Koronabirusa

“Haur eta nerabeen hitza entzun beharra dago jendarte bezala garatu nahi badugu”

Xabier Lasa 2020ko api. 24a, 14:58

Maite Sagaseta Oinherri Herri Hezitzaile taldeko kidea da, eta gertutik jarraitu du azken aldian haur eta nerabeen konfinamenduari buruzko eztabaida. Oinherrik deialdi berezia luzatu die familiei eta haurrei, igande eguardian txalo zaparradan parte hartu dezaten. Hiru helburu ditu ekimenak: haurrak zoriontzea erakutsi duten jarreragatik, kalera ateratzeko eman zaien aukeragatik, eta, gizarteratzea haurren aldeko eskubideen aldarrikapenak.

 

Zer da Oinherri-Herri Hezitzailea taldea, eta zeintzuk dira bere helburuak?

Haurren parte hartzean sinesten duen eta herri hezitzaileen ikuspegiaren alde lan egiten duen Euskal Herriko eragile multzo batek osatzen dugu. Herri hezitzaileen jardunean sinesten duten eta egunez egun handitzen ari den Euskal Herriko udalerrien sare batez osatua dago baita ere.

Beraien artean elkarlotzen, aberasten eta garatzen diren zazpi kontzeptuetan oinarrituta aritzen gara: jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortu nahi dugu; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena emanaz; eurek eraikitako aisia hezitzailea eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta ingurumen kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartuaz, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak josiz.

Ostegun eguardian ofizialki adierazi zuten 14 urte bitarteko haurrek, aurrerantzean eta egunero, ordu betez kalera ateratzeko aukera edukiko dutela. Zein da zuen balorazioa?

Joan den astelehenean gobernu ordezkariek egin zuten lehenengo agerraldiaren ondoren galdetu izan bazenit, balorazioa ez zela oso positiboa aipatuko nizuke. Itxialdia hasi zen unetik aritu gara haur eta nerabeengan egoera honek eragingo zuenaz arduratuta lanean, eta argi izan dugu egoera ikusgarri egiteko beharra zegoela, haurrei entzun behar geniela, eurei ahotsa emanez. Asteburuan bazirudien itxialdia malgutu egingo zitzaiela eta baldintza batzuen pean, hala nahi zutenek, etxetik ateratzeko aukera izango zutela. Ondoren etorri zen asteleheneko zurrunbiloa. Zentzugabeko erabakia zen (zentzu askotan gainera) haurrak helduekin batera bai baina, erosketetara, bankura eta botikara bakarrik joateko aukera izatea. Ez zuen denbora asko iraun erabaki horrek, ordea, eta zehaztasun askorik gabe, baina egun berean, beste erantzun bat jaso genuen.

Osteguneko iragarpen ofiziala jakin eta gero, berriz, positiboagoa da egiten dugun balorazioa. Haurren behar fisiko eta psikologikoen alde egiten duen erabakia da, eta hori positiboa izango da beti. Beste kontu bat da erabaki honetara iristeko zein bide egin den, eta haurrengan eta bizitzen ari ziren egoeran zenbat pentsatu den orain arte. Beraiei zuzenean eragiten dien gai batean, ez zaie hitzik eman eta ez ditugu inongo unetan entzun. Horren beharra azpimarratu nahi dugu.

Halere, oraindik hutsune asko geratzen dira: nerabeen eskubidea ukatzea, adibidez.

Pedagogo, psikologo irakasleekin... hartu dutela erabakia diote. Azken egunetan gobernuak sortu duen nahasmena, nola ikusi duzue?

