Nazioarteko Langileen Egunean autokarabana egin dute LAB Sindikatuko kideek

Nazioarteko Langileen Egunean LAB Sindikatuko kideek autokarabana egin dute; zenbait herritatik pasa dira, besteak beste, Astigarraga, Urnieta eta Andoain, beste batzuen artean. 

LAB Sindikatuak honako ohar hau zabaldu du:

Garai zailak dira langile askorentzat. Batzuk kaleratuak izan dira, beste batzuk eskubide murrizketak pairatu ditugu, askok ziurgabetasunez begiratzen diote etorkizunari. Salbuespen egoera honetan hamaika egoera latz bistaratu zaizkigu: Paris eta Madriletik ezarritako dekretuen bidez lau pareten artean zorrozki konfinatu gaituzten bitartean, prebentzio neurririk gabe lan egitera behartu gaituzte. Ikusi dugu gure osasun sistema publikoa zenbateraino ahulduta dagoen, azken hamarkadetan alderdi sistemikoek (PP, PSOE, EAJ, UPN, En Marche) ezarritako murrizketen eraginez; ikusi ditugu urteetan zaintza lanak pribatizatu eta azpigaratu izanaren ondorioak; pribatizazioaren ondorio larriak ikusi ditugu ere hondakinen kudeaketan: bi hilabete eta erdi baino gehiago dira Alberto eta Joaquin Zaldibarren desagertu zirela.

Eta ikusitakoak, aldi berean, erakutsi digu, publikotasunaren garrantzia zenbaterainokoa den. Zer beharrezkoa den osasun eta zaintza sistema publiko sendo bat izatea. Ikusi ditugu milaka lagun herri eta auzoetako elkartasun sareetan antolatzen. Ikusi dugu zeintzuk diren, benetan, bizitza sostengatzeko ezinbesteko lanak, eta ikusi ditugu, gehienetan, emakumeak lan horiek egiten. Ikusi eta ikasi dugu, gogoratu, gure lanak mugitzen duela mundua eta, era berean, gