Aztarrika

Atzokotik | Martxoak 24

Xabier Lasa 2020ko mar. 25a, 11:51

Felipe borboiak bere azken diskurtsoan plagioa egin zuela esanez  whatxappez zabaldutako azken faltsukeria batetik, eta bestetik, Urkulluk hedabide publikoei elkarrizketa eskaintzerakoan igandean egindako hizkuntza hautaketak eta bere komunikazio gaitasunak osatzen dute gaurko Aztarrika zutabea.

 

Ustezko plagioa Felipe borboiaren diskurtsoan

Sakelekoaren bidez azken aldian jasotzen ari garen ehunka whatsappen artetik, askok jaso dugu mezu jakin bat, zeinak adierazten digun Felipe borboiak liburu bat plagiatu zuela bere azken diskurtsoan. Bi argazkiekin egindako muntaia dakar mezuak, ziurtatuz ez inoiz ezta osasun krisian ere erregeak ez duela lanik egiten. Irudi batean, nobelako bateko pasarte bat dakar (Luz Gabas idazlearen Palmeras en la Nieve nobelako pasarte bat dela dio mezuak). Bigarrengo irudian, Erregearen diskurtso baten pasartea dakar, eta hori martxoaren 18an egin zuena dela. Bi irudiek dakartzaten testuak, igual-igualak dira.

Aitortzen dut sinesgarria egin zitzaidala mezuak zioena, beste makina bat jenderi bezala pentsatzen dut. Aitarenak bezala, seme borboiaren diskurtsoek ere topikoen bilduma osatu izan dute beti, erretolikaren ariketa nahasgarria, hitz eta kontzeptu handi-mandi bezain barru-hutsekin osatutakoa.

Oso bakanak, bai, baina badira 1978az geroztik monarkiarekin ezarrita dagoen berrogeialdi mediatiko-politikoa gainditu, eta ausartu izan direnak topikoen kontu horixe aitortzera, gehiengoaren serbilismo lotsagarriarekiko disidentzia keinu txikia eginez. Amando de Miguel eskuineko soziologo monarkikoa, kasurako. 2019ko urtarrilean, borboitarren oratoria monotono eta aspergarria -tonuan zein edukietan- salatu zuen LibertaDigital agerkari digitalean artikulu batean.

Borboiek (hobe esanda, bere atzean mugitzen den irudi-marketing-taldeak) egiten dituzten aipu komunen bilketa laburra egin zuen De Migelek orduan: “convivencia pacífica", "anhelos y aspiraciones", "progreso y libertad", "integración y solidaridad", "las reglas de todos deben ser respetadas por todos", "avance y prosperidad", "un país mejor y más creativo", "igualdad real entre hombres y mujeres", "la convivencia se basa en el respeto a las ideas de los demás", "voluntad decidida de concordia, de paz y de entendimiento”…

Bada, hori kontuan izanda, zergatik ez pasarteen bat edo beste plagiatu nonbaitetik?

Beno, ba kontua da gezur biribila dela jaso genuen watxapeko mezua. Liburua ez zen Luz Gabasena, Jimina Sabadurena baizik, eta ez darama izenburutzat Palmeras en la Nieve, baizik eta Las Palmeras.

Baina bi detaile horiek txiki geratzen dira, watxaparen edukiari erreparatuz gero. Aurreneko irudian agertzen den liburuko pasarte hori Erregearena da bai, baina 2017ko urriaren 3an egin zuen diskurtsokoa da; eta hain zuzen ere, Sabadu idazleak pasarte horixe hartu, eta aurten argitaratu duen Las Palmeras aipatu liburura eraman du.

Whatsappeko mezuko bigarren irudiak dakarren pasartea, beraz, Erregearena da, bai, baina ez aurtengo martxoaren 18koa, 2017ko urrikoa baizik.

LaSextako Ana Pastor kazetariak sortutako Newtral.es web orrian (ikusentzunezko edukien agentziaren web orrian alegia), irakurri daiteke fake news, ziri sartze edo gezur horren nondik norakoa.

Bakoitzari berea.

