Koronabirusa

Ertzaintzak osasun alarmaren irizpideak zeintzuk diren gogorarazi ditu

Aiurri 2020ko api. 15a, 15:28

Gaur, apirilak 15, eguneratu ditu Ertzaintzak koronabirusaren osasun alarmaren inguruan zein neurri hartu behar diren; baita zein kasuetan atera daitekeen kalera eta zein merkataritza lokal ireki daitezkeen.

Ziurtagiria behar al dut lanera oinez edo autoan joateko? Zirkulatu al daiteke motozikletan edo bizikletan? Utzi al ditzaket seme-alabak normalean zaintzen dituen pertsonaren kargura, lanera joan behar badut? Zalantza ugari argitzeko moduko gida plazaratu du Ertzaintzak.

Konfinamendua betearazi asmoz, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak irizpide batzuk jarraitu behar izan dituzte. Irizpide horiek eguneratu egin berri dituzte, tartean joan-etorriei buruzkoak. Hemen duzue Ertzaintzako buruzagitzak igorri digun agiritik hartu dugun informazioa. 

 

1. Langileek ziurtagiri edo agiriren bat eraman behar al dute beren lanera oinez edo autoz joatean?

Ez da nahitaezkoa, baina komeni da lanerako joan-etorrietan eramatea. Eusko Jaurlaritzak erantzukizunpeko adierazpen-eredu bat eman du, BOEn ere beste bat argitaratu da. Horien antzeko beste batzuk ere baliozkotzat jotzen dira. Ziurtagiria eraman ezean, emandako informazioa baloratuko da eta zalantzarik sortuz gero, egin beharreko konprobazioak egingo dira.

 

2. Pertsona bat ibil al daiteke bide publikoetan?

Pertsonek honako kasu hauetan zirkulatu ahal izango dute bide edo eremu publikoetatik:

a) Elikagaiak, produktu farmazeutikoak eta behar-beharrezkoak direnak erosteko.

b) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joateko.

c) Lantokira joateko, lan egitera edo jarduera profesionala edo enpresariala egitera.

d) Ohiko bizilekura itzultzeko.

e) Adinekoei, adingabeei, mendekoei, desgaitasuna duten pertsonei edo bereziki ahulak diren pertsonei laguntzeko eta zaintza emateko.

f) Finantza-entitateetara, aseguru-entitateetara, notaritzetara, abokatuengana, gestorietara edo finken administrazioko bulegoetara joateko.

g) Ezinbesteko kausagatik edo premia-egoeragatik.

h) Antzeko beste jarduera batzuk egiteko.

Joan-etorri horiek, oinez egiten direnean, banaka egin beharko dira, salbu eta desgaitasuna duten eta, horren ondorioz, portaera aldaketak izaten dituzten pertsonei (esaterako, autismoarekin edo jokabide disruptiboekin lotutako gaixotasunak), adingabeei edo adinekoei laguntzeko bada, edo bestelako arrazoi justifikatu batengatik bada. Hala ere, joan-etorriak ahalik eta gehien murrizteko eskatzen da.

 

3. Osasun-arazoak dituzten pertsonak atera ahal dira etxetik?

Bai, baldin eta jarduera zehatz bat egin beharra ezartzen duen mediku-ziurtagiria edo justifikantea baldin badaukate erakusteko.

 

4. Azalera handiko saltokietara edo horien antzekoetara erosketak egitera joatea baimenduta dago?

Ahalik eta joan-etorri gutxien egin behar dira elikagaiak eta baimendutako produktuak erostera joateko, eta hurbileneko tokietara joan behar da. Azalera handiko saltokietara edo horien antzekoetara joan ahal da, bakoitza bizi den udalerritik hurbil dagoenera.

Horrez gain, ohiko bizilekutik lantokira edo lantokitik ohiko bizilekura doan ibilbidean dauden saltoki eta azalera handietara erosketak egitera joatea baimenduta dago.

 

5. Mendekotasuna duten familiartekoak bisitatu al daitezke?

Bai, zaintza eta laguntza emateko.

 

6. Mendekotasuna daukan pertsona bat naiz. Arreta ematen didan pertsona etorri ahal izango da?

Bai, baimendutako ezinbesteko zerbitzuetako bat da.

 

7. Adingabeen zaintza aldatzeko mugitu al naiteke?

Bai, adingabe bat artatzea dela ulertzen da.

 

8. Utzi al ditzaket seme-alabak normalean zaintzen dituen pertsonaren kargura lanera joan behar badut?

Bai, adingabeak edo mendekoak zaintzea dela ulertzen da.

