Eskualdeko musika taldeak

Ximorra

Koldo Otamendi 2020ko api. 20a, 19:33

80. hamarraldiaren punk eztandan kokatu behar da Ximorra taldea. Taldearen musika bidea luzea izan ez bazen ere, garaian arrastoa utzi zuten horietakoa izan zen. Ganorazko grabaziorik gabe desagertu zen taldea, baino sarean badira zuzeneko grabaketa batzuk, non taldearen indarra eta jarrera ederki nabaritzen diren.

Ikastolako kanpaldi batean entzun nituen lehen aldiz Ximorra taldearen kantuak. Xabier Olazabal "Eskarola" zen gure begiraletako bat eta Ximorran astintzen zituen sei sokak. Punkarekin izan nuen lehenengotariko harremana izango zen hura seguraski. Niretzako eta gure lagun kuadrilarentzako mundura lehio bat zabaltzea bezala izan zen: Hitz zuzenak, jarrera, sistema iraultzeko mezuak, dena apurtzeko grina.... Punkaren indarra. Zer gehiago eska dezake mundu zikin honen kontra den ume mukizu batek?

Ez nituen sekula zuzenean ikusteko aukerarik izan baino nire musika ekipoan makina buelta eman zituen eskuz eskuz grabaturiko kaseteak. Lepo motibatzen ninduen play botoiari sakatu eta "Ximorra ratatatatataa!!!!" oihu oldarkorra!. Kantu bakoitza ereserki bat zen: "Skuataren garra", "Gazte talde bat gara", "Milaka putre dabiltza!", "nik aitasantua hil nahi dut".... eta nola ez, ezin ahantzi taldearen ereserkia zen (nahiz eta taldearen kantua ez izan) "Zintzo" abestia. Orandik orain, andoaingo kaleetan entzuten den lagunarteko txistu agur mitikoa. Gaztetxearekin batera sortu eta hazi zen talde bat izan zen Ximorra, garaiko Kutre, Sarna Social, Xiroko, Bap! eta NPI taldeen antzera.

Alberto Irazu andoaindarrak kaleratu zuen "Rocka Puntua!" (Pamiela argitaletxea) liburuan Ximorra taldea aipatzen zen kantuen hitzak egiterako orduan bertso eskemak erabiltzen zituztelako. Hitz laburrak ziren gehinak, batzuk zortziko txikiak. Poesia askorik gabekoak ziren, zuzenak eta oldarkorrak. Bap! taldearen antzera (lagunak izateaz gain, zenbait taldekide partekatzen zituzten) taldekide batzuk euskal girokoak ziren, eta nagusiki gazteleraz ziren garaiko punk taldeetan ez bezala, izaera hori nabari zen euren kantu eta hitzetan. Bi mundu elkartzen ziren taldean: Larruzko txupak, eta kuadrodun alkandorak. Punkaren oldarraldia eta indarra, nundik gatozen ahantzi gabe.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!