Eserialdia, burrunba... ekintza ezberdinak burutzeko deia egin dute, beti ere “prebentzio neurriak” hartuz.
Hauxe da adostu duten manifestua:
"1. Gure OSASUNA arriskuan jartzen delako
- a. Oinarrizko Zerbitzuetan jarduten dugun langileok (osasungintza, zahar egoitzak, etxez etxeko laguntza, garbiketa, garraio publikoa, anbulantziak, supermerkatuak, ...) gure osasuna bermatzeko neurri prebentiborik gabe ari gara. Ondorioz, gure osasuna arriskuan jartzen ari dira. Jendartearen osasuna eta bizitzak zaintzen ari garenok, gure lana segurtasun osoz egiteko bermeak behar ditugu. Hori da modu bakarra geure osasuna eta etxetik irten gabe dauden gure familiena zaintzeko.
- b. Oinarrizko zerbitzuetan lan egiten ez dugun langileok, lanera joatera behartuta gaude, Eusko Jaurlaritzak, Nafar Gobernuak eta patronalek interes ekonomikoak gure osasunaren gainetik jartzen dituztelako.
- Oinarrizkoak ez diren lan guztiak bertan behera gelditu behar dira. Ez du ez hankarik ez bururik, asteburuetan etxean gure familiekin konfinatuak egotea eta aste barruan lanera joan behar izatea, beste hainbeste lankiderekin batera, kutsatzeko arrisku bizian. Gure osasuna eta gure familiena arriskuan jartzen ari dira aipatu arduradunak.
2. Gure LANPOSTUAK arriskuan jartzen direlako
- Aurreko krisi ekonomikoa langileok ordaindu genuen. Orain patronalek eta Gobernuek osasun krisia ere guk ordaintzea nahi dute. Jada hasi dira behin-behinekoak eta lan prekarioak dituztenak kaleratzen. Milaka ERTE tramitatu dituzte inongo negoziaziorik gabe.
- Beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzak eta Nafar Gobernuak interpelazioa egitea Confebask eta CEN patronalei, lanpostu guztiak bermatuak egon daitezen. Ez dugu kaleratzerik onartuko.
3. Gure LAN BALDINTZAK arriskuan jartzen direlako
- Aurreko krisia gure bizitzen eta lan baldintzen kaskartzearekin ordainarazi ziguten langileoi, gaurdaino etenik izan ez duen prekarizazioarekin.
- Orain errezeta bera aplikatu nahi digute:
- Tramitatu diren ERTEetan ez da negoziaziorik egon. Langile asko eta asko langabeziara goaz, beste inolako aukerarik gabe. Beharrezkoa da patronalak gure langabezitik jasoko duguna soldataren %100 arte osatzea.
- Tramitatu diren ERTEak ezin dira alarma egoeratik harago luzatu. Ahalik eta arinen gure lanpostuetara bueltatu nahi dugu.
- Krisi hau guztia hasi aurretik genituen baldintzetan itzuli nahi dugu lanera, atzerapausorik gabe.
Langileok ez ditugu krisi honen ondorioak ordainduko. Eskakizun argi eta zuzena dugu: Eusko Jaurlaritza, Nafar Gobernua, Confebask eta CEN: Gure Osasuna, Lanpostuak eta Lan Baldintzak bermatu".