Datozen egunetan xehetasun gehiago emango dituzte, atzokoa iragarpen hutsa izan baitzen. Ez baitago garbi zenbateko iraupenera eta zein distantziara mugatuko den irteteko aukera berria. Garbi dagoen bakarra da haurrentzat ez dituztela haur parkeak irekiko. Horietan behintzat ez da jolasteko aukerarik izango.
Alarma Egoerarekin bizitzera ohitu beharko dugula aditzera eman zuen Pedro Sanchezek, Kongresuari eskatuko diona ez baita azkena izango. Espainiak, gaurkoz, ez ditu konfinamendua altxatzeko baldintzak betetzen. Etorkizunean neurri murriztaileak lurraldeka edo eremuaren arabera ezarriko dituztela aditzera eman zuen ere. Pandemiaren fase txarrena igaro bada ere, hurrengo hilabeteetan biziko duguna “normaltasun berria” izango omen da. Hots, pertsonen arteko distantzian oinarritutako bizimodua.
Ostalaritza eta ikuskizun edo jaiei dagokionez, ez da etorkizun argirik ikusten. Lehenago irekiko dituzte merkataritzari lotutako beste sektore batzuk. Maiatza hilabete erabakiorra izan daiteke, oraindik ere kutsatuen eta hildakoen tasa handiegia delako.
Espainia mailako hedabide ezberdinetan zabaldutakoaren arabera, konfinamendua arintzeko erabakiarekin ez zegoen erabateko adostasunik Gobernuaren baitan. Neurri gogorrak ala neurri arinak hartzeko talka horren atzean, krisiari irtenbide egokia topatzeko zailtasun handiak daudela antzematen da.