Aberatsen dohaintzak, ustezko filantropia
“Lapur txikiyak kastigatzeko
nun-nahi badago kartzela
kupira gabe ematen zaio
denbora askoko itzala,
esanaz "egindako okerrak
hantxen pagatu ditzala";
haundiyak libre ikusten dira
pasiuan dabiltzala,
ez projimua maite bagendu
gere burua bezela.
Txirritak Bertsolariya aldizkarian 1931/10/11n argitaratu zuen bertsoa zekarren gogora herenegun Xabier Euzkitzek Noticias de Gipuzkoa egunkarian Biba zuek izenburupean (larunbateroko Zirika zutabean).
Bertso hori etorri zitzaion burura etxeko txikienak "eta orain nola moldatzen dira lapurrak?" galdetu zionean, lapur txikiak gogoan hartuta. Gaizkintza mota horrek beherakada nabarmena izan duela, baina lapur handiek berdintsu jarraitzen dutela zioen telebistako aurkezleak, eta gaineratzen gaizkintza ez dela lapurretara mugatzen. Eta horretako, Fake news-ak -“gezurra eta zikina”- zabaltzen dituztenak edo Caritas erakundearen izena eta logoa erabiliz bonoak eskaini dituenak zituen hizpide.
Lapur handiek berdintsu jarraitzen dutela dioenean Euzkitzek, ez dakit gogoan dituen ala ez Estatu espainiarrean denentzat ezagunak diren aberats batzuek. Egungo legeen mugak gainditu ez arren, gizartearen ongizatearen kontrako gaizkintza etikoa praktikatzen ari direnak.
Adibidez, egunotan krisialdiarekin gehien irabazten ari diren hainbat multinazional (Amazon, Netflix, Facebook, HBO…) sar daitezke kontzeptu anbiguo horretan beharbada, maisuki darabilten injenieritza fiskalaren bitartez (paradisu fiskaletan filialak sortuz) lortzen baitituzte Estatu espainiarreko ogasunari milaka euro gutxi batzuk tributatzea. Azken aldian etxe guztietara sartzen ari den Netflix entretemimenduko plataformak, urrutira gabe, 3.146 euro besterik ez zituen ordaindu 2018an.
Beste zenbait enpresa erraldoiek, ustez altruismoaz beteriko erabakiak hartu dituzte dohaintzak eskainiz erakunde publikoei egunotan, osasun krisialdiari aurre egiteko direla esanez. Gizarteko zenbait sektorek ekintza horietan eskuzabaltasuna ikusiz biziki txalotu dituzten bitartean, beste zenbaitek atzean iruzurra dagoela salatu dute.
Horiekiko kritikoek adierazi dutenez, ondasun handikoek badaukate beste modu bat eraginkorragoa, zerbitzu publikoei bultzada emateko, zergak zintzo-zintzo ordaintzea alegia, nahiz eta ekintza horrek publikoki egiten den dohaintzak baino glamour eta publizitate gutxiago eduki.
Gainerako herritarren proportzioan ordainduko balituzte zergak, osasun publikoa egun dagoena baino sendoago egongo litzatekeela ere gogoratu zuen Joaquim Bosch magistratuak txio baten bidez martxoaren 26an.
Badira paralelismoak topatu dituztenak XIX. mendean Ingalaterrako langilego esplotatuarekiko burgesiak erakusten zuen karitatezko ongintzaren eta ustezko filantropo moderno horien artean, Friedrich Engels filosofo eta iraultzaile alemaniarrak adagio baten batez definitu zuena 1845ean, burgesiari zuzenduz:
“Lehenbizi langileen odola zurrupatzen duzue, eta gero, horiekin autokonplazentziazko filantropia praktikatzen duzue, eta horrela, munduaren aurrean humanitatearen ongile gisa aurkezten zarete, noiz eta, biktimei benetan dagokizuenetik ehuneko bat baizik ez diezuenean ematen”.
Kontua da Telefónica, Inditex, Iberdrola, BBVA eta Banco Santanderrek 150 milioi euroko dohaintza funtsa osatu dutela egunotan.
Bada, horien jarduera fiskala aztertuz gero, konturatzen gara, guztien artean, Espainian baino zerga gutxiago ordaintzeko asmoz paradisu fiskaletan sortuta dauzkaten 207 filial zenba daitezkeela: Santander (207), BBVA (42), Inditex (21), Iberdrola (18), eta, Teléfonica (13).
