Irribarrerik gabe, bizi ote liteke?
Nahitaezko da umorea bizitzari aurre egiteko, eta zer esanik ez bizi dugun salbuespen-salbuespenezko egoera honen erdian. Egunean zehar noiz edo noiz bixita egiten diguten itolarrietatik, beldurretatik, amorruetatik, antsietatetik, depresioetatik… iraun-bizitzeko, botikarik eragingarriena da une batean irribarretxoa eragingo digun txiste hori. Desdramatizatzeko egoera eta aldarte terapeutikoa sortzeko lain izango dena, pittin bat bederen. Izan munduko inuxenteena edo makal amorratuena. Izan maliziaz edo kritika sozialez egindako arrazoi bikaina, errealitatea gordina azpikoz gora jarriko duena. Izango dira, noski, gu baino adituagoak gizakien eta gizarteen jokabideetan iritzi formatuagoa eman dezaketenak. Horiek arrantzatzen saiatuko gara hurrengo egunetan.
Aktualitatearen aparrean beti dabiltzan pertsonaje publiko boteretsu eta izartsuen bizkar umore adimentsua sortzeak, izan ere, badu bere grazia. Eta filosofia horretatik edan zuten pittin bat Euskadi Irratian Amarauna goiz magazinean larunbatean (martxoaren 28an), Nagore Telleria esatariak zuzenduta. Irratsaioko taldekoek Londresen bizi den Maider Lakallerekin eta Bruselan bizi den Mikel Rotaetxerekin tertulia osatu zuten.
Hango eta hemengo kontuak hizpide zituztela, halako batean, barre maltzur politak egin zituzten Carlos Ingalaterrako printzeak koronabirusaren gaitza harrapatu duela-eta (grabazioan, 01:00:30tik aurrera). Entzuleek ere haiekin bat egin genuela esango nuke. “Eskerrak brometarako bidezidorrak topatzen ditugun” zioen Telleria irratsaioko zuzendariak, irrati publiko batean bekatutxoa egiten ariko balira bezala, nolabait bere jokabidea eta besteena justifikatzera behartua balego bezala politiko zuzenak ez diren arauak hausteagatik. Ez emakume! Katarsi ariketa polita egin zenuten kuadrillan irratian, eta entzuleoi ere momentu atsegina eskaini zeniguten, egunetan barruan pilatutako emozioen liberaziorako aitzakia egoki bihurtuz unea. Ordaintzen nekeza den aldartea.
Besteen minagatik zernahi sentitzeko lizentzia
Besteek jasandako heriotz, gaixotasun edo kalteei gutxieneko errespetua zor zaie, hala behar behintzat, hezi-lege jokatzea baita komeni. Baina abilitatea librea ere bada giza sentimenduen unibertsoan, eta zergatik ez aske izan zernahi sentitzeko, eta horiek adierazteko zentsurarik gabe… Terreno irristakor batean murgiltzen gara, eta ez da erraza moralki edo etikoki juzgatzen hastea.
Hori bai, oinarri-oinarrizko printzipioa zehazterakoan behintzat, ados beharko genuke egon denok, izan honetan edo hartan jakintsu edo ez izan ezertan: sare sozialek eskaintzen diguten anonimotasunaz probesteak, zilegitasuna ken diezaguke.
Pertsonaje publiko (politiko, kantari, futbolari…) anitzek positiboa eman dute konorabirusarekin aurreneko egunetan batik bat. Ez arriskuko taldekoak direlako, edo gainerako herrikide xeheen bizimodu beretsua egiten dutelako, baizik eta estatuan gizartearen gehien-gehiengoak egin ezin dezakeen testa egiteko pribilegioa eduki dutelako.
Carlos Printzea, Boris Jonhson, Tom Hanks, Harvey Weinstein, Placido Domingo, Santiago Abascal, Ortega Smith, Esperanza Aguirre, Isabel Diaz Ayuso, Carmen Calvo, Irene Montero, Ezequiel Garay... Horien izenak birusarekin eta positiboarekin lotu orduko, sare sozialetan zenbait tokietan bozkario moduko zerbait sumatzen da. Eta Donald Tramp zerrendara batuko balitz hurrengo egunetan, ez dago irudimen handirik behar jabetzeko zer nolako festa piztuko litzatekeen, sare sozialetan.
Domingo, Aguirre eta Ayusorekin antz ematen da aparteko fijazioa, iradokiz justizia poetikoa betetzen ari dela, edo eta patuak eskaini dien mendekua jasaten ari direla. Aitortu dituen delitu sexualengatik lehenbizikoa, Madrilgo komunitateko presidentea izanik osasun publikoa pribatizatzen trebatu zirelako/direlako beste biak.