 

Gaztelania, garrantzisko gauzetarako

Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldia egin zuen telebista publikoan igandean, Xabier Garcia Ramsden kazetariak elkarrizketatuta. Gaztelaniazko ETB2 hautatu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleengana zuzentzeko osasun larrialdi ezin bortitzagoaren testuinguruan, eta horrek zenbait kritika eragin ditu euskal mundutik.

Izan ere, krisialdi honetan, euskararen ahultasuna agerian geratzen ari da beste behin, ez bakarrik sare sozialetan eta whatsappetan jasotzen ari garen informazio zaparradari begiratuz gero, baita ere, agintari publiko zein komunikabide publikoetatik jasotzen ari garen informaziori dagokionez ere (telebistan gehienbat, izan ere irratian ez daukagu zertan kexaturik Euskadi Irratiko langileen konpetentzia profesionalari dagokionez). Begiratu besterik ez dago ETB1eko eta ETB2an artean dagoen desoreka izugarria albistegietan, erreportajeetan, aspalditxoan gertatzen ari dena eta egunotan ageriago geratzen ari dena.     

Euskararen ahultasuna eta aurrekontuekin eta telebista publikoen jarrerarekin batera, lehendakariaren hizkuntza hautaketa izan zuen hizpide Josu Amezaga EHUko irakasleak Euskadi Irratiko Faktoria saioan gaur goizean, Sinadura izeneko tartean (07:55ean goizero, hainbat iritzi emaile). Euskara eta koronabirusa izenburuko iritzian. Zera dio, besteak beste:

“(...) Informazio inoiz baino irrika handiagoarekin bilatzen dugun unean, ohiko joeran jarraitzen du gure telebista publikoak. Denbora gehien, ordutegi hoberen eta saio bereziak erdarari emanez alegia. Gutariko batzuen lehendakariak ere, erdara aukeratu zuen herenegun telebistan hiru ordu laurdeneko agerraldia egiteko. Sakoneko mezua argia da: gauza garrantzitsuak, erdaraz hobe. Gaixo indartsuari uztearren, arnasgailurik gabe utzi duten gaixo ahulak bezalatsu sentitzen naiz, aldeak alde, euskaldun gisa...”.

Iñaki Petxarroman kazetariak ere agintarien agerraldiak eta euskara lotu zituen iritzi berean, Berria egunkarian atzo, Galdera deserosoei eta euskarari ihesi izenburupean. Agintarien agerraldiak jarraitzen dituen kazetaria izanik, bi ondorio atera ditu azken egunetan: 

“(…) Bat, ez direla galdera guztiak erantzuten -askotan, administrazioarentzat deserosoak izan daitezkeen itaunak aipamenik gabe geratu izan dira-; eta bi, euskarak ia ez daukala lekurik agintarien agerraldi horietan…”.

Baten batek pentsa dezake txikikeriatan gabiltzala, huskeria dela ordezkari politiko batek une batean egin duen hizkuntza hautaketa, kontuan hartuta zein neurritako osasun krisialdi kolektiboa bizi dugun. Baina beharbada kontziente beharko genuke izan halako uneak ezin egokiagoak izan ohi diren kontrastatzeko zenbateraino diren sinesgarriak eta koherenteak euskararen normalizazio osoaren aldeko konpromisoak, abenduaren 3ko ospakizunean eta antzeko egun seinalatuetan solemneki aldarrikatzen dizkigutenak.

 

Lehendakariaren komunikazio gaitasuna

Portzierto, Joxe Aranzabal kazetari eta irakasleak Faroa izeneko bere blogean martxoaren 13an idatzi zuen artikuluan, lehendakariak euskaraz eta gaztelaniaz aritzen zenean desberdintasun nabariak antzematen zizkiola azaldu zuen. Hona zer zioen, besteak beste:

"(...) Euskaraz hitz egiten duenean (gehienetan horrela iruditzen zait), Urkulluk automata bat ematen du, testu kafkiano samarrak irakurtzen (nork idazten dizkio mondrongo horiek?), zer esaten duen oso ondo ez dakiela. Gaztelaniaz diharduenean, berriz, ematen du abade bat predikatzen, eta, aldizka, errege emeritua. Horrek guztiak ilundu egiten du mezua. Eta momentu hauetan hori da gutxien behar duguna".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!