Egunean behin Aiurri

'Pako' Egunean Behin lehiaketako lehen irabazlea

'Aiurri' taldeak 407 kide ditu, eta irabazlea 'Pako' izan da. Bigarren saria 'Joxemi' lehiakidearentzat izango da.

'Egunean Behin' APP bidezko lehiaketa aski ezaguna da euskaldunentzat, milaka lagun ek parte hartzen baitute egunero. Codesyntax enpresak garatu zuen, eta jokatzeko eta taldeka lehiatzeko aukera ugari eskaintzen ditu. Denboralaren azken hiru asteei begira, Aiurriko erredakzio taldeak "Aiurri" taldea sortu zuen. Eta arrakasta handia izan da, parte hartze kopurua 407 lehiakideena izan baita. Aiurriko taldean parte hartzeak saria dakarrelako akaso?

Bi sari

Hiru asteetan, aste bakoitzeko bina sari banatuko dira 'Aiurri' taldeko kideen artean. Martxoak 16-22 partaideen artean irabazlea 'Pako' izan da, eta harentzat izango da saria.  Gosari bikoitza jasoko du Amasa-Villabonako Amasa kafetegian, hori bai, Koronabirusaren krisia igaro eta gero.

Bigarren saria ez dago lehiari zuzenean lotuta, parte hartzeari baizik. Parte hartzea saritzea bilatu du Aiurrik, eta hori dela eta beste gosari bikoitza zozketatuko du. Eta nola egin da zozketa? Lehen aste honetan, hauxe izan da irizpidea. Pasa den asteko lehiaketako azken eguna martxoak 22 zenez, zerrendan 22. partaidearentzat izango da saria. Kasu honetan, Joxemi.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!