Erabaki hori nondik nora sortua den eta zein egoeratan eman den ulertzeko, itxialdiaz geroztik gai honen inguruan gobernuak izan duen jarrera erreparatu beharra dagoela uste dugu: bost astetan zehar haur eta nerabeak inongo unetan ez dituzte aipatu ere egin. Lehen egunean eskolak itxi zituzten (haur eta nerabeak izan ziren itxialdiaren neurriak nozitu zituzten lehendabizikoak). Ondoren, osasun profesionalen eskariz konfinamendu orokorra etorri zen, eta heldu eta haurrek etxean geratu behar izan genuen. Lantegi batzuk irekitzeko aukera jarri zuten ondoren, baina haurrak etxean jarraitu dute konfinatuta. Denbora tarte guzti horretan gai honekiko gizartean sortzen ari zen ezinegona handiagotuz joan da. Lehen esan bezala, bost asteetan zehar haur eta nerabeei buruz aipamenik ere ez da egin, baina aldi berean, egokiagoak edo okerragoak irudituko zaizkigun -norberaren iritziaren baitakoa izango da irudipena- Europako hainbat herrialdeetan hartzen ari ziren erabakien berri ere izan dugu. Guzti horrek gizartea mugitzea ekarri du.

Presio soziala egon dela esan daiteke, eta gobernua zerbait esan beharrean aurkitu dela pentsa daiteke. Hor kokatuko genuke lehengo larunbateko agerraldia. Agerraldi horrek argibideak eman baina gehiago, zalantzak sortu zituen kasik, irteera bai baina zein baldintzetan izango zen ere aipatzen ez zuelako. Eta agerraldi horri gero astelehenekoa batu zitzaion lehen esan bezala. Pentsa, egun berean eta sei bat orduren bueltan, mezu erabat ezberdina eman ziguten. Ez sinesteko modukoa izan zen!

Une honetan, pedagogo, psikologo eta abarrekin batera adostua baino gehiago izan dela inprobisatutako erabakia, alegia jendartean piztu zen hasierako zurrumurru eta ondorengo haserreari erantzuteko asmoz.

“Europako beste zenbait herrialdeetan haurrak eta nerabeak hasieratik hartu dituzte kontuan, eta helduontzat bezalaxe, beraientzat ere irteera baldintzak zehaztu dituzte”

Europa osoan haurrei begira konfinamendu araurik gogorrena ari dira jasaten Estatu espainiarreko 6,8 milioi haurrak.

Agian horren atzean haurrei eta nerabeei krisi honetan hasieran esleitu zitzaien papera egon daiteke: lehen asteetan batez ere behin baina gehiagotan entzun genuen haurrak birusaren transmisore garrantzitsuak zirela, eta horrek, haur eta heldu askorengan beldurra sortu zuen: haurrak “kriminalizatzeko” ekimena zirudien.

Eta horregatik, herriko eta hiriko kale eta txoko guztietatik bat-batean haurrak desagertu egin ziren. Baina adituek -gobernukoek ez dituztenak kontsultatu- diotenez hori ez da zuzena, izan ere haurrak, beste edozein pertsonak bezala, helduok bezala, kutsatuta badaude transmitituko dute birusa, baina nonbait, gaur gaurkoz, ezin esan omen daiteke haurrek birusa helduek baina gehiago transmititzen dutenik.