Oihalgintzan eta arropa salmentan aritzen den Inditex enpresako (tartean Zara arropa denden inperioa) nagusia den Amancio Ortegak pertsonifika dezake dohaintzaren jokaera ustez altruista azken aldian. Finantzal eta negozio mundua aztergai duen Forbes aldizkariak munduko aberatsenekin egin ohi duen zerrendaren arabera, Ortega Estatu espainiarrean dagoen pertsonarik aberatsena da; 63 mila milioi dauzka gizonak.
Galiziako enpresarioaren defendatzaileek pertsona bihozbera dela diote, eta horrexegatik bideratzen diela dirua Elikagaien Bankuari, Caritasi edo eta Osasun Publikoari.
Oraindik orain, 63 milioi euro eman ditu osasungintzako materiala erosteko (arnasgailuak, maskarak, babes jantziak…).
Martxoaren 28an, bere miresleek Astuariaseko Printzearen Konkordiaren Saria jasotzeko sinadura bilketa martxan jarri zuten. Eta horrez gain, bere 84. urtebetetzea zela eta, deialdia zabaldu zuten sare sozialetan, balkoira irten eta bere filantropia txalo zezan jendeak.
Egun berean, A Coruñako bere etxe aurrean, 061eko, Babes Zibileko eta Gurutze Gorriko zortzi anbulantzia bildu ziren arratsaldeko 20:00etan, eta emerjentziazko argiak piztu eta sirena hotsak martxan jarri zituzten, zoriontzeko asmoz.
Anton Losada kazetariak sareetan zabaldu zuen aurrez eldiaerio.es agerkari digitalak idatzi zuen kronika, eta imajina daitezke berehala askok eta askok erantsi zituzten komentarioak, A Coruñako osasun langile haiek erakutsi zuten morrontza kritikatuz gehienek.
Komunikabideen artean ere prentsa ona dauka Ortegak; gehiegizko begirunea eskaintzen diote askok, politikariek ez ezik, baita komunikabideek ere. El Mundo egunkariak martxoaren 28an “Amancio Ortega, el cumpleaños del superheroe millonario mas solidario” izenburupean argitaratu zuen erreportajea lagin gisa balia gaitzake:
Baina ez bakarrik eskuinaren orbitan mugitzen direnen artean txalotzen zaio belarriekin ere eta egiten zaio publizitatea doan, baita progresistatzat jotzen diren batzuetan ere; konparazio batera, El País egunkarian,
“(…) Ni Amancio Ortega ni nadie de su familia parece querer publicidad, lo que venden se promociona solo, de boca a boca, como lo hacen sus actos solidarios que lo han convertido poco menos que en un héroe nacional…”
bezalako perlak argitaratuz apirilaren 5ean.
Diario16 astekari digitalak martxoren 21ean egindako erreportajeak ("Amancio Ortega, donaciones para tapar el trabajo esclavo en sus fabricas"), Ortega fenomeno sozialaren alderdi ezkutuagoa azaleratzen digu. Bertan, Santiago Aparicio kazetariak darabilen tesiaren arabera, Ortegak 2015ean ekin zion dohaintzako ekimenari, Indian eta Brasilen Inditex enpresak dauzkan lantegietan langileek esklaboen gisako baldintzetan lan egiten zutela eta haurren esplotazioa praktikatzen zela zioten txosten eta informazioak nazioarte mailan zabaldu eta gero, eta bere kontzientziaren aringarri izango zitzaiolakoan. Informazio horiek ziotenez, 15 urteko neskatoak egunean 65 lan orduetan josi eta josi aritzen dira, egunean 1,38 euro ordaina jasota; eta urtean 365 egunetan lanean, jai egunik gabe alegia.
Bestalde, 2017an, Inditexek Brasilen 1,3 milioiko isuna ordaindu behar zuen izan zuen, esklabutzazko baldintzetan zeuzkalako langileak.
Irabazien tamainako zergak ez ordaintzeko, berriz, egundoko egitura fiskala dauka antolatuta Ortegak, ondasun itzeleko beste hainbat aberatsen eta enpresen antzera, lehen esan bezala.
Ana Botin Banco Santander Taldeko presidentea da azken egunetan dohaintzan nabarmendu den beste pertsonaje publikoetako bat
2015ean, Suitzako banku baten eskutik zergen ordainketa saihestu zuten 130.000 pertsonen izenekin osatutako Falciani zerrendan agertu zen Botin; 2.000 milioi euro saihestu zituela zioen txostenak.
