111 Akademiaren Saria 2019

Aiurri 2020ko mar. 17a, 16:39

Iaz Harkaitz Canok jaso zuen 2018ko 111 Akademia Saria, 'Fakirraren ahotsa' eleberriagatik.
111 Akademiako kideek, 2019ko 111 Akademiaren Saria hautatzeko bigarren bozketa txandara igaro diren bost lanen berri jakinarazi dute:

2019. urteko 111 Akademiaren Saria erabaki ahal izateko 111 Akademiak amaitu du bere lehenengo bozketa txanda, otsailaren hasieran martxan jarri eta martxoaren 5era arte zabalik eduki duena. Lehenengo bozketa txanda horretan botorik gehien jaso duten obrak ondokoak izan dira:

• Uxue Alberdiren KONTRAKO EZTARRITIK.
• Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen MIÑAN.
• Bernardo Atxagaren ETXEAK ETA HILOBIAK.
• Itxaro Bordaren SUSMAEZINAK.
• Karmele Jaioren AITAREN ETXEA.

Beraz, 2019. urtean euskal literaturak utzitako uzta zabaletik bost horiek izan dira urteko libururik gogokoena hautatzeko bidean lehenengo bozketa txanda gainditu eta bigarrenera igaro direnak. Martxoaren 31 baino lehen bidali beharko dute akademiakideek horietako baten aldeko botoa. Bigarren buelta horretan libururen batek jasotako botoen %40a bereganatuko balu, 111 Akademiak huraxe izendatuko luke 2019ko saridun. Kopuru horretara iristen den lanik ez balego, berriz, bi bozkatuenak
finalera pasako lirateke.

Lehenengo bozketa txandan 95 akademiakidek eman dute botoa. Urtero bezala, bigarren eta, halakorik balego, hirugarren txandetan kopuru horrek gora egitea espero dute Akademiako arduradunek, bozketek aurrera egin ahala handitzen joaten baita irakurketan eta ondoriozko bozketan parte hartzen duten akademiakideen kopurua. Akademiak, apirilaren azkenean emango du ezagutzera 2019ko 111 Akademiaren Saria.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!