Lehen aipatu bezala, Europako beste zenbait herrialdeetan haurrak eta nerabeak hasieratik hartu dituzte kontuan, eta helduontzat bezalaxe, beraientzat ere irteera baldintzak zehaztu dituzte. Hori bakarrik ez, Norbegiako lehen ministro den Erna Solberg-ek martxoaren 16an espresuki haurrentzako eta haurren hizkuntzara egokitutako prentsaurrekoa ere eman zuen. Haurtzaro eta Familia eta Hezkuntza ministroak ere bertan ziren haurren eta nerabeen galderei erantzuteko. Estatu espainiarrean berriz erabakia haurrak etxean itxita izatearena izan da, ez besterik. Oraingoan ere, haurtzaroaren kulturaren inguruan ditugun gabeziek zer ikusia dutela garbi dugu Oinherrin. Haurrei, oraingoan ere, ez diegu jaramonik egin. Haur eta nerabeen hitza entzun beharra dago jendarte bezala garatu nahi badugu. Haurrak herri eta hirien osaketan beste elementu bat gehiago dira helduon antzera, baina aste honetan kaleratu dugun manifestuan diogun bezalaxe, haurrak ikusgai bihurtu behar ditugu… Izan ere, haurrak eta nerabeak etorkizunerako prestatu beharreko pertsonak bezala ikusten ditugu, oraindik osorik ez baleude bezala, oraindik baliorik ez balute bezala. Baina, haurrek sentitu egiten dute, pentsatu egiten dute eta horren arabera jokatzen dute, helduok egiten dugun bide bera eginez. Haur eta nerabeek helduok bezalaxe beraien ardura eta betebeharrak dituzte, baina baita eskubideak ere! Eta oraingo honetan eskubide horiek ez dira errespetatu. Oinherrin diogun moduan, haurrentzako gauzak egitetik, haurrekin gauzak egitera pasa behar dugu zalantzarik gabe. Haur eta gazteak subjektu aktibo bezala kontutan hartzea dugu xede.

Guraso, hezitzaile eta pedagogoak haserre zaudete. Nola ikusi duzue eragingo ziela haurrei, fisikoki zein psikologikoki, sei astez etxean jasan duten itxialdiak?

Haserrea piztu zaigu, baina lehen aipatu dudan moduan, Oinherrin oso barneratuta dugun haurrei entzun, hitza eman, zer sentitzen duten entzun, eta abar luze bati berriz ere kasurik egin ez zaiolako; finean, haurrak ere herritar moduan parte hartzeko aukera dutela aitortzeari Haurrak “gogorrak” direla entzun dugu eta kitto.

Esan beharra dago, aurretik ere haurrak beste era bateko konfinamendutik datozela: goizean goiz altxatu eta eskolara. Patio tarte eskasa kenduta, lau pareten artean eserita ordu mordoa. Handik atera, eta eskolako etxeko lanez gain, eskolaz kanpoko ekintzez lepo beteriko agenda izaten dute. Jolasteko edota gurasoekin modu lasaian tartea pasatzeko betarik gabe.

Itxialdiak izango duen eraginaz galdetuta, hilabete luze pasa honetan etxean gauden bitartean behin baino gehiago entzun dugu harrituta gaudela haurrak zein jarrera ona erakusten ari diren. Horrelakorik ez genuela espero, eta kasik guk helduok baina hobeto “jasaten” ari direla ere entzun diot zenbaiti. Harritu egiten gara, berriz ere haurrek duten balioaz benetan jabetzen ez garelako. Haurrei egoera hau gainontzekoi bezala etorri zaie, egoera azaldu egin diegu (agian hasieran kosta ere egingo zen) eta haurrek arduraz erantzun dute. Horretarako gai direlako. Hemen zehaztu beharra dugu oso egoera desberdinak bizi izan dituztela: ez da berdina hilabeteetako haurra, edota bost urte dituena; desberdina da berdegunea duen etxebizitza edukitzea, edo apenas argi izpirik sartzen ez zaien etxebizitza izatea...

Horrek ez du esan nahi beraien aldartean, egunak joan ahala, itxialdiaren zama nabaritzen ez denik. Haserrealdiak eta negarrak ugaritu egin dira zenbaitzutan, lo egiteko garaian aldaketak; berdintsu elikadura ohituretan... Mugimenduaren beharra nabari zaie batzuei...

“Haurrek kasik helduok baina hobeto jasaten ari direla esan dute harrituta, zenbaitek. Haurrei egoera hau gainontzekooi bezala etorri zaie, egoera azaldu egin diegu eta haurrek arduraz erantzun dute. Horretarako gai direlako”

Haurren hotsa errespetatzeko eskakizuna egin duzue, eta adierazpen edo manifestua plazaratu... Laburki, azalduko adierazpen hori?

