"Autismodunentzat mesedegarria da kalera irteteko baimena ematen dien dekretua"

Xabier Lasa 2020ko api. 2a, 19:44

Jimmy Brosa, Gautena elkarteko koordinatzaileetako bat etxean lanean

Autismoko espektroko nahasmendua daukaten pertsonei eta beren familiei laguntza eskaintzen dien Gipuzkoako Gautena elkarteko koordinatzaileetako bat da Jimmy Brosa andoaindarra. Pertsona horiei bereziki kalera irteteko baimena ematen dien dekretua indarrean jarri zuen Madrilgo gobernuak martxoaren 20an. Autismodunekin salbuespena egitearen premia defendatu du Brosak, eta aldi berean, gaur ospatzen den Autismoaren Nazioarteko Eguna hartu du gogoan.

Pertsona autistadunak bizitza-kalitate ona izan dezaten eta euren inklusioaren alde egiten duzue lan, baina salbuespen egoera honetan inoiz baino zailago edukiko duzue zuen helburuak betetzea.

Bai, jakina. Zaila egiten ari zaigu guztioi osasun krisialdia, eta ez kutsatzeak dauka lehentasuna gaur egun. Horretan saiatzen ari gara. Ohiko egoeran zerbitzu desberdinetatik bideratzen ditugu artatzen ditugun pertsonak, eta une honetan, zerbitzu horietako bakoitzari dagokion jarraipen lanari eusten ari gara. Hezkuntza arloan, gela egonkorrak ditugu, eta irakasleak beren ikasleen jarraipena egiteko euren familiarekin harremanetan jartzen ari dira; egunerokotasun berrirako errutina berriak jartzen laguntzen diete familiei, eta egoera berrian planteatzen ari zaizkien zailtasunei aurre egiten laguntzen diete. Horretarako, primeran datorkigu psikologoen Tratamendu zerbitzua. Noski, nahiz eta jokabide arauak orokorrak planteatu, aintzat hartzen dugu desberdinak direla kasu bakoitzaren beharrak; horrexegatik, familia bakoitzari arreta egokitzen saiatzen ari gara.

Bestalde, hainbat etxebizitza gure ardurapean daude, eta horietan 80 pertsona bizi dira. Horien zaintza gure lehentasuna bilakatu da une honetan.

Niri dagokidanez, etxean lan egitea egokitu zait. Arazoak planteatzen zaizkien familiei laguntza eskaintzen diet, komunikazio arloa kudeatzen ari naiz, eta hortaz aparte denbora edukiz gero, beti dauden egitekoei heltzen diet.

 

Zuen espezialitatea autismoa izan arren, behar bereziko pertsona gehiago ere artatzen dituzue…

Bai, badira beste pertsona batzuk autismoa ez dutenak, baina beraien beharrak autismoa duten pertsonen antzekoak direnez horiei ere eskaintzen diegu laguntza, baldin eta tokian tokiko administrazioek horretarako eskaera egiten badigute.

 

Eskualdean zenbat autismodunei eta familiei eskaintzen diezue laguntza?

Herriz herri, hainbat familia dira: Andoainen 33 (bertan bi ikasgela egonkor ditugu, La Salle Berrozpe eta Ondarreta ikastetxeetan), Urnietan 17 (etxebizitza bat daukagu), Amasa-Villabonan bi, Zizurkilen bost eta Asteasun lau.

 

Konfinamendu kolektiboko garai honetan, denok sentitzen dugu kalera irteteko beharra, baina apartekoa da autismodunen kasua. Azalduko zeniguke nola bizitzen ari diren salbuespen egoera?

Autismodun pertsonek, orokorrean, beren mundua errutinei esker ulertzen dute. Hiru bizi arotan bezala sailkatu dezakete bizimodua: astean zehar -eskolako errutinekin lotutakoa-, aste bukaeratan eta oporraldietan. Hori da ideala beren bizimoduetan. Egunotan gertatzen ari den guztia erabat berria da denontzat, eta baita beraientzat ere. Orain familiei errutina berriak jartzen saiatzen ari dira, pertsona autismodunen behar eta interesetan oinarrituta. Batzuekin egokitze prozesua oso ondo doa; are gehiago, esango nuke batzuk ohiko errutinarekin baino hobeto sentitzen direla oraingo berri honekin. Adibidez, egoera normalizatu batean eguneroko martxa (presaka jaiki, jantzi, gosaldu…) oso gogorra egiten zaie batzuei, oso estresgarria. Orain, berriz,  aldatu egin zaizkie erritmoak, eguneroko ekintzak patxada handiagoarekin egiteko aukera daukate, eta horrek estresa gutxitzea eragin die. Errealitate hori pertsona batzuengan sumatzen ari gara, eta ondoriozta dezakegu zeinen bizimodu estresgarria daramaten ohiko egoeretan.