Fonsi Loaiza kazetaria, unibertsitateko irakaslea eta sare sozialetan aktibista nekaezina izango da, ziurrenik, Espainiako estatuan sektore boteretsuak gehien zirikatzen ari den pertsona. Enpresariak (Amancio Ortega, Florentino Perez, apustu etxeen jabeak…), kirol munduko agintariak (Tebas, futbol taldetako presidenteak…), politikariak (PP, Vox eta Ciudadanos-ekoak batik bat…) ditu jomugan eguna etorri eguna joan. Txio ugari zabaltzen ari egunotan horiek denak astinduz, baina lagin gisa Esperanza Aguirreri lotutako bi hartuko ditugu, martxoaren 19an bertan zabaldu zituenak, jakin zuen bezain pronto politiko ohia eta bere senarra ospitalizatu (ospitale publiko batean) behar izan zutela. Arratsaldeko 14:00ak pasatxo egin zuena lehenbizikoa, eta handik hiru bat ordura egin zuena bigarrena.
Loaizak ehunda hamabost milatik gora erabiltzen ditu bere kontuak, eta horietatik asko animatzen dira bere balak birtxiokatzera edota iritzia edo informazioa gehitzera (bai parrokiako jarraitzaileak eta baita etsaiak). Izen-abizenekin zein era anonimo batean.
Madrilen hildakoetako bat, estimatua
3.000 mila lagunetik gora dira hildakoak Madrilen, dagoeneko. Denen artetik, Chato Galante egiten zait ezagun bakarra, gertukoa eta estimatua, bere bizitzan frankismoaren kontrako kausari ez ezik demokraziak hari eskaini izan dion inpunitatearen aurkako kereilari dedikatu zion ahaleginagatik.
Twitterreko bere kontutik jakinarazi zuten atzo.
Heriotzak animoz beterik harrapatuko zuen gizona ziurrenik, prestutasun eta ilusio osoz martxoan Estatu espainiarrera hurbiltzekoa zen Maria Servini epailea argentinarrari ongietorri egiteko. Zorigaitzez, gizonak ez du ikusiko sekula Martin Villa ministro frankista epailearen aurrean nola deklaratzen duen, eta gutxiago ikusiko frankisten biktimentzat egia, justizia eta aitormenaren printzipioa nola kunplitzen.
Publico agerkari digitalak agudo eman zuen heriotzaren berri atzo, bere bizitzako zenbait zertzelada bilduz.
Hotzikara eragiten du haren biografia pertsonalak, aktibista gisa jasan zituenak: lau aldiz atxilotua eta torturatua (horietan Billy el Niño komisarioa ezagutzeko parada eduki zuen, eta baita “probatzeko” haren torturatzeko metodo sadikoak).
Sufritutako tortura saioen inguruan Galantek bera garaian eman zuen testigantza osoa eskaini zigun atzo bertan Publico-k.
2015ko uztailean ere erreportaje luze eta mamitsua egin zuen Galantaren adierazpenekin agerkari berak.
Frankismoko biktimei testigantza pertsonalak emateko aukera eskaintzen dien Recuperando Memoria irratian, 2016ko maiatzean egin zioten elkarrizketa sarean dago, eta bere ahotsa entzun liteke ia ordu beteko solasaldian.
2019an dokumentalik onenaren Goya saria jaso zuen El Silencio de los Otros filmeko protagonistetako bat ere izan zen.
Youtuben berari Canal Abierto sareko telebistak 2019ko ekainean egindako elkarrizketa luze bat ikus daiteke
Egiazki, frankismoaren milaka eta milaka biktimek ez bezala, Galantek berarekin eraman dezakeen kontsolamendua da lekukotza zuzena emanda utzi gaituela. Nahiz eta ez duen bizitu ahal izan Estatu espainiarrean nola ezartzen zen egiaren ezagutza eta justiziaren aplikazioa.
Bere adiskide zen Cristina Fallaras kazetari eta idazle feministak Galanteren heriotza gogoan hartu zuen bere twitter kontuan atzo. Eta aipatu bazuen, aipatu, hor agertu ziren heriotzagatik batere tristetu ez baizik eta pozaldia hartu duten hainbat erabiltzaile, bide batez Fallaras bera irainduz.
Egin kontu, 18 erantzun zenbatu daitezke Fallarasen txioaren ostean, eta horietatik 13etan heriotzagatik “plazera” islatzen da, disimulu gutxirekin adierazita.
Twitter foro irekian parte hartzeagatik onetsi beharreko ordainsaria da hori, adierazpen askatasunaren mesedetan.