Koronabirusa

"Osalanek irizpide zehatzak finkatu eta horien aplikazioaren jarraipena egin beharko luke"

Aiurri 2020ko mar. 16a, 07:17

© LAB

LAB sindikatuarentzat osasuna lehentasuna da, eta behar beste baliabide hartu behar dira krisi sanitarioari aurre egiteko eta kolektibo ahulenak babesteko.

"Osasun zerbitzu pribatua botere publikoen zerbitzura jarri behar da. Behin behinean bada ere, gainezka dagoen zerbitzu publikoak duen aterabidea da".

Koronabirusaren krisiak zaintza krisiaren gordintasuna agerian utzi duela berretsi dute, eta Euskal Herrian gutxieneko zerbitzuak ezartzeko unea dela azpimarratu dute.

Era berean, langileen osasuna eta eskubideak babesteko neurriak eskatu dituzte; orain arte egin ez dutena egin dezatela, alegia: "Osalanek eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak irizpide zehatzak finkatu eta horien aplikazioaren jarraipena egin beharko lukete; aldiz, prebentzio neurrien zehaztapenaren ardura enpresen menpe dauden Prebentzio Zerbitzuengan delegatu du. Gauzak horrela, ez dago bermatzerik enpresek behar bezala jokatuko dutenik".

Lan osasuna eta lan eskubideak babesteko neurriak

Enpresei zuzendutako eskaera eta exijentzien artean, lan osasunari dagokionez, langile guztientzat berehalako informazioa eta formazioa eskatu dugu, baita enpresak protokoloa ezartzea ere.

Era berean, ez dugula Erregulazio Espedienteak eta aldi baterako EEEak onartuko nabarmendu dugu: "Ez dugu onartuko Aldi Baterako EEEen kostua eta kaltea langileon bizkar erortzerik, EAEko eskola jangeletako langileekin egin duten moduan".

Zaintzari dagokionez, Madrilgo Gobernuak komentatu du laguntza bat sortzeko aukera legokeela egoera hauei erantzuteko. Honen azterketa espezifikoa egingo du LABek eta, bitartean, ezinbesteko betebeharragatik baimen ordaindu bezala kudeatu behar da zaintzagatiko baimena.

Administrazioari zuzendutako eskaeren artean, Estatuak Gizarte Segurantzaren kostu guztiak bere gain hartu behar dituela eskatu dugu; Estatua eta Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernua, berriz, osasun sisteman izango duen gain kostu guztia. Diru funts publiko bat sortzea eskatu dugu, batez ere enpresa txiki eta ertainei laguntzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!