Aztarrika

Atzokotik | Martxoak 19

Xabier Lasa 2020ko mar. 20a, 13:36

Idatzizko ariketa pertsonala da hauxe, Koronabirusak eragindako osasun krisiaren ingurumarian. Mutur-muturreko trantze historiko honetan, giza eta gizarte jokabide eta diskurtsoak ulertzen saiatzeko. Desio horretan, komunikabideak, sare sozialak edo etxeko balkoiko parabolika piztuta irensten ari garen gertakizunei kosk egiteko asmoz. Harritzen, emozionatzen edo amorrarazten nauten ale bakan batzuei tiraka, eguneroko anarkiko eta subjetibo samarra osatuz. Balkoi honetara begiratzera ausartzen diren irakurleekin partekatzeko gogo xumez. Frenopatikoan amaitzeko gogo zipitzik gabe.

Onda Ceron, orojakileen tertulia

Julia Otero irrati esatariak gidatuta, tertulia osatu zuten Julian Casanova, Estefania Molina eta Juan Manuel De Pradak Onda Cero irratian arratsaldean. Eurak nazionalistak -espainiarrak-, ez direla behin eta berriro errepikatzen duten iritzi emaile nazionalistaren prototipoak, hirurak ere.

Bada, behin krisia gaindituta, datorkigun munduko ordenaren aldaketaz jardun zuten. Zenbait ideia interesgarri, aurre ikusten dituztenak:

Estatuen eta horien mugen indartzea. Patriotismoarena, alegia. Oraingo estatuen soberania sendotuko da, eta beren liderrek patriotismoaren mezua zabaltzeko errazago ikusiko dute. Testuinguru horretan, estaturik gabeko nazioek, burujabe izatea amets dutenek, jai izango dute, orain baino gehiago.

Europaren kontzeptua ahulduta irtengo da. Batera erreakzionatzeko gaitasuna eskasa erakutsi dute bere barneko lurraldeek orain arte, eta kolpe latza Europa Batuaren sinesgarritasunarentzat. Brexitaren aldekoei eta Boris Jonhson bezalako liderrei erraz jarri zaie; “ikusten, europar horiek benetan batuta jokatu behar den egoeratan, nor bere aldetik jo du, nork bere mugak itxi ditu nahi izan duenean”.

Europaren irudia, gainera, nahiko ahulduta irtengo da. “Emaile”tzat jo izan da historikoki, eta egunotan, “hartzaile”tzat ikusten baita.

Txina muskulua agertzen ari da mundu mailan, eta indartuta irtengo den herrialde nagusia izango da, batik bat aspalditxo abian jarrita daukan politika espansiboari dagokionez. Eredugarria izan delako bere erantzun azkarra Koronabirusari aurre egiteko eta lortu dituen emaitzei begira, eta orain, Europako eta munduko beste zenbait herrialdeetara laguntza esportatzen ari delako (maskarilla babesleak zein kirurjikoak, botikak, osasungintzako profesionalak...).

 

Kontraesanaren pertsonifikazioa

Irrati bereko goizetako ahots izarrak, Carlos Alsinak, “herritar guztiok batera, elkartasunez eta batasun osoz, aurre egin behar diogu muturreko egoera honi, ez da kritikak egiteko ordua” leloa predikatzen du, behin eta berriz.

Baina gero, praktikan, berak zuzentzen dituen albistegien hasierako “Monologo” izenburuko tartean (deitu, nahieran: iritzi-tartea, ildo editoriala, sermoia, proklama, hitz aspertua, pregoia...), egurra ederki sartzen die boterea ukitzen ari diren Podemosekoei (Iglesias da, modu obsesiboan, kolpeen panpina), eta Kataluniako independentistei. Bi krisien (Koronabirusa eta korinabirusa) aurrean ahots kritikoak azaldu dituztelako.

Monarkiaren defendatzaile itsuenetakoa eta akritikoenetakoa dugun Onda Cero irratian bertan, ikustekoa izan zen goiz osoan Alsina bera nola ibili zen Felipe borboiak egindako diskurtsoa goratzen, apaintzen, zeruratzen. Diskurtsoaren ordu berean estatu osoko kaleetan entzuten ziren protestazko eltze-jotzeei gainean, hitzerdi bat ere ez. Are gehiago, inkesta zabaldu zuten entzuleek egun osoan erantzuteko moduan, honako galdera planteatuta: “Cree que Podemos y los independentismo aprovechan la crisis sanitaria para debilitar a la Monarquía?”.

