Koronabirusa

Amaitutzat ematen dute txotx denboraldia

Andoni Urbistondo 2020ko mar. 20a, 13:31

Sagardotegietako nagusiek bukatutzat ematen dute txotx garaia. Galera ekonomiko handiak izango dituzte. Urnietako Eula sagardotegiak Aste Santu osteko asteetan irekitzeko itxaropena bizirik mantentzen du

Sagardotegiek ixtea erabaki zuten asteburuan, euren elkarteak horrela aholkatuta. Erabakiak ez ditu ezustean harrapatu, antzeko zerbait gerta zitekeela sumatzen baitzen, egoera ze bilakaera edukitzen ari zen ikusita. Garbi azaltzen du Setiengo Eugeniok: “Ikusten nuen bazetorrela. Aurrena umeak izan ziren, gero jubilatuak, eta jakina, gero taberna eta jatetxeak izango ziren. Nire ustez lehenagotik hartu behar zen erabakia zen. Etxean geratzeko agindua eman eta fuera!”.

Antzera jokatu du Eulako Aitor Iguaranek ere: “Elkartean hartutako erabakia da, eta ixtea onena. Egoskor jar zintezke, eta ez itxi, baina kontua ez da ardi beltzaren pare geratzea. Itxi, egoera asumitu eta kito, ez dago besterik”. Oialumek, aldiz, ez zuen itxi larunbatean, Osasun sailaren agindua larunbat gau erdian jarri zelako indarrean. Irekita edukita ere, inor ez zen agertu Oialumetik. Erakundeen mezuak herritarrengana iritsi ziren, eta jendeak etxean geratzea erabaki zuen. Eugeniok dioenez, “erabakia hartu behar zutenentzat ere ez da erraza hartu duten erabakia hartzea. Erabaki drastikoak hartuz gero, akatsa egiteko beldurra handia da. Historia gauzak pasatakoan idazten da”.

Galera handiak izango dituzte sagardotegietako jabeek. “Martxoa denboraldiko bihotza da, jende gehien bertaratzen den unea, eta asteburu gehienak galduko ditugu, ze itxiera bi asterako da, baina normalean luzatu egingo da. Gure sagardotegian 350 bat bezerok zuten egina erreserba asteburuan, 600 bat lagun astero, pentsa ze galera ekonomikoei buruz ari naizen”, dio Setieneko Eugeniok. Antzera pentsatzen du Iguaranek, eta galdu, jende askok galduko duela dio: “guk, noski, baina bakailaoa saltzen duenak, haragia, gazta, intxaurrak, autobus garraio enpresek… Eragina sagardotegietatik harago doa, eta kolpea oso gogorra izango da”.

Galdutakoari buelta nola eman, baina? “Oinarri onak ditugu. Esan nahi dut, ez da krisiren bat jasaten dugun lehen aldia, eta aterako gara”. Iguaranek ere galerak handiak izango direla dio. Buelta ematerako orduan, aurre egin beharreko ordainketetan erakundeen esku hartzea beharko litzatekeela dio: “Norberaren diru sarrerak espero ez zen egoera larri batengatik bertan behera geratu badira, egin beharreko ordainketak ere atzeratzea litzateke normalena”.

Ixteko erabakia bi asterako da, baina Eugenioren ustez denboraldia bukatutzat eman liteke: “Aste Santua pasata jendeak beste gauza batzuk dauzka buruan: hondartza, mendia… denboraldia bukatutzat ematen dut”. Iguaran-ek, aldiz, badu itxaropena debekua bi astetan bukatu, “eta sikiera, apirileko azken bi asteetan egindako zuloari buelta emateko aukera izatea”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!