Astelehenean kaleratu genuen adierazpena, eta haurtzaroaren kulturaren defentsan idatzitako manifestua da, Gora Haurtzaroa! lemapean hain zuzen ere. Zortzi puntuz osatua dago eta bertan haurren kulturaren pean, herri hezitzaileon ikuspegitik azpimarratu nahi diren aldagaiak jasotzen dira. Aipatu moduan, helburua haurtzaroa bisibilizatzea da zentzu zabalenean: haurrak ikusgai bihurtu beharra dago, haur eta nerabeak, helduokin batera, gizartea osatzen duten subjektu aktiboak direlako, eta ondorioz, erabakien parte ere badirelako. Haurtzaroa eta nerabezaroa ez dira soilik etorkizuna, oraina ere badira, eta horrexegatik, kontuan izan behar dira eta eurei hitza eman. Entzun egin behar zaie.

Haur eta nerabeek herri eta hirietan kalea hartu behar dute, eta horretarako, haurrak kaleetan barrena ziurtasun osoz mugitzeko eta jolas egiteko baldintzak bermatu behar dira, herrietako komunitatea saretuz eta elkarren arteko harreman parekide eta osasuntsuak garatuz. Baina horrez gain, naturaren presentzia ere ezinbestekoa da haurtzaro eta gaztaro osasuntsu baten garapenerako. Manifestuaren azken puntuan azpimarratzen dugun moduan, ezin dugu ahaztu haur eta nerabeen eskola mundua dela eta mundu hori osatzen duten elementu guztietatik elikatzen direla; eskolatik, senideetatik, jolas libretik eta aisialditik, herri eta komunitatean duten parte hartzetik, eta abar.

Laburbilduz, ez dugu aukera hau galdu nahi eta etorkizunean, “normaltasunera” itzultzean, haur eta gazteak berriz ere aurreko itxialdira bueltatzea. Bide berriak sortu beharrean gaude beraien eskubideak bermatu ahal izateko, partaidetzaren bitartez eta ahotsa emanez.

Manifestua irakurri eta bertara atxikitzeko gonbidapena luzatu nahi diegu eragile zein norbanakoei. Horretarako www.herrihezitzaile.eus helbidera jo eta manifestuan bertan dagoen atala bete besterik ez dago.

Igandera begira, eguardiko 12:00etan balkoira ateratzeko deialdia egin duzue.

Bai, hala da. Deialdiak gainera helburu eta arrazoi ezberdinak ditu eta guztiek batera hartzen dute nolabait ere zentzu osoa. Alde batetik, argi eta garbi, orain arte etxetik atera gabe egon diren haur eta gazteei adierazi duten arduragatik eta izan duten jarreragatik, aitormena egin behar zaiela uste dugu eta zoriondu egin nahi ditugu. Aurrekoagatik ez ezik, horrenbeste egun etxean igaro ostean ordu betez bada ere kalera irteteko aukera dutelako, ospakizun kutsu bat eman nahiko genioke igandeko deialdiari. Eta azkenik, haurtzaroaren kultura azpimarratzeko eta balioan jartzeko eta honen aldeko aldarrikapena egiteko baliatu nahiko genuke igandekoa.

“Haurrak ikusgai bihurtu beharra dago, haur eta nerabeak, helduokin batera, gizartea osatzen duten subjektu aktiboak direlako, eta ondorioz, erabakien parte ere badirelako”

Jakin badakigu kalera irteteko lehen eguna izango dela, baina 12:00etan txalo zaparrada handi batekin balkoietan ohiturazkoak bihurtu zaizkigun festatxo bat antolatzera gonbidatu nahi ditugu Euskal Herriko haur, nerabe eta heldu guztiak.

Bide batez, sare sozialetan #GoraHaurtzaroa lema erabiltzea proposatu nahi dugu Haurtzaroaren aldeko komunitate birtuala ere sortu dezagun. Gora haurtzaroa!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!