Asko dago jakiteko oraindik, pandemia hari buruz. Zenbat biktima eragin zituen zehazterakoan ere, ez dago adostasunik. Behetik jotzen duten iturriek hamar milioi aipatzen dituzte; goitik jotzen dutenek, berriz, ehun miloi. Gaixotu ziren pertsona guztien artetik, %10 eta 20 bitarte hil zela estimatzen da.
100 urte igaro diren arren, prozesu biologiko konplexua izaten segitzen du, eta makina bat historialari, geografo, mediku eta zientzialari beren ikerketak egiten ari dira, erantzun ugari falta baitira zehazteko. Orduko gaixotasunaren laginak aztertu, eta birusa erreproduzitzea lortu duten azken ikerketa zientifikoaren arabera, gene biral hibrido bat izan zen eragilea. Sistema inmunean gehiegizko erreakzioa eragin zuen birusak; horrek azal dezake biktimetako gehienak zergatik izan ziren gazte eta heldu osasuntsuak, sistema inmune sendoa zutenak alegia.
Bestalde, badira fenomeno historiko politiko-sozialekin lotuta aztertzea eskatzen dutenak ere, Lehen Mundu Gerrarekin (1914-1918) batera sortu eta zabaltzea alegia. Bere jatorri geografikoa zehazterakoan, ikertzaile gehienentzat Amerikako Estatu Batuetan dago sorburua. Txinatik hara joandako emigranteek zabaldu zuten, antza. Zabalkundean eduki zuen zerikusia, esate batera, Amerikako Estatu Batuko armadak 1917an Europara bi milioi soldadu bidali izanak. “Gripe espainiarra” ezizenez ezagutu zen. Egiazki, AEB eta Europa osoan nahiko maila berean zabaldu zen izurritea, baina lehen Mundu Gerran murgilduta zebiltzan herrialdeetan troparen morala ez ahultzeko edozein albiste etsigarri zentsuratu egiten zenez, horietan ia ez zen gaixotasunaren inguruko ezer argitaratu. Errepikatzearen poderioz, jatorria iberiar penintsulan izan zela sinestaraztea lortu zuten.
Izurritearen eragina, Andoainen lokalizatuta
Gripe hilkorra 1918an zehar joan zen zabaltzen, eta Euskal Herrian urrian izan zuen bere agerraldirik bortitzena. 1919ko udaberrirako desagertu egin zen, zeparen egitura genetikoan mutazioa gertatu zenean. Gipuzkoan eta bereziki Andoainen izurriteak eduki zuen garapenaz jakiteko, ezinbestekoa da Iñaki Agirrek Leyçaur 7 aldizkari historikoan 2002an argitaratu zuen ikerketa, Otoño de 1918: diario histórico-demográfico de la pandemia de gripe en Andoain izenburua zeramana. Herri bat aztergai hartuta gaiaren inguruan egin den ikerlanik bete-betekoena izango da ziurrenik, Andoaingo gizartean eragindako ondorio sozialak, erlijiosoak, demografikoak eta epidemiologikoak azaltzen baititu bertan.
Gripe izurriteak Andoainen 26 pertsonen heriotza eragin zuen. Baina egun horietan beste hamabost herritar hil ziren, biriketako arazoek eraginda
Agirrek egindako ikerketaren arabera, gripe izurriteak Andoainen 26 pertsonen heriotza eragin zuen. Kontuan hartu behar da pertsona horiei gripearen gaixotasuna ofizialki diagnostikatu zitzaiela. Izan ere, egun horietan beste hamabost herritar hil ziren, biriketako arazoek eraginda. Ez litzateke harrigarria izango horiek ere gripearen izurritearen ondorioz hil izana.
1918ko irailaren lehen egunetan prentsan hasi ziren argitaratzen lehen albisteak, birus arraro baten berri emanez. Mundu guztian abiadura bizian ari zen zabaltzen birusa. Gipuzkoan, lehenbiziko asteetan agintariek ezer larririk gertatzen ez zenaren mezua zabaltzen saiatu ziren, eta osasungintzako profesionalengan ezjakintasuna eta nahasmena ziren nagusi.
Irailaren 20an, Andoaingo osasun batzordea lehen aldiz bildu zen, eta Gobernadore zibilaren aginduz, zenbait neurri hartzea erabaki zuen. Besteak beste, aguazilak gaixoak dituzten etxeetara bixitaldia egitea, etxe horietan arropak desinfektatzeko eta komunak kare kloruroarekin saneatzeko agindua ematea.
Hilaren 21ean Espainiar Gobernuko Ministroen kontseiluak mugak ixtea erabaki zuen, egoera larria zela onartuz. Irailaren 28an, birusak Andoainen lehen biktima eraman zuen aurretik, Zumea kalean hain zuzen. Hurrengo egunean, Andoaingo Udalak, Gobernu zibilaren ohar berri bati kasu eginez, bandoa zabaldu zuen herrian, jende asko biltzen zituzten ekitaldietan arriskua egon zitekeela ohartaraziz. Urnietako edo Irurako Sanmieletara ez agertzeko deia luzatu zuten. Aldi berean, ikastetxeak ixteko agindua ematea erabaki zuen.