Bestalde, alderdi gehienen zorren zati handi bat kudeatzen dituen eta etxe kaleratze ugari eragiten dituen bankuko presidentea da.
Aipatu Falciani zerrendan ageri diren Esther eta Alicia María Koplowitz ahizpak eta bigarrengoaren semea de Alberto Cortinak ere dohaintza festan parte hartu dute egunotan, Madrilgo Komunitateari bost milioi euro emanez. Isabel Diaz Ayuso presidenteak biziki eta publikoki eskertu die euren egintza. Gogoan izan dohaintza pribatuak jasotzeko plataforma abian jarri berri duela Ayusok, eta 8,5 miloi bildu dituela orain arte.
Estatu espainiarrean, 30 milioi eurotik gorako ondasuna daukaten aberatsen %30ek Madrilen daukate zerga-egoitza. Izan ere, ondasun handiko jabeek tratu onuragarria jasotzen dute komunitate horretan, ondarearen gaineko zerga berezia dela eta. Eta hori, estatu mailako legeak onartzen duelako komunitateen arteko politika fiskal desberdina, dumping fiskala deritzana. Ekonomialariek egindako kalkuluei so eginez gero, Madrilgo komunitateak urtean mila milioi “barkatzen” die ondasun itzeleko jabeei.
Ignacio Escolar kazetariak, PPk alderdiak komunitate horretan, eta batez ere Ayusoren garaian, ezarritako zerga politika aztertu zuen Publico agerkari digitalean martxoaren 31n. Ondasun handiko jabeei ematen dizkien erraztasunaz gain, harrigarriak egiten diren zenbait datu jakinarazi zituen erreportajean; hala nola, estatuko komunitaterik aberatsena izan arren azken bigarrena dela osasun publikoan pertsona bakoitzeko inbertsioak egiterako orduan.
Halaber, kirol munduko zenbait pertsona mediatikoak edo taldeak ere (Ronaldo, Real Madrid, Pep Guardiola, Messi…) badabiltza patrikerak zertxobait husten (guretzat diru mordoa dena, baina proportzioan, haientzat huskeria baizik ez dena, alegia). Komunikabideetan Messi eta Ronaldoren kasuak zabaldu dira gehien. Zehazki, milioi bat euro bana banatu dituzte Bartzelona, Argentina, Lisboa eta Oportoko ospitaletan.
Denboran ez oso atzera eginez gero, ezin dugu ahaztu bi jokalariak ere iruzur fiskalagatik izan direla zigortuak. Epaile batek Messi errudun jo zuen 2007tik 2009ra 4,1 milioi euroko iruzurra egiteagatik, eta bi miliokiko isuna eta 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion (nahiz gero ez bete behar izan, aurrekaririk ez zeukanez). Cristiano Ronaldok, berriz, 8 milioiko iruzurra egin zuen 2011 eta 2013 bitartean eta epaitu zuen epaileak 23 hilabeteko espetxe-zigorra eta 19 milioiko isuna ezarri zion.
Azken batean, denboraldi bakoitzeko 40-50 milioi euro irabazten duen pertsona batentzat zer ote da, bada, milioi bat? Proportzioan, gutako askorentzat ehun, berrehun, laurehun…. bezainbat.
Dohaintzen atal honi amaiera emateko, bada, amorrazioa eragiten diguten zenbaki astronomikoen, operazio kosmetikoen eta iruzur fiskalen dantzak utzitako zapore gaziari kontrapuntua jarri beharko zaio, jarri beharko zaionez. Arnasbidea behar dugu jende ospetsu horien bihotz-beratasuna ikusita, eta edan dezagun errealitatea erlatibizatzen lagunduko digun umore satirikotik pittin bat. Horretarako, zer hobe Argia aldizkariko lankideek astero osatzen ari diren Oasi Kronikak Podcastera jotzea baino. Azken alean, altruismoa dute aztergai, eta aberats-aberatsen jendearen onberatasuna defendatzen dute "Eskerrik asko Amantzio" izenburua daraman berriketaldian.
Cristina Cifuentes, etikaren ahotsa telebistetan
Lotsagabekeriaren pertsonifikaziotzat jo dezakegu Cristina Cifuentes, Madrilgo komunitatean 2015-2018 epealdian agindu zuenean aberatsenei mesede fiskalak egiteagatik eta osasun publikoan murrizketak aplikatzeagatik nabarmendu zen politiko ohia.
