“Herritar askok merkatu eta azoketan erosi nahi ditugu ezagunak eta gertukoak ditugun baserritarren produktuak”

Jon Ander Ubeda 2020ko api. 11a, 10:30

Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak merkatu eta plazetako salmenta bertan behera uzteko agindua eman du, “pertsonen joan-etorriak gutxitzea eta jende pilaketa saihestea” argudiatuta. Horren aurrean, agroekologia lantzen eta bultzatzen duen baserritar eta herritarren EHKOlektiboak desadostasuna agertu du.

Manifestua argitara eman dute, Osasun Sailak berriki hartu duen erabakiaren aurka agertuz: “Eskutitz honen sinatzaileok ezin dugu halako agindu murriztailerik onartu hain argudio eskasekin. Zergatik ez dira irizpide berberak baliatzen saltoki handiak, esaterako, ixteko? Horietara joateko ez al da joan-etorririk egin behar?”.

“Eskutitz honen sinatzaileok ezin dugu halako agindu murriztailerik onartu hain argudio eskasekin. Zergatik ez dira irizpide berberak baliatzen saltoki handiak, esaterako, ixteko? Horietara joateko ez al da joan-etorririk egin behar?”

Haserre agertzen dira larunbateroko merkatu plaza egitea ezinezkoa zaielako: “Osasun saila erosleon eskubideak urratzen ari da bete-betan. Herritar askok merkatu eta azoketan erosi nahi ditugu ezagunak eta gertukoak ditugun baserritarren produktuak. Horretarako, Udalei neurriak hartzeko eskatu zitzaien eta haiek bete egin dituzte eskakizunak. Zertara dator orain neurri hau? Zer dago honen guztiaren atzean? Emandako arrazoiek ez dute zentzurik”.

Manifestuaren amaieran dendari txikiei keinua luzatu diete, Udal administrazioari eskaerak egitearekin batera: “Herritarrak animatu nahi ditugu gure herrietako azokak babestera eta datozen egunotan martxan jarriko diren ekimenetan parte hartzera. Halaber, gogorarazi nahi dizuegu zuen herri eta eskualdetan baserrietan janaria erosteko aukera dagoela, zuzenean edota sortzen ari diren taldeen bitartez edota proiektuetan. Bide honetan Udalei eskatzen diegu zuzeneko salmenta hauek saretzen laguntzeko eta banaketa zerbituak errazteko baliabideak jartzea. Eta ezin ditugu ahaztu herrietan lanean ari diren dendari txikiak; azken dei bat egiten diegu herritarrei herriko dendak lehenesteko erosketak egiterakoan, gure baserrietako hainbat elikagai aurkituko dituztelako”.

"Herritarrak animatu nahi ditugu gure herrietako azokak babestera eta datozen egunotan martxan jarriko diren ekimenetan parte hartzera"

 

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!