Urnietako Sanmieletara ez agertzeko deia luzatu zuten. Aldi berean, ikastetxeak ixteko agindua ematea erabaki zuen.
Urriaren 6an, Udalak ez ohiko udalbatza egin zuen, gripeak jotako hainbat familia egoera larrian zeudela eta. Bertan erabaki zen txiroak ziren gaixoen aldeko diru bilketa kanpaina egitea, eta komunak eta estoldak desinfektatzeko Donostian erabiltzen ari ziren disoluzioko 30-40 litro erostea. Egunez egun jendea hiltzen ari zen Andoainen, eta San Martin elizako kanpaiekin “agonia” jotzeari utzi zioten.
Egun nahasi horietan, prentsa sentsazionalistarentzat eta sasi-erremedioentzat eremu tentagarria zabaldu zen. Eliza katolikoak, bere aldetik, ez zien jaramon askorik egin aholku terapeutikoei (birusa ekiditeko jendetza ez biltzeko agindua, besteak beste), eta errogatibak eta otoitzak egitea eskatzen zuen. La Constancia egunkari integristak, adibidez, elizako sektore askoren usteari bide emanez, Jaungoikoaren zigortzat jo zuen izurritea, gizakiak eta bere "bizioek" eragindakoa zela ziurtatuz. Datu bezala, aipa daiteke Andoainen bi apaiz hil zirela egun horietan: Juan Inazio Munita eta Aszensio Zatarain. Abenduaren 7an egin zen euren arimen aldeko hileta elizkizuna.
Udazkena sartu arte alerta egoeran
Urriaren 18an gobernadore zibilak adierazi zuen Gipuzkoan egoera egonkortzen ari zela, Errenterian eta Andoainen ezik; bi herri horietan gripeak jotako gaixo ugari omen zeudelako. Azaroaren 2an prentsan azaldu zen ohar baten bidez jakinarazi zenez, Andoainen iraganeko kontutzat eman zitekeen gripearen epidemia. Zehazten zenez, laurehun herritar gaixotu ziren eta horietatik berrogei hil egin ziren.
Izurritearen datu ezberdinak zabaldu ziren hilabete horietan. Daturik apalena ere nahikoa adierazgarria da, gaurko ikuspegitik ikusita. Duela mende bateko gripe hura hilkorra izan zen.
Gripearen itzala ondorengoengan
Ahotsak.eus Euskal Herriko Ahotsak egitasmoan 1918ko lekukotza ugari aurki daitezke. Horietako bat Joxe Antonio Urretabizkaia Otamendi asteasuarrarena da (1928-2018). Asteasuko Lizarraga Lizarra baserrian jaioa, aita bertakoa zen, eta ama, berriz, Larraulgoa. Hamabi senidetan bigarrena, bere lekukotza eskaini zion ahotsak.eus webguneari: "Aitak gripea harrapatu zuen, baina zorionez bizirik atera zen. Hildakoak kanposantura gurdian eraman zituzteneko garaia izan zen hura, han hemenka pilatutako gorpuekin. Gripe hilkorraren urte hartan, hogei urte zituen aitak. Mutil bikaina zen, baina gripea harrapatu zuen. Amarekin batera, biak gaixotu ziren. Medikuak bisita egin ostean, ostatuan zera esan omen zuen: Gaur iluntzerako Lizarran bi hilko dira. Aita sudurretik odola botatzen hasi zen, baina zorionez biak bizirik atera ziren".
Hildakoak kanposantura gurdian eraman zituzteneko garaia izan zen hura, han hemenka pilatutako gorpuekin
Ahotsak.eus webgunean lekukotza gehiago aurki daitezke, herri askotakoak. Dolores Lopetegi Aiestaran lezoarrak (1916-2018), esaterako, bere amonaren bizitza gogorra deskribatu zuen. Amonak seme bat Melillako gerran galdu zuen, eta beste bat 1918ko gripeak hila: “Lezon egun berean 7 gorpu eraman zituzten hilerrira. Lezon oso gutxi biziko ziren orduan, eta egun bakarrean 7 hil ziren. Orduko hartan, gripea kutsakorra zenez, gorpuak berehala hilerrira eramaten zituzten”. Gipuzkoa osoan eragina oso handia izan zen. Kronika.eus webgunean Hernaniko kasua xehetasun handiz aztertu dute, datu demografikoetatik abiatuta. 1917an 96 lagun hil ziren, eta 1918an, aldiz, 142 lagun. Heriotzen erdiak urrian gertatu ziren: “Urrian 77 lagun hil ziren Hernanin, gehienak gripearen epidemiaren ondorioz. Gehienak haurrak eta gazteak dira. 16-50 urteen artean, gutxienez, 59 lagun hil ziren. Beste 14 hildakok, 16 urte baino gutxiago zituzten”. Gripearen eraginak gordin iraun zuen sasoian, hilkortasun tasa %26,3koa izan zela ondorioztatu zuten. Herri osora zabaldu baitzen, berdin-berdin herri-gunetan zein baserrietan.
[HEMEROTEKA: ERREPORTAJE HAU 2019KO URTARRILEKO LEHEN HAMABOSKARIAN ARGITARATU ZEN]