Konfinamenduan osasuntsu mantentzeko gomendioak

Ainhoa Gil 2020ko mar. 30a, 17:00

Aholku ezberdinak kaleratu ditu Osasun sailak bere webgunean. Ongizate emozionala, fisikoa, elikadura..., alderdi ezberdinak zaintzeko aholkuak bildu dituzte. Jarraian, gomendio eta aholkuen lagin bat:

Aholku orokorrak

Garrantzitsu da eguneroko errutina sortzea. Ordutegi erregularrak betetzea laguntza handikoa da emozionalki indartsu mantentzeko eta urduritasuna kontrolpean mantentzeko.

Jarduera mota desberdinen arteko oreka bilatzen saiatu, besteak beste:

  • Autozainketa (higiene pertsonala, elikadura, atsedena).

  • Erantzukizunak (telelana eta etxea edo gainerakoak zaintzea).

  • Ariketa fisikoa.

  • Aisia.

Fisikoki aktibo mantentzea oso garrantzitsua da. Ariketa fisikoak eragin positiboa du ongizate emozionalean. Antsietatea murrizten eta loaren kalitatea hobetzen laguntzen du. Saiatu egunero ariketa fisiko pixka bat egiten. Adibidez, etxean ibiltzea, dantza egitea, ariketa-taulak egitea, eskailerak igotzea, etab.

Gogoratu leku nahikoa uztea gehien gustatzen zaizkizun edo ondo sentiarazten zaituzten aisia-jardueretarako.

Beste pertsona batzuekin bizi bazara, saiatu konpainian zauden denbora eta intimitaterako une eta espazio batzuk uztartzen. Garrantzitsua da elkarbizitzarako oinarrizko arau batzuetan ados jartzea.

Informatuta egon, baina mugatu informazioarekiko esposizioa eta ondo hautatu iturriak. Koronabirusari buruzko informazioa berrikusiz ematen duzu denbora mugatu, bereziki horrek gaizki sentiarazten bazaitu.

Egon besteekin konektatuta. Gizarte-babesa funtsezko laguntza da egoera honi aurre egiteko, bakartze luzea osasun emozionalerako etsai handia izan ohi baita.

Batez ere, bakarrik bizi bazara, saia zaitez beste pertsona batzuekin aldian-aldian harremanetan jartzen telefonoaren, mezuen edo bideo-deien bidez. Bereziki garrantzitsua da konfiantza handieneko pertsonekin hitz egitea eta haiekin zure sentimenduak eta kezkak partekatu ahal izatea.

Gorde eguneko une batzuk pentsamendu positiborako eta erlaxatzen saiatzeko. Nekeak eta pilatutako tentsioak ezinegon emozionala areagotzen du, eta zailagoa egiten du gehien komeni zaizunari buruz argi pentsatu ahal izatea.

Sarritan gogoratu egoera hau pasatu egingo dela, profesional asko ari direla egoera hori ahalik eta lasterren konpontzeko lanean, eta bakartze-aldia guztion onerako zentzuzkoa dela. Zure buruari gogorarazi uste baino pertsona indartsuagoa izan zaitezkeela.

Erlaxazio-teknikaren bat ezagutzen baduzu, saiatu erregulartasunez praktikatzen. Horrela ez bada, beste une batzuetan lagundu dizuten erlaxatzeko beste modu osasungarri batzuekin proba dezakezu (adibidez, musika entzutea, dantza egitea, ariketa pixka bat egitea...).

Zer egin ondo ez bazaude?

Litekeena da egun batzuk luzeagoak edo gogorragoak egitea. Egoera honetan, gogo-aldarteak gorabehera garrantzitsuak izan ditzake, eta, besteak beste, antsietatearen, tristuraren, loezinaren eta larritasunaren sintomak dituzunean egoera hori gainditzeko duzun ahalmenari buruzko zalantzak izan ditzakezu.

Egoera horretan, komeni da:

  • Pentsa ezazu agian egun txarra dela eta pixkanaka hobeto sentituko zarela.

  • Zentratu gaurko egunean eta saiatu haratago ez pentsatzen. Utz itzazu etorkizunari buruzko kezkak gerorako. Orain kezkatzeak, ziur aski, ez dizu horiek konpontzen lagunduko.

  • Saiatu distraituta eta lanpetuta egoten jarduera atseginetan, urduritasunik sortuko ez dizuten horietan.

Ikusten baduzu ez duzula hobera egiten, edo uste baduzu dituzun antsietate, larritasun, tristura edo loezineko sintomak edo bestelako sintomak intentsitate handikoak direla, eta ezin badituzu zure kabuz edo zure inguruko pertsonen laguntzarekin maneiatu, garrantzitsua da zure lehen mailako arretako zentroarekin edo 112arekin kontsultatzea. Suizidio-ideiak badituzu, komeni da lehenbailehen kontsultatzea.

Haurren zaintza emozionalerako aholkuak

Haurrek egoera estresagarrien aurrean erreakzionatzeko duten modua haien adinaren, aurretiko esperientzien eta izaeraren araberakoa izaten da. Zaintzaileak lasai badaude, errazagoa da haiek ere lasai egotea.

Gomendio batzuk betetzea komeni da:

  1. Saiatu haurrak beren ohiko zaintzaileengandik hurbil egon daitezen edo, gutxienez, haiekin harreman erregularren bat izan dezaten (adibidez, telefono bidez).

  2. Eman informazioa, argitu zalantzak.

  3. Errutinak, ordutegiak eta jarduerak eskaini.

  4. Adi egon haien osasun emozionalari.

    • Ohikoa da haurrek beren zaintzaileen laguntza eta arreta gehiago behar izatea une hauetan.

    • Mugatu informazio kezkagarrietarako haurren esposizioa.

    • Beldurra edo tristura bezalako emozioak modu seguruan eta positiboan adierazi.

    • Ikusten baduzu oso kezkatuta daudela, antsietate, suminkortasun, tristura edo iragankorra ez den beste edozein portaera-arazoa dutela, eta ez badakizu nola egin aurre edo kezka sortzen badizu, eskatu laguntza zure lehen mailako arretako zentroan.

Gomendio guztien berri zehatza ikusi ahal izateko: https://www.euskadi.eus/konfinamendu-osasungarria/web01-a2korona/eu/

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!