Elkartasuna eta babesa, egoera ilunari aurre egiteko errezeta

Ainhoa Arozena 2020ko api. 18a, 07:00

Covid 19 birusa eragin latza izaten ari da mundu guztian zehar. Urruti eta gertu,
leku guztietara iritsi baita. Osasun krisi horrek bestelako krisiak eragin ditu, –krisi ekonomikoa tarteko–, bizimodua geratzeraino, hein handi batean

Otsailaren azken asteetan iritsi zen Covid19 birusa Euskal Herrira. Txinan izan zuen jatorria, eta hainbat herrialde igaroz, gurera ere abiadura bizian etorri zen. Martxoaren hasieran jakinarazi zituzten kutsatuen lehen kasuak inguruan, eta martxoaren 9an zendu zen lehen gipuzkoarra koronabirusaren eraginez: Beterri-Aiztondo eskualdeko emakumea, andoaindarra. 

Bazetorrela entzun eta sumatu arren, koronabirusak sortutako osasun nahiz krisi ekonomiko larriak bat-batean eta ustekabean harrapatu zuen euskal gizartea. Horren ondoren, bata bestearen atzetik etorri ziren neurri zorrotzak hartu zituzten administrazioek: lehenik eta behin, martxoaren 13an ikastetxeak ixtea. Martxoaren 14an, salbuespen egoeraren jakinarazpena, eta ondorioz, martxoaren 15etik aurrera, konfinamenduaren hasiera. Ateak itxi zituzten lehen mailakotzat jo ez ziren saltoki txiki eta zerbitzuek, hala nola, taberna, jatetxe, kirol instalakuntza eta gainerakoek. Kultur, kirol, nahiz era guztietako ekimenak ere bertan behera geratu ziren. Jolas-parke eta plazak, hutsik. Pixkanaka, herrietako kaleak desertu bilakatu ziren, arratsaldeetan bereziki. Era berean, enpresetara ere iritsi zen babes neurriak betetzeko beharra, eta enpresa txiki, ertain nahiz handi asko itxi egin zituzten. Egunak aurrera, herritarrak egoeraren gogortasun eta seriotasunaz kontziente egin ziren. Izan ere, egunetik egunera, datuek gora egiten baitzuten. Kutsatutako, gaixotutako, ospitaleetan ingresatutako, eta baita hildakoen kopuruek ere.

Aiurri, webgune eta sareetan

Salbuespen egoera hau hasi zenetik, etenik gabe egin du lan Aiurrik internet sarean. Irakurlea informatu eta koronabirusak eskualdean eragin dituen kalteak bezala, sortu diren elkartasun keinu ugariak erakusteko. Hala, hainbat eta hainbat alor landu da azken aste hauetan zehar. 

Esaterako, birusa euren etxe barruraino sartu eta kalte nabarmenak ekarri dizkieten herritarrei eginiko elkarrizketak:

  • Asier Aristondo, koronabirusaren eraginez aita hil, ama etxean ondoezik eta berak positibo eman ondoren, asteak gurasoen etxeko logela batean bakartuta igaro dituen billabonatarra, emaztea eta alaba Ibarran zituela: “Bat-batean iritsi zaigu gaixotasuna, eta oso gogorra da hari aurre egitea”.
  • Marta Lopez: Iruñean bizi eta lan egiten duen erizain andoaindarra.  Martxoaren erdialdera birusarekin kutsatu, eta etxean bakartuta hura ere, bi umeren ama. Egoera honi aurre eginez, lehen lerroan ari zen lanean eta argi zeukan: “Sendatu eta ospitalera itzultzeko gogoz nago”.

Gaixo eta kutsatuak artatzen lanean ari diren osasun arloko beste hainbat kideren hitzak ere jaso ditugu.  Mediku eta erizainekin batera, baita konfinamendua etxean egoki igaro ahal izateko gomendioak luzatu dituzten psikologoenak ere:

  • Amaia Agirre mediku andoaindarra, Berastegiko osasun etxean egiten du lan: “Etxealdi hau amaitzean, jarraitu egin beharko dugu higiene neurriak zaintzen”.
  • Jimmy Brosa andoaindarra, Gautena elkarteko koordinatzailea: “Autismodunentzat mesedegarria da kalera irteteko baimena ematen dien dekretua”.
  • Maider Gorostidi Adunan bizi den andoaindarra, Agifes elkarteko psikologoa: “Konfinamendu egoeraren alderdirik baikorrena, egin behar duguna egiten ari garela ohartzea da”.