 

9. Haurrak parkera eraman ditzaket?

Ez.

 

10. Jaitsi al daiteke zaborra kalera?

Bai, hurbilen dagoen gunera, eta ezinbestekoa den denboran.

 

11. Bizi garen eraikineko eremu komunetan (patioan, lorategian, eskaileretan…) egon alnaiteke?

Ez, erabilera komunitarioko eremu pribatuak baitira.

 

12. Maskota kalera atera dezaket?

Bai, banaka, ezinbestekoa den denboran eta etxebizitzatik hurbil.

 

13. Joan al daiteke parkera, hondartzara edo mendira?

Ez, ez daude jasota eremu publikoan baimenduta dauden mugimenduetan.

 

14. Zer muga dago ibilgailu partikularretan ibil daitekeen pertsona-kopuruari dagokionez?

Ibilgailu batean pertsona bat baino gehiago ibili ahal izango dira euren artean ahalik eta distantzia handiena mantentzen bada. Esate baterako, auto batean gehienez bi pertsona joango dira, gidaria eta bidaiari bat, eta bidaiaria atzeko eserlekuan, gidariarekiko diagonalean, eseriko da.

 

15. Bederatzi plazara arteko ibilgailuetan joatea.

Bederatzi plazara arteko ibilgailuetan, gidaria barne, pertsona batek baino gehiagok bidaiatu behar badu, garraio publiko, pribatu osagarri eta partikularrak errespetatu egingo du eserleku-lerro bakoitzeko pertsona bat gehienez joatea, eta ahalik eta distantzia handiena izango da bidaiarien artean.

 

16. Mugatuta al dago ibilgailu profesionaletan edo enpresako ibilgailuetan ibil daitekeenpertsona-kopurua ere?

Lanerako erabiltzen ari diren ibilgailu profesionalen edo enpresako ibilgailuen (furgonetak, kamioiak) kasuan, gidaria eta kopilotua ibili ahal izango dira, baldin eta euren artean ahalik eta distantzia handiena gordetzen badute.

 

17. Zirkulatu al daiteke motozikletan edo bizikletan?

Bai, aurreikusitako mugitzeko arrazoiengatik bakarrik eta banaka.

 

18. Eta taxietan?

Banaka, desgaitasuna duen pertsona bati, adingabe bati, adineko bati edo autonomiarik ez duen pertsona bati laguntzeko kasuetan izan ezik.

 

19. Joan al naiteke familiarteko baten bila aireportura, geltokira...?

Ez. Bakarrik baimenduta dago adinekoei, adingabekoei, menpekotasuna dutenei, desgaitasuna duten pertsonei, edo bereziki zaurgarriak diren pertsonei laguntzeko denean.

 

20. Irten al daiteke kontratu bat, agiri bat edo antzeko zerbait sinatzera?

Arrazoi justifikatu batengatik bada bakarrik, eta atzeraezina bada.

 

21. Pakete-banatzaileek zirkulatu al dezakete euren lana egiteko?

Bai, indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen murriztapenen arabera.

 

22. Joan al daiteke odola ematera?

Bai, osasun-agintaritzak deituta eta neurriak hartuta.

 

23. Joan al daiteke bigarren bizilekura?

Ez.

 

24. Bidaiarien garraio publikoa.

Horrelako garraioetan, Osasun Zerbitzuak ezarritako neurriak errespetatuko dira, eta bidaiarien artean gutxienez metro eta erdiko distantzia gordeko da derrigorrean, edo ahal bada bi metroko distantzia. Distantzia hori sarbideetan eta itxaron-geletan edo nasetan ere gordetzea komeni da.

 

25. Etxe-aldaketako garraioak.

Bai, baldin eta langile profesionalek egiten badituzte.

 

26. IAT iraungita daukan ibilgailu batekin zirkulatu ahal da?

Errege Dekretuaren Hirugarren Xedapen Gehigarria kontuan hartuta, Sektore Publikoko erakundeen prozedurak izapidetzeko epeak etenda geratu dira, eta berriz hasiko dira, haren indarraldia amaitzen denean. Egoera horietan zirkulatu daiteke. Hala ere, ez da inola ere onartuko gauden urtea baino lehenagoko muga-eguna badu.

 

27. Baserrietan edo landa-eremuetan dauden animaliei jaten emateko joan-etorriak egin daitezke?

Bai.

 

28. Ordezkaritza sindikaleko eta patronaleko jarduerak egiten dituzten pertsonek zirkulatu dezakete eta joan-etorriak egin?

Bai, baldin eta joan-etorri horien helburua langileei eta enplegatzaileei asistentzia bermatzea bada.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!