Igandetik aurrera, haurrek ordu betez kalean ibiltzeko aukera edukiko dute

Xabier Lasa 2020ko api. 23a, 15:29

Etxetik gehienez ere kilometro batera urrundu ahal izango dute, heldu bat ondoan dutela. Jostailuak (baloia, pilota, patinetea…) atera ahalgo dituzte kalera, baina ezingo dute parketara hurbildu. Landa eremuan bizi diren haurrek, berriz, badaukate mendi inguruetan ibiltzeko aukera.

Segurtasun eta osasun neurriei dagokionez, maskarillaren erabilpena gomendatu dute Estatu espainiarreko gobernuko ordezkariek, eta eskuak garbitzea eta distantzia fisikoa mantentzea bezalako neurriak gogorarazi dituzte.

Aldi berean, 15-18 urte bitarteko nerabeei begira, larrialdi egoera ezarri zenetik indarrean diren arauak mantentzen direla ohartarazi dute.

Pablo Iglesias Espainiako gobernuko presidenteordeak eta Salvador Illa Osasun Ministroak eman dute jakitera haurren inguruko plana eguardian egin duten prentsaurrekoan. Gaineratu dutenez, plana pediatra, psikologo, irakasle eta epidemiologoekin batera atondu dute.

Iglesiasek, barkazioa eskatu du haurren inguruko arau berriak direla eta gobernuak azken egunetan nahasmena eragin izanagatik.

Estatuan bizi diren 6,8 milioi haurrei eragingo die egitasmo berri honek, igandeaz geroztik indarrean jarriko dena. Iragarpen hau pauso bat izango da Europan haurrei begirako konfinamendu-araurik gogorrena (sei aste etxetik atera ezinik) arintzen hasteko.

Irakasle, guraso, pedagogo eta psikologo askok eskatzen ari ziren aspalditxo arau horiek bertan behera uztea. Oinherri herri hezitzaile taldeak egunotan adierazi duen bezala, “urratu egin dira haurren eskubideak, eta bada garaia euren ahotsa errespeta dezagun”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!