Portzierto, baiezkoak %90 boto jaso zituen. Nolako esatariak, halako entzuleak?

 

Kirolzaleen ezina

Donostiako Udaltzainek korrikalari bat atzeman zutela kalean atzo adierazi zigun El Diario Vasco-k. Isuna jarriko ziotela adierazi ziotenean, jenio txartu, eta aurre egin omen zien. Larrialdi egoeran etxean egoteko agindua ez betetzeagatik jarriko zioten isunaz gain, pentsatzekoa da udaltzainen uneko umorearen esku geratuko zela bigarren isuna ezartzea, Mozal Legearen arabera beti baitu arrazoi poliziak, herritarren aurrean.

Itxialdiko laugarren eguna besterik ez. Ez dut pentsatu nahi zenbat kirolari (egunero kalera edo gimnasiora irteten direnak, bi egunetik behin, hirutik behin...) egongo diren -garen- ezinegonari ezin eutsirik. Monoarekin, abstinentzia sindromeari ezin eutsirik. Oraingoz, salbuespena da donostiar erresumindu horren burugabekeria. Baina nork dakit ez ote diren kasu gehiago azalduko egunak aurrera joan ahala. Gizakiaren ahalmen psikologikoak ere izango ditu mugak. Gutako bakoitzak mugak non dauzkagun ezagutzeko unerik aproposena bizitzen ari gara.

Egunotan komunikabideen elkarrizketen ataletan bereziki kotizatzen ari diren psikologo horietako batek ez dakit zein irratietan jaurtitako aholkuetatik, hona bat, edo bi: boxeolarien sakua eskuratzea harekin hustu eta askatu ahal izateko barruan pilatutako amorruak, presioak, antsietatea... Eta, baldin eta etxean zakurik ez edukiz gero (gehienok), orduan sparring bat hautatzea etxeko kideen artetik. Bi aukeretatik akaso bigarrena izan liteke errazena lortzen, eskurago dagoela bai behintzat.

Teoria mailan, gomendio perfektua da konfinamendurako; gure gorputzean sistema endokrinoak sortzen dituen sustantzia kimiko edo hormona gaiztoen ordez, hormona endorfinak piztea (odolaren bitartez ongizate, plazer eta zoriontasun sentsazioak eragiten dituztenak).

 

Gau audizioa, udaltzainekin

Udaltzainen bixita izan dugu bart gauean gure auzoan (Herriko etxeetan), eta pentsatzekoa da herriko gainerako auzoetan berdin jokatuko zutela. Grabatutako mezu bat emitituz eta emitituz -gaztelaniaz eta euskaraz- zebiltzan, herritar gisa etxetik ez ateratzeko eskaera eginez. Premiazko lana, eta egin beharrekoa udaltzainena. Baina baita ere, kontuan hartzekoa bizilagun batzuek autoan zihoazen bi udaltzainei egin zieten eskaera: alegia, megafoniako soinuaren dezibelioak gehitu zezaten pittin bat; izan ere, balkoietan adi-adi jarri arren, apenas uler zitekeen zer zioten, nahiz sumatu zein zen euren intentzioa. Basteroko erakusketa gelako akustika kaskarrak eragin ohi didan amorrazio berbera ekarri zidan gogora egoerak, ez dakit zergatik, erraz ulertzen ez diren ideien asoziazionismo horietako bat eginez-edo.

Bestalde, “Andoaindarras y punto” facebook kontuan, Andoaingo sare erabiltzaileak parte hartze librera animatzen dituen horretan -askotan jakingarri dena, eta noizean behin atzera ere egiten duena-, herritar batek idatzi du tetrikoa zela megafoniako ahotsa, iradokituz mezuak itsaropena, lasaitasuna edo babesa transmititu baino gehiago, postapokaliptikotik gehiago zeukala. Igual izango da egungo egoerak iruditeria jakin bat piztu digula, eta irudimenak zinera eraman gaituela, Mad Max, Eliren liburua, The Road, Pandorum eta antzeko pelikulekin, zonbiei buruzkoak ahaztu gabe.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!