Jendaurrean lanean aritzera egokitu zaien dendetako langileak edota krisiaren eraginez euren saltokia itxita daukaten eskualdeko dendariei jasotako adierazpenak ere aireratu dira:

  • Anita dendako Jaione Bitoria andoaindarra, herritarren ezinegonaren lekuko zuzena:  “Merkatari txikiak azkenak gara katean”.
  • Ana Agirre, baserriko produktuen saltzailea merkatuan. Zalantza batean ibili eta gero, asteartetan azokari eustea erabaki zuen Amasa-Villabonako Udalak, eta Berdura plazan biltzen dira inguruko hainbat ekoizle: “Egunean egunekoa lantzen ari gara, gure bezeroengana iristeko”.
  • Garikoitz Plazaola, Ernaitza liburu-dendako arduraduna. Koronabirusaren garaian, besteak beste, prentsaren salerosketa nolakoa izaten ari den azaldu zuen bideoz grabatutako elkarrizketan. “Lehen egunetan salmentak gora egin zuen, jakin-min handia zegoelako. Egunak aurrera, egoera normaltzen joan da”.
  • Nerea Eizmendi, Amasa-Villabonako Eizmendi kirol-denda eta armategiko arduraduna. Udaberri-udako jenero berria dendara iritsi eta ateak itxita dituen saltzaileetako bat: “Latza da saltoki txikion egoera, eta ez dakigu zein buelta izango duen”.

Eskuzabaltasuna, boluntariotza. Egoera zail honen aurrean, herritar askok ondokoari edo behar duenari laguntzeko jarrera erakutsi du. Haiek ere behin baino gehiagotan hartu dute hitza Aiurri hedabidean:

  • Maialen Mujika, Andoaingo Covid bolondres taldeko kidea. Pertsona helduei laguntzen diete eta oso eskertuta daude, adineko pertsonek gazteengan konfiantza jarri dutela ikusita: “Laguntzeko prest dagoen herria gara”. 
  • Oliver Georg andoaindarra, 3D inprimagailuan aurpegia babesteko biserak etxetik egiten aritu da: “Inoiz ez nuen pentsatuko hemen bertan erabili beharko genituenik”.
  • Leire Martin billabonatarra, Elkartasun jostunak ekimenaren sortzailea. Amasa-Villabonako Santiago zaharren egoitzako langilea eta eskulan tailerretako irakaslea Villabonan nahiz Andoainen. Babeserako material eskasiaren aurrean, herritarren artean maskarak egiteko deia egin, eta sekulako erantzuna jaso zuen: “Oihartzun handia hartu du ekimenak eta herritar asko batu zaigu. Oso gustura gaude”.

Hezkuntza da koronabirusak eragin zuzena izan duen beste alorretako bat. Ikastetxeak itxita, eta lan-dinamika guztiz aldatu arren, lanean jarraitu dute. Etxetik lanean: irakasle, ikasle eta gurasoek bat eginda. Aiurri, eskualdeko ikastetxe guztiekin (gehienekin behintzat bai) jarri da harremanetan, eta bakoitzak hartu dituen neurrien berri azaldu du. Irakasleenak ez ezik, ikasleen hitzak ere jaso ditu.

Langile ezberdinak ere elkarrizketatu ditu Aiurrik. Era batera edo bestera, koronabirusaren krisiari aurre egiten laguntzen ari direnak, guztiak ere. 

  • Lizarra garbitegiko Iñigo Urretabizkaia andoaindarra: “Erizain eta medikuei trintxeran egotea egokitzen zaie, guri haien laneko arropa garbitzea”.
  • Jaxone Usandizaga eta Agustin Urretabizkaia Andoaingo Udaleko kale-garbitzaileak: “Desinfekzio eta garbitze lanetan ari gara”.
  • Xabier Barrutia Amasa-Villabonako udaltzainburua. Konfinamenduaren lehen astean herritarren jarreraren berri edota eman beharreko pausoen inguruan aritu zen: “Egunero beharrean, bizpahiru egunerako erosketa egin eta etxean geratzen ikasi behar dute herritarrek”.

Elkarrizketa horiek guztiak eta gehiago aurki daitezke www.aiurri.eus webgunean. Besteak beste, baita Aiurrik Urnietan egin duen jarraipen zabala ere.

Hurrengo hamaboskaria apirilaren 30ean banatuko da.

Erreportajea osorik, apirilaren 16 eta 17an harpidedunen artean banatu den Aiurri hamaboskarian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!