Aitzitik, beste autismodun pertsona batzuentzat egoera berria ez da horren polita gertatzen ari; denbora pasarako interesa gutxi dutenentzat batik bat. Demagun etxean haur bat dugula telebista, ordenagailua, play-a, tablet-a, irakurtzea, idaztea… gogoko ez duena; bada, haur horrentzat eguna amaigabea bihur daiteke. Horixe bera gertatzen zaie autismodun pertsona batzuei: alegia, kirola, oinez ibiltzea edo piszina kenduz gero, eguna oso-oso luzea egingo zaiela, eta azkenean, portaera arazoak maizago errepikatzeak hor izango dutela jatorria. Autismodunak salbuespentzat jotzen dituen gobernu dekretuari esker kalean ibilalditxo bat egiteko aukera daukate orain, eta mesedegarri gertatzen ari da askorentzat.

 

Laguntzaileekin batera kalera irten diren pertsona autistek, zenbaitetan, balkoietatik irainak entzun behar izan dituzte Estatu espainiarrean, eta isunak ere jarri zaizkie. Zuek ezagutu al duzue horrelako gertaerarik?

Badakigu bai, zenbait lekuetan arazoak sortu izan direla, nahiz eta dekretuak baimendu kaleko paseo horiek. Gure inguruan ez dut uste halakorik gertatu denik oraingoz, eta datu horrexek harro egoteko arrazoia eragin behar liguke. Izan ere, herrikideen halako jokaera baztertzaileak gizartearen isla izan daitezke.

 

Zapi urdin identifikagarriarekin kalera irtetearen aldeko ekimena luzatu dute zenbait gurasok. Nola ikusten duzue ekimen hori zuek?

Gu ez gara identifikazioarekin kaleratzearen aldekoak; nahiago dugu jendeak egoeraren salbuespenaz kontzientzia hartu dezan, inor epaitzen hasi aurretik. Nolanahi ere, ulertzen dugu familiaren batek aukera hori onetsi badu, aurrez esperientzia txar bat izan duelako, edo eta, pentsatzen badu horrelaxe lasaiago ateratzen lagunduko diola. Gai honetan hiru errealitate argi eduki beharko genituzke. Lehena, pertsona autistek kalera irteteko premia edukitzen dutela normalki. Bigarrena, familia batek kalera irteteko erabakia hartu badu, estres puntu batera iritsi ondoren izan dela, ez lehenago. Eta hirugarrena, Estres puntu hori dela-eta kalera irten ondoren norbaitek zerbait iraingarria esaten badizu edo kargua hartzen, oso gogorra izan litekeela bai pertsona autistarentzat nahiz bere ondo doanaren familiar edo laguntzailearentzat

 

Gaur Autismoaren Nazioarteko eguna da. Sentsibilizaziorako ekintzarik antolatu duzue?

“Etxetik Urdindu Eguna" izendatu dugu, urdinez bizitzea nahi baitugu gaurko eguna. Autismodun pertsonei dedikatu nahi diegu, beraiek bizitzeko beste modu bat erakusten digutelako. Baina egia esan, ez dugu zarata haundirik atera nahi izan, izan ere gizarteak birusarengan jarri baitu bere lehentasuna, normala denez. Gizartean arazo bat bezala ikusi daitekeena guk abantaila bezala planteatzen dugu autismoaren gaia, eta alde horretatik, gizartea sentsibilizatzea helburu duten aldarrikapen desberdinak prestatuak geneuzkan gaurko egunari begira, baina aldarte hobeago baterako utzi ditugu. 

 

Autismoaren Nazioarteko Eguna dela-eta, sareetan mezua zabaldu dute, erakundeei eta herritarrei hainbat proposamen luzatuz.

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!