Eta paraleloki, kazetaritza etikoa bazterrean utzita audientziaren morroi bihurtuz kasik edozer egiteko eta edozein fitxatzeko kapaz diren telebisten pertsonifikaziotzat jo daitezke Tele5 eta Cuatro telebistak, beren zenbait programen jokabideei begiratuz gero.
Izan ere, azkenaldian, politiko ohiak eta Mediaset enpresa pribatuak harreman idiliko bati ekin diote, nori bere interesak bultzatuta. Hara non, Cifuentes tertuliano gisa topa dezakegula telebistetan, ia noiznahi; Tele5n Jorge Javier Vazquezekin Sabado Deluxe saioan eta Sonsoles Onegarekin Ya es mediodia saioan ez bada, Cuatron (Risto Mejiderekin Todo es mentira saioan.
Krisialdi garai latzetan, kolektibitateak erreferente moral, etiko eta intelektualak behar izaten ditu, eta horrexegatik fitxatuko zuten, milioika ikus-entzuleentzat gidari espirituala izateko.
Gauzak horrela, parodiatzat, edo autoparodiatzat, jo behar da estatuko komunikabideetan -telebistetan batik bat- gertatu ohi dena maiz, Cifuentesen kasuan bezalatsu. Dibertimendu hutsa. Estatu espainiarra erretrata dezakeen adierazleetako bat.
Cifuentesek urtarrilaren 29an egin zuen lehen agerraldia Mejiderekin, eta debuta antologikoa protagonizatu zuen. Artean, munduan zehar koronabirusak eragindako osasun krisialdiaren hastapenak baino ez ziren bizi, Txinan batik bat. Mejidek galdetu zion ea alarmarako arrazoirik ikusten ote zuen, eta hark erantzun zion ezetz, mikrobiologian aditua den zientzialari baten trazak eginez: “birusa ez da hilkorra; eta gainera, oso arriskutsua iruditzen zait gehiegizko alarmismoa piztea”. Eta hurrengo galdera, Mejidek; “iruditzen zaizu gaixotasunaren aurkako kremarik badela?”. Erantzuna: “Ziur baietz. Hurrengoan, aurre-aurrean eztula egingo dizuet”.
Batere eskrupulu etikorik gabeko exibizionismo publiko horri bere alde ona topatu behar zaio, dena esatera. Merezi duenari muturrera senperrenak esateko zirrikitu txikiak irekitzen dira kontsolagarri gisa noizean behin, eta horietako bati heldu zion Madrilgo komunitateko osasun publikoko erizain batek Ya es mediodia saioan martxoaren 18an zuzeneko emisioan. “Zure agintaldian arnasgailuak eta oheak desagertzen joan ziren ospitale publikoetatik!” bota zion zapla, esandakoa berresten zuen dokumentazioa eskuetan zuela.
Sare sozialetan, berriz, abilidadea libre dabil zirkulazioan, erabiltzaile ugarik irudimen ziztatzailearekin husten ditu barruak, Cifuentesen bizkar. Politikari ohia bera murrizketen biktima izan zela eta hil-bukaerara iritsi ezinik kremak lapurtu behar izan zuela esaten duenarekin hasi, eta hortik aurrerakoak…
Botere ekonomikoen protagonismoa
Koronabirusaren krisialdian enpresaburuen ordezkariak hartzen ari diren protagonismoaz eta gidaritzaz aritu zen Josu Amezaga Sinadura iritzi atalean, Euskadi Irratiko Faktoria saioan, apirilaren 6an.
Hiru pasarte, sintetiza dezaketenak bere iritziaren nondik norakoa: “(…) Industria jardueran inguruan egunotan dabilen eztabaidak agerian uzten du gure gizarteko ideologia nagusia… (…) Orobat politikan eta gizartean, beste inori aitortzen ez zaion autoritatea aitortzen zaie enpresa buruen ordezkariei. (…) Ez ote genuke asmatzeko aukera gehiago izango ahalik eta eragile gehienek partekatutako gidaritzarekin?”.
Guztiz kontrako ikuspegia erakutsi zuen Ana Rosa Quintana telebista aurkezleak martxoaren 31n. Telecincon berak gidatzen duen El programa de Ana Rosa saioan, Sanchezen gobernuko Lan Ministroa den Yolanda Diazi errietatxoa egin zion zuzenean, gobernuak esana duelako inoren presioari ez diola men egingo. Quintanak Diazi eskatu zion enpresarioak gehiago goxatzeko, gaizki tratatuta sentitzen direlako. Horrela, Estatu espainiarreko hainbat sektore mediatiko, politiko eta sozialetan iltzatuta dagoen ustearen bozemaile azaldu zen Quintana.
