Koronabirusa

Pedro Sanchezek deskonfinamenduaren neurriak jakinarazi ditu

Aiurri 2020ko api. 28a, 18:23

Neurri zorrotzetik arinagoetara igarotzeko prozesuak sei aste iraungo duela jakinarazi du Sanchezek, eta lau fasetan banatuta egongo da; fase bakoitzak bi aste iraungo ditu. Sanchezek adierazi duenez, deseskalada "graduala, asimetrikoa eta koordinatua" izango da.

Apirilaren 26an haurrak baldintzapean kalera irten ahal izango zirela jakinarazi zuen. Maiatzaren 2an, berriz, jarduera fisikoa egitea ahalbitu zuen. Horrez gain, zenbait jarduera ekonomikoa ere baimenduko dituzte; esaterako, jatetxe edo tabernak lan egin ahal izango dute etxera eramateko janaria prestatuaz.

Esanak esan, Gobernuak deseskaladaren hiru faseak bereizi ditu, eta bakoitzak 15 egun iraungo ditu:

  • Deskonfinamenduko 0. fasea: fase honetan bezeroekin aurretiaz hitzorduak dituzten dendek edo komertzioek ireki ahal izango dute.
  • Deskonfinamenduko 1. fasea: komertzio txikiaren jarduera neurri batean baimenduko dute. Lokalak ordutegi muga batzuen barruan irekiko dira. Garraio publikoan, esan bezala, maskaren erabilera beharrezkoa izango da. Hotel eta alojamentu turistikoak irekiko dituzte, baina leku komunak ezin izango dira zabaldu. 

  • Deskonfinamenduko 2. fasea: arestian aipatutako neurriak bete eta egoera hobetuz gero, ostalaritzako lokalak irekitzeko baimena izango dute %30eko lekua baliatuz. Bigarren fase honetan ere ehiza eta arrantza baimenduko dituzte, eta zinema eta antzokiak ere irekiko dira %30eko aforoarekin (ostalaritzakoak bezalaxe); 50 pertsonatik beherako ekitaldi kulturalak baimenduko dituzte, betiere eserita izango delarik.

  • Deskonfinamenduko 3. fasea: Fase hau azkena izango da, nolabait esanda normaltasunera itzuli aurretik. Arlo komertzialean %50eko aforoa errespetatu beharko da. Ostalaritzan, berriz, publikoaren arteko espazioa errespetatu beharko da, gutxienez bi metrokoa.

Esan beharra dago, Espainiako Osasun Sailak bi astean behin azterketa zorrotza egingo duela, hartutako erabakiak nolako eragina izan duten jakiteko. Berriro ere, kutsatze kopurua handituko balitz beste neurri batzuk hartu beharko lirateke. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!