“Herritarren laguntza beharko dugu etorkizunean”

Naiara, Maripi eta Leire ama-alabak, MP arropa-dendako arduradunak. L. Loinaz

Leire Loinaz MP arropa-denda

Maripi Eizmendi, Leire eta Naiara Loinaz ama-alaba asteasuarrak dira Villabonako MP arropa-dendako arduradunak. Eurekin batera, beste bost langile dituzte dendan. Kezka saihestu ezinik erantzun ditu Leirek ondorengo galderak.

Alarma egoera ezarri zenetik itxita daukazue denda. Nola aurkitzen zarete egoeraren aurrean?

Kezkatuta gaude. Denda itxita daukagu, baina irekitzen dugunean ere ez dakigu nola egin beharko dugun lan: zenbat bezero eta langile egon ote gaitezkeen barruan, zer nolako martxa izango dugun…

Denda arropaz gainezka daukagu. Irtenbidea eman nahian, online bidez ari gara saltzen eguneroko arropa. Baina ospakizunetarako arropa guztiz geldirik daukagu. Gainera, ez dakigu ospakizunak ospatzerik izango ote den ere…, eta noski, ospakizunik ez bada, jendeak ez du erosiko. Arropa hori geldituta daukagu, eta hurrengo urterako stock moduan saltzeko uztea beste irtenbiderik ez dugu izango seguruenik.

Hasiera batean laguntza handiak iragarri bazituzten ere, oso mugatuak dira Gobernuaren laguntza horiek. Dudarik gabe, galera handiak izango ditugu. 

Zein neurri hartu galera horiei erantzuteko?

Ospakizunak urrira pasako ote diren entzun dugu, baina oraindik ez dago ezer garbirik. Merkealdia atzeratu egin nahi dela ere aipatu da: uztailean hasi beharren abuztuan hasiz. Ideia hori da, baina ikusi egin behar…

Hala ere, guri itzulerak ematen digu beldurrik gehien. Bost langile ditugu oraintxe ERTEan. Momentuz ahal den modura moldatu behar; baina aurrera begira bezeroek kalera ateratzeko eta dendetara sartzeko beldurra badute, nola egin aurre egoera horri? Azken batean, gizarte segurantzak eta soldatak ordaintzeko diru asko atera behar da. Familia txiki bat gara dendan, oso harreman ona dugu langile guztien artean. Guztiak mantentzea gustatuko litzaiguke, eta neurriak hartzea pentsatzen ari gara hori egin ahal izateko. Esaterako, ordutegia zabaldu: goiz eta arratsaldez lanean aritu beharrean, jarraian lan eginez edota larunbat arratsaldetan ere denda irekiz. Aforoa mugatzen badigute, neurri berri horiek hartzea darabilgu buruan, langileak mantendu ahal izateko.

Elkarrizketa osorik Aiurri hamaboskariaren 559 zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!