Aztarrika

Atzokotik | Martxoak 20

Xabier Lasa 2020ko mar. 21a, 13:01

Futbolari kapritxosoen erakustaldiak eta Andoni Egañaren gogoeta beti interesgarriak dira aipagai gaurkoan, atzoko egunari begira jarrita. 

Futbolari kapritxosoen erakustaldiak

Ikusgarria da eliteko zenbait futbolari milioidunak erakusten ari diren harrokeria, exibizionismoa eta gizarteko gainerako herrikideekiko enpatia falta.

Aurreko egunetan, zenbait futbolari izartsuek, sare sozialetan zabaldu dituzte beren grabazioetan, zera ikusi daiteke: txalet dotore-dotoreetako jardinetan nola egiten duten kirola. Subliminalki -edo batere lotsarik gabe- materialki zenbat daukaten ari zaizkigu jakinarazten.

Soberan daukanaren ostentazio iraingarria. Aberats bihurtu berriaren jokabide akonplejatua.    

Oraingoz, azken perlak, zeruko bidaiekin dute zerikusia. Real Madril taldeko Luka Jovik serbiarrak “Etxean geratu behar gara arduratsuki, Madrildik irten gabe” esan zien bere herrialdeko komunikabideei orain aste bete txintxo trazak eginda, Real Madrileko zuzendaritzak orain egun batzuk erabaki zuenean futbol eta saskibaloiko jokalariak berrogeialdian jartzea. Biharamunean, ordea, Jovikek Belgradeko bidea hartu zuen, hegazkin pribatua erabilita horretarako. Ez hori bakarrik, gauean, Europan jokatzen duten Serbiako beste jokalari batzuekin batera, gau parranda galanta egin zuen Belgraden bertan. Bere bikote Sofija Milosevic modeloaren urtebetetzea zen, eta ospakizuna ezin izan zuten etxean egin, gainerako serbiarren antzera. Hango poliziak salaketa jarri du jokalarien aurka, eta Ana Brnabic lehen ministroak ere arduragabetzat jo du jokabide hori, eta zera gaineratu: “Kirolari famatuak eta aberatsak izanagatik, kode penala aplikatuko zaie guztiei”.

Italian, berriz, aluzinatzen ari dira egunotan, Juventus taldeko Gonzalo Iguain argentinarrak ihes egin baitu bere jaioterrira hegazkin pribatua hartu eta gero, nahiz eta bere taldeko hiru jokalarik Koronabirusaren proban positiboa eman duten azken egunetan. Esan beharrik ez dago Iguain ere nola larrutu duten, kritikekin.

Kritika zaparrada ez ulertu arren, Jovicek aholkulariren batek idatzitako agiria zabaldu du barkazioa eskatuz, Juan Carlos Borboiak bere garaian egin zuen eran elefantearen ehizaren kontura. Irakasgaia: inpunitatea sentitzearen sindromea bizi dutenek ere, tarteka humanoak direla erakutsi behar izaten dute; halaxe agintzen diete irudi aholkulariek, baldin eta jarraitu nahi badute ukitu ezin izaten. 

Kasu bakanak dira futbolari horienak, egia da. Bizi dugun salbuespen-salbuespen egoeran eman direnak. Baina atzera egiten badugu, makina bat gertaera lotsagarri protagonizatu dituztenak gizartetik at biziko balira bezala, ume mimatuen antzera (iruzur fiskalak, jai eta ospakizun hanpurutsu eta neurriz kanpokoak…).

Izan ere, burbuila batean bezala bizi baitira jarraitzaileek eta komunikabideek laineztutako, famatutako, aberats bihurtutako… futbolari horiek, eta zenbat eta aldare handiagoan jartzen ditugun, orduan eta lerdokeria handiagoak egiteko kapaz direla frogatzen digute.

 

Intimitatea, extimitatea, sorkuntzaren erakustaldiak

Andoni Egaña bertsolaria elkarrizketatu zuten Euskadi Irratian Manu Etxezortuk eta Iker Sukiak esatariek, martxoaren 19an. Neuk biharamunean entzun nuen podcastean (irratigile gehienentzat ez ezik entzuleentzat ere eguneroko tresna bilakatzen ari den asmakizun zoragarria).

Plazerra da beti Zarautzko bertsolariaren gogoeta jakingarriak irakurtzea (Berria-n egunero idatzi ohi du zutabea; egunkaria hartu, eta irakurtzen dudan lehenbiziko zutabea) eta entzutea Amarauna saioan igandeetan irrati berean.

Etxean egonean egotearen ariketaz, osasunaren kontzeptuaz, sormenaz eta intimitateaz, autonomoen ezinaz eta prekarietateaz... aritu zen aipatu elkarrizketan. Hona zenbait gogoeta, laburtuta eta librean adierazita:

- “Bertsolaritzaren baitan sormenaren ikerkuntza, transmisioa eta hedapena hiru zutabe dira. Lehenbiziko arloan dabiltzanentzat ez zaie gaizki etorriko egungo egoera, batera oinetako bat. Sekula baino lasaitasun, bake eta patxada gehiago edukiko dutelako”.

- Azken aldian abeslariak, bertsolariak... (Zea Mays, Jon Maia, Bixente Martinez, Joserra Senperena, Fermin Etxegoien, Zetak, Anari…) sareetan sumatu dira kantuan, bertsotan: “Batetik ondo ikusten dut. Baina bestetik, iruditzen zait sortzaileen eginkizun nagusia behar duela, plazetara itzultzean, izan garenak baino hobeak izatea. Horixe da gizartearekiko daukagun konpromisu nagusia, eta lanketa hori intimititatean egiten da, geure espazioa behar dugu”.

- Extimitatea eta intimitatea: “Extimitatearen gizartean bizi gara, intimitatearen kontrakoa dena. Esate baterako, Euskadi Irratitik pasa beharra dago aita zoriontzeko?”.

- Etorkizunean etxeko egongelatik bertso saioak egingo ote dira?: “Komunikaziotik asko du bertsoak, eta hori zaila da pareta zuri bati begira egitea. Entzuleok behar ditugu, zure mezuen hartzaileak aurrean; horiek bapateko sormenean ere lagunduko dizutelako, pizgarri izango dituzulako”.

- Osasuna zer da?: “Euskara jakintsua da gauza batzuetan. Eta horrela, osasuna, osotasunetik datorren hitza da. Osasuna ez da bakarrik gaixo ez egotea. Baita ere esanahi du soldata finkoa eta duina izatea, eskas bazabiltza laguntza sozialak edukitzea, ezgaitasun fisiko edo psikikoren bat baduzu gutxieneko zaintza edukitzea...

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!