Merkataritzak eta ostalaritzak koloreztatzen ditu herrietako kaleak

Ainhoa Arozena 2020ko api. 30a, 15:12
Ilustrazioa: Olaia Zapirain.

Covid-19aren eraginez euren saltokietako ateak itxita, kalte handiak jasan dituzte merkatari, tabernari nahiz bestelako zerbitzuetako kideek. Normaltasunera itzultzeko desiratzen daude.

Covid-19 birusak osasun krisiarekin batera, krisi ekonomiko larria ere ekarri du gure artera. Iluntasunaren erdira argitasun pixka bat ekarriz, Mari Jose Aranguren ekonomialariak aurreko hamaboskarian adierazi zuenez, “2008an abiatutako krisia baino motzagoa eta arinagoa izango da oraingoa”, baina bai, krisia era guztietara. Krisi horren hartzaile zuzenak dira, beste asko bezala, merkatari eta ostalaritzako kideak ere. Eta haiengana jo dugu gaurkoan: eskualdeko merkatariengana, Aiurri hamaboskariaren babesle ere badirenengana. Garai gogorrak bizi dituzte, beltzak askok. Kezka aipatu dute denek, eta ezjakintasuna.

Kaleak goibel

Olaia Zapirain ilustratzaileak ondo baino hobeto islatu du egungo egoera, hamaboskarirako osatu duen irudian. Lehen mailakotzat jo diren saltokiek soilik ireki dituzte ateak azken hilabete eta erdian. Jakina da lehenagotik ere, baina argi geratu da saltoki eta taberna nahiz jatetxeek zer nolako bizia ematen dioten herriari. Goibel daude kaleak saltokietako ateak itxi zirenetik, herritarren joan-etorriak eten zirenetik. Badirudi maiatzaren erdialdera ireki ahal izango dela hainbat denda, geroago beste hainbat zerbitzu. Herritarron esku egongo da haiei aurrera egiteko bidea ematea. Guztioi dagokigu herriko merkataritza hauspotzea.

Azken egunotan harpidedunen etxeetara banatu den azken Aiurri aldizkarian eginiko elkarrizketen hainbat pasarte sareratuko ditugu datozen egunetan: Asteasuko Iturri-Ondo jatetxea, Amasa-Villabonako Arindu fisioterapeuta zentroa, Eizmendi ileapaindegia, MP arropa-denda, Amasa kafetegia, Erreka taberna, Andoaingo Gaztañaga sagardotegia.

Elkarrizketak osorik Aiurri aldizkariaren 559 zenbakian

---------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!