegiak, prentsa kiosko eta dendak, estankoak, gasolindegiak, ileapaindegiak, optika eta ortopediak, animalientzako jana erosteko dendak, tintoreriak eta zerbitzu informatikoak ematen dituzten dendak. Dena dela, ahal den denbora gutxien egon beharko da toki horietan, eta metro eta erdiko tartea errespetatu beharko da beste bezeroekin. Internet bidezko salmenta ere martxan izango da.

Ezingo da kalera atera ondorengo gauza hauetarako:

  • Haurrak parkera edo kalera eramateko
  • Paseatzeko, korrika egiteko, bizikletan ibiltzeko eta abar
  • Lagunak eta senideak bisitatzera joateko, zaintza behar duen norbait ez bada behintzat (segurtasun neurri zorrotzak bete beharko dira kasu horietan).
  • Bidaiak egiteko

Ostalaritza, merkataritza eta aisialdi gune guztiak itxita egongo dira Estatu osoan. Etxera eramateko jana egiten duten jatetxeak bakarrik egongo dira irekita, baina ezingo da barruan ezer hartu.

Errege dekretuak bertan behera utzi ditu maila guztietako eskolak ere Estatu osoan.

Era berean debekatu egin dituzte mota guztietako festak zein meza eta erlijioa praktikatzen den guneak irekita izatea ere. Ezkontzak eta hiletak ez dituzte debekatu, baina bai mugak ezarri, eta bertaratzen direnek gutxienez metro bateko tartea izango dutela bermatu beharko da.

Errege dekretu honetan ezarritakoak, derrigor bete beharreko neurriak izango dira.

Koronabirusari aurre egiteko Estatu osoan “boterea izango duen agintea” Espainiako Gobernua izango da.

Atzo, Eusko Jaurlaritzak ere hainbat neurri iragarri zituen. Gehienak, ondoren Espainiako Gobernuak onartutako errege dekretuan ere jasotzen dira, baina badaude ñabardura batzuk:

  • Eguneko zentroak itxi egingo dira eta erresidentzia pribatu zein publikoetan dauden pertsona helduen bisitak debekatu egingo dira. Zentro bakoitzak salbuespenak egin ahal izango ditu, baina sartzen diren guztiei tenperatura hartuko diete eta 37ºC baino gehiago izanez gero, ezingo dira sartu.
  • Tabernak, ostalaritza zentroak zein kirolgune eta aisialdi guneez gain, elkarte gastronomikoak eta txokoak ere itxita geratuko dira.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!