Egunean behin Aiurri

'Beñat' Egunean Behin lehiaketako lehen irabazlea

Aiurri 2020ko mar. 16a, 11:55

'Aiurri' taldeak 383 kide ditu, eta irabazlea 'Beñat' izan da. Bigarren saria 'Ugaitz' lehiakidearentzat izango da.

'Egunean Behin' APP bidezko lehiaketa aski ezaguna da euskaldunentzat, milaka lagun ek parte hartzen baitute egunero. Codesyntax enpresak garatu zuen, eta jokatzeko eta taldeka lehiatzeko aukera ugari eskaintzen ditu. Denboralaren azken hiru asteei begira, Aiurriko erredakzio taldeak "Aiurri" taldea sortu zuen. Eta arrakasta handia izan da, parte hartze kopurua 383 lehiakideena izan baita. Aiurriko taldean parte hartzeak saria dakarrelako akaso?

Bi sari

Hiru asteetan, aste bakoitzeko bina sari banatuko dira 'Aiurri' taldeko kideen artean. Martxoak 8-15 partaideen artean irabazlea 'Beñat' izan da, eta harentzat izango da saria.  Gosari bikoitza jasoko du Andoaingo Arruti gozotegian, hori bai, Koronabirusaren krisia igaro eta gero.

Bigarren saria ez dago lehiari zuzenean lotuta, parte hartzeari baizik. Parte hartzea saritzea bilatu du Aiurrik, eta hori dela eta beste gosari bikoitza zozketatuko du. Eta nola egin da zozketa? Lehen aste honetan, hauxe izan da irizpidea. Martxoaren 15a 2020. urteko 75. eguna zenez, aste horretan 75. postuan geratu denak irabaziko du saria. "Ugaitz"ek irabazi du, beraz, gosari bikoitza. Mila esker partaide guztiei. Eta, adi, sari berriak banatuko baitira denboraldia amaitzeko geratzen diren bi asteetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!