Merezi du erreparatzea munduko zenbait presidenteak nola ari diren jokatzen euren herrialdeetako botere ekonomiko handien aurrean, zer nolako mezu ausartak luzatu dizkieten, publikoki bederen. Baliteke euren diskurtsoen atzean populismoa eta demagogia barra-barra egotea, baina agintari gorenen ahotatik batere ohikoak ez diren boteretsuei zuzendutako proklamak entzutea, bada zerbait.
Has gaitezen Ameriketatik, El Salvadorretik. Iaztik bertako buru den Nayib Bukelek, martxoaren 24an eskaini zuen prentsaurrekoan bere gobernuak erabaki zituen 30 neurri aurkeztu zituen. Besteak beste, hiru hilabeteetan argindarraren, telefonoaren edo uraren erreziboak, etxe komertzialekin egindako kredituak… bertan behera uztea.
Agerraldi berean, hona zer adierazi zien Bukelek herrialdeko enpresariei: “zuetako batzuek kezkatuta zaudete iruditzen zaizuelako zuen aberastasunaren %10a, %15a edo %20a galdu dezakezuela. Sinets idazue zuek dirua daukazuela hamar, hogei edo gehiago bizi bizitzeko, alegia, ezingo duzuela dena xahutu sekula”.
Ezin da ahaztu Yamaha multinazionaleko presidentea den Bukele 2019an alderdi ultraeskuindar baten eskutik heldu zela boterera, eta geroztik, kudeatzaile gisa Donald Trumben traza esperpentikoak hartzen zaizkiola, edo eta autoritarismoa, militarismoa eta zerbitzu publikoen ahultzea ezartzen ari dela poliki-poliki, jada egiturazko miseriak eta maren biolentziak jota bizi den El Salvadorreko gizartean.
Baina aldi berean, kontuan hartzekoa ere bada mundu mailako krisialdi larri baten testuinguruan hartu dituen neurriak eta botere ekonomikoei bidali dien mezua.
Antzeko bidetik, Argentinako presidente den Alberto Fernandezek enpresari handiei ohartarazi die une historiko honetan egokitzen zaiena ez dela galtzea, baizik eta gutxiago irabaztea (“Lo siento, les tocó la hora de ganar menos, muchachos").
Gertuago, Portugaleko presidente Marcelo Rebelo de Sousak apirilaren 4an adierazi zuenez “orain da garaia bankuek aurreko krisialdian jaso zuten laguntza itzul dezaten”.
Enric Juliana kazetari katalanak bere twitter kontuan zabaldu zuen albiste hori, eta makina bat komentario etorri zitzaizkion arrapaladan; horietako askok, Rebelo de Sousaren ausardia goraipatzearekin batera gaineratzen zuten Espainiako gobernuarentzat eredugarria izaten ari dela estatuko botere ekonomikoei aurre egiteko orduan.
Estatu frantziarrean, berriz, bertako ekonomia ministroa den Bruno Le Mairek, martxoaren 17an adierazi zuen gobernua larrialdiko egoera honetan aztertzen ari dela enpresa pribatuak nazionalizatzea.
Alemaniako gobernuko ordezkariek ere antzeko pentsamendua darabiltela aitortu dute azken aldian.
Espainiako gobernuari dagokionez, zer esan? Gehien daukatenei begira jarrita horren garbi eta ausart mintzatuko den ahotsik ez dela sumatu. Epel dabilela El Salvador, Argentina Portugal, Frantzia edo Alemaniako gobernuetako ordezkarien aldean, alegia.
Enpresa pribatuak nazionalizatzearen aukera hori jasotzen du Espainiako Konstituzioak bere 128, artikuluan ("Toda la riqueza del país en sus distintas formas y sea cual fuere su titularidad está subordinada al interés general"), eta Pablo Iglesias izan da artikulu horixe hizpide izan duena, kasik ahopeka eta inor ez mintzeko moduan bezala. Aipatu badu, aipatu du, eta ederki larrutu dute zentro-eskuineko komunikabide, politiko eta enpresarioen ordezkariek.
Tokitan geratzen da Madrileko kale bateko horman lehengo egunean azaldu zen pintadak zabaldu zuen mezua errealitate bihurtzetik: “Que la crisis la paguen los ricos” eskatzen zuen...