Koronabirusa

“Lehen aldiz, joera aldaketa positiboa sumatzen ari gara”

Aiurri 2020ko api. 4a, 23:30

Urkullu Lehendakariak Euskal gizarteari mezua helarazi zion, atzokoan: “Gure bizitzetako une zail eta ezohiko honetan, hiru mezu partekatu nahi ditut: Dolumina, Itxaropena eta Irauntza”.

Lehendakariaren hitzaldia

“Lehendabizi, Dolumina.

Birusaren ondorioz hil diren pertsona guztiak oroitu nahi ditut. Errealitate lazgarria da. Ulertzen dut familia bakoitzaren mina… Maite dituztenak baldintza berezi eta mingarrietan agurtu behar dituzte… Ulertzen dut zein gogorra izan behar duen dolua egiteak, senide eta hurbilekoen babesik gabe. Oinaze eta tristura horren aurrean, nire sentimendurik zintzoena helarazi nahi dizuet… Jaso ezazue nire doluminak eta elkartasuna.

Bigarrena, Itxaropena.

Hiru asteko konfinamendu eta sakrifizioaren ondoren, lehen aldiz itxaropen izpi bat ikusten dugu. Lehen aldiz, joera aldaketa positiboa sumatzen ari gara. Heriotzen inguruko albisteak oso gogorrak izaten ari dira. Ez dago zalantzarik. Hala ere, badaude zenbait datu ikuspegi positiboa izateko: kutsatu berrien jaitsiera, ospitaleetako ohe-ahalmena edo alten bilakaera. Zuhurtziaz ari gara, baina esan beharra dago itxaropenerako datuak ditugula. Gizartearen ahaleginari esker, guztiok egiten ari zareten ahaleginari esker, emaitza onak lortzen ari gara.

Hirugarrena, Irauntza.

Badakit azken asteak oso gogorrak izaten ari direla. Batez ere osasun-arloan edo arlo soziosanitarioan lanean ari diren profesionalentzat. Arratsaldero jasotzen duzue gizartearen elkartasuna balkoi eta leihoetatik. Gaur, berriro ere, merezitako aitortza horrekin bat egin nahi dut.

Ulertzen dut, halaber, pertsona asko nekatuta egotea. Bereziki, adinekoak, etxeko txikienak edo gazteak. Ahalegin handia egiten ari zarete. Badakigu. Eskertzen dizuegu. Orain, ezin dugu arreta jaitsi. Une honetan amore emateak egindako lan guztia galtzea ekarriko luke. Etxean jarraitu behar dugu… Segurtasun-neurriak mantendu... Eskuak garbitu eta osasuna zaindu... Konpromiso eta erantzukizun horri eutsi behar diogu. Hori da irauntza.

Ziurtatzen dizuet dena egiten ari garela, ahal dugun guzti-guztia, egoera honetatik ateratzeko… Normaltasunera itzultzeko. Ahalegin partekatu horrek emaitzak ekarriko ditu. Urratsez urrats. Egunez egun. Norberaren ahalegina funtsezkoa da egoera hau gainditzeko. Garaipen handiak ahalegin txiki asko batuz lortzen dira. Guztion artean!

Bihotz bihotzez, eskerrik asko!”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!