Koronabirusa

Informazioa eta aholkularitza, geldialdi ekonomikoa arintzeko

Aiurri 2020ko api. 1a, 08:13

Beterri-Buruntzako udalek arreta zerbitzua zentralizatu dute. Covid19 izurriteak ekarri duen geldialdia arindu asmoz, informazioa eta aholkularitza eskainiko diete eragile ekonomikoei. Web orrialde bat zabaldu dute propio.

Konfinamenduak eragin zuzena izan du ekonomian. “Beterri Buruntzako udalak kontziente gara herritarrengan eta eskualdeko eragile sozial eta ekonomikoengan zaurgarritasun egoera handitu egin dela, eta ziurgabetasun egoera areagotu”.

Informazioa eta aholkularitza

Krisiaren eragina gutxitze aldera, Beterri-Buruntzako udalek zerbitzuak zentralizatzea adostu dute. Enpresa eta autonomo guztiei zuzenduta dago eskaintza. “Eskura ditugun gaitasun guztiekin eta gainontzeko administrazioekin batera (Gobernu Zentrala, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia eta Tokiadministrazioak)” arituko dira. Etortzear diren neurri publikoen nahiz diru-laguntza deialdien berri emango dute. Eta horiek eskualdean aktibatzeko bideak erraztuko dituzte, “informazioa eta aholkularitza eskainiz”.

  • Autonomoen kasuan, esteka hau dute eskura: Autonomoak.
  • Enpresen kasuan, esteka honetan dute informazio gehiago: Enpresak.

Arreta zerbitzua nahiz laguntzen inguruko informazio guztia beterriburuntza.eus web orrialdean topatuko duzue. “Eskualdeko teknikariak eta udal bakoitzeko teknikariak elkarlanean, web orrialdeko informazioa eguneratzen joango dira”.

 

Eskaerak bideratzeko prozedura

Eskaerak bideratzeko bi modu daude. Beterri-Buruntzaldeko udalen web orrialdean galdetegi bat ipini dute. “Helburua da eskaera guztiak jaso eta banakako erantzuna ematea”. Prentsa-ohar bidez aditzera eman dutenez, 24 orduko epean jarriko dira interesatuarekin harremanetan.

Aipaturiko web orrialdean gaiz, interesatuek bi telefono zenbaki dituzte eskura. “Zalantza guztiak argitu eta behar bezalako aholkularitzara bideratzeko”.

  • Telefono zenbaki orokorra: 943 304 221 (8:00-14:00).
  • Telefono zenbakia COVID-19: 699 692 175.

"Gure helburua da ekonomia ahalik eta azkarren berraktibatzea"

Arreta zerbitzu honekin, unean uneko eskaerei erantzun nahi zaie. Bide batez, jasotako informazioaren kudeaketa “oso baliagarria izango zaigu geroko ondorioei aurre egiteko: behar kolektiboak detektatu eta eskualde mailako estrategi bateratua eraikitzeko”, Beterri Buruntzako udalek aditzera eman dutenez. “Gure helburua ekonomia ahalik eta azkarren berraktibatzea da", eta egoera honek guztiak ahalik eta eragin sozial gutxiena eragitea eskualdean.

Eskualde honetan ez da Garapen Agentziarik oraindik, baina Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalek agentziaren pareko zerbitzua eskaintzen dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!