Taldeak CD formatuko bi disko atera ditu denbora tarte honetan, eta modu digitalean argitaratu ditu azken hiru kantuak, youtube eta Spotify plataformaren bidez. Debuteko diskoa 2017an kaleratu zen, eta bertan hamar kantu biltzen ziren, denak taldeak sortuak. 2019an, berriz, "Jainko berriak (des)eraikiz" iritsi zen, talde formazio berriaz, eta musikalki nobedadeekin ere. Bertatik atera dugu, behean ikusgai duzuen "Inoren semeak" bideoklipa. Taldearen estudioko azken hiru kantuak Gaztain estudioetan grabatu dira 2020 honetan, Eñaut Gaztañaga soinu teknikariaren gidaritzapean eta disko berria izango denaren aurrerapen kantu bezala uler daitezke.
Taldearen musika garatuz joan da urteen poderioz. Diskoz disko eragin berriak sartu izan dira taldean. Rocka da taldeak nagusiki lantzen duena, baino eragin askoz zipriztindurik. Kantu askok badute ukitu dantzagarri bat, eta beste batzuetan erritmoak azkartzen dituzte betiko rockerantz. Azken kantuetan sintetizadore eta elektronikaren eraginak nabari dira, taldea territorio berrietan ari dilarik arakatzen. Izan ere, taldeak berak horrela definitzen du egiten duten musika bere atari digitalean: "Rock-aren eremuan mugitzen gara toke tecno-pop eta indiekin, erritmo dantzagarriekin buruan. Erritmo azkarrak zein mantsoak, garbitasuna zein astuntasuna."
Euskal Herrian zortedun gara emanaldiak eskaintzeko sare potente bat dagoelako, baino talde hasiberri batentzako ez da erraza ere emanaldiak lortzea. Gaztetxeak, tabernak, aretoak, herriko jaiak, txosnaguneak... aukerak badira jotzeko, eta bidea urratzeko. Dukkha taldeak eman ditu pauso batzuk bide horretan eta ez dira gutxi denbora tarte honetan eskaini dituen emanaldiak: Zarautz, Lizarra, Gasteiz, Urretxu, Zumaia, Zizurkil, Andoain... Gainera, Euskal Herrian ez ezik, Madrilen ere aritu da taldea. Taldearen emanaldi esanguratsuena akaso, pasaden uztailean Bilboko Kobetamendi gunean eskainitakoa izan daiteke, Berri Txarrak taldearen kontzertu berezira gonbitatuak izan baiziren, beste hainbat musika talde gazteekin batera.