Koronabirusa

"Urnietan eta Andoainen elikagaien banaketari ekin diogu Gurutze Gorriko boluntarioekin batera"

Xabier Lasa 2020ko api. 15a, 12:46

Pobrezia gizartean areagotzea da osasun krisiak berarekin ekarri duen eragin kaltegarrietako bat. Errealitatea hori jada gertutik bizitzen ari direla aitortu du Beatriz Sanchez gizarte langileak, Buruntzaldea eta Aiztondoko eskualdeetako Caritas elkarteko ordezkariak.

Caritasen jarduna gizarteko behar handiena dutenengana bideratzen da batik bat. Osasun larrialdia bizi dugunez, nola ari zarete lanean?

Salbuespeneko egoerara egokitu behar izan dugu, nahitaez. Caritasen eginkizuna bertatik bertarakoa izan ohi da, pertsonekin zuzeneko tratuan oinarritzen dena, baina egoerak baldintzatuta, egiteko moduak aldatu behar izan ditugu, betiko filosofoari eutsi arren. Beharra duten eta lehendik ere ezagutzen ditugun pertsonen ondoan egoten saiatzen ari gara, eta horrekin batera, egoera berriak eraginda telefonoz nahiz teknologia berrien bitartez iristen ari zaizkigun eskaintza berriei erantzuten saiatzen ari gara.

Herriz herri ala eskualdeka ari zarete lanean?

Caritas elkarte gisa ari gara, orain arte egin izan dugun moduan.

Buruntzaldea eta Aiztondoko eskualdeetan zertan zabiltzaten zehaztuko zenuke?

Gertu dauzkagun pertsona eta familiekin ezin garenez aurrez aurre elkartu, telefono bidezko harremana indartu dugu, esan bezala. Horiekin harremanetan jarrita galdetzen diegu ea nola daramaten konfinamendua, ea zeintzuk diren beren premiak... Aldi berean, telefonoari esker, artean Caritasera hurbildu ez ziren pertsona eta familien eskaintza berriak jasotzen ari gara. Bi bailara horietan, telefonoa honakoa da: 943 116 150.

Zuen ohiko ekimenak (elikagaien, erropen eta jostailuen banaketa, eskola-laguntza...) bertan behera utzi behar izan duzue.

Bai, baina ahalik eta azkarren gure ohiko jardunera itzultzen ahalegintzen ari gara. Telefonozko harremanetara mugatu bagara ere orain arte, azken egunetan pausoa berriak ematen ari gara, eta adibidez, Urnietan eta Andoainen elikagaien banaketari ekin diogu Gurutze Gorriko boluntarioekin batera. Ekimen berriei ekiteko orduan herrietako agintariei malgutasuna eskatuko genieke, ahalik eta errazenen hurbil gaitezen beharra duten pertsonengana.

ERTEen eraginpean dauden langileen kopurua ez ezik langabeziarena ere igo egin da, autonomo ugari etxean... Eskaera igo egin zaizue azken asteetan?

Bai, langabezian geratu diren pertsona eta familia ugari ari zaigu hurbiltzen; etxeko langile eta neskameak, lan ordu gutxi batzuekin aritzen ziren langileak eta orain ezer gabe geratu direnak...

Krisi ekonomiko larria iragarrita dago behin osasun krisia gainditu ostean...

Ekonomiako analistek ez ezik guztiok ere aurre ikusten dugu zer datorkigun pandemiaren ostean. Pobrezia gehitu egingo da; are gehiago pobretuko da lehendik ere bizi baldintza eskasetan bizi zen gizarte sektorea, eta gainera, hazi egingo da bizimodu duina egitea ezinezkoa zaienen kopurua. Egoera guzti horien ondoan egoten eta ahal den neurrian laguntzen saiatuko gara.

Etorkizunean ere boluntarioen beharrean izango zarete, zoritxarrez...

Boluntarioen ekarpena da Caritasen ezinbesteko zutabeetako bat, eta alde horretatik, harro adierazi dezakegu eskualdean konpromisu handiko jendea mugitzen dela. Egoera berezi honek baldintzak zorrotzak ezarri izanagatik, ahal duten guztia eskaintzen ari dira. Nolanahi ere, gurekin elkarlanean aritzeko pronto dagoen edonor hartuko dugu eskuzabalik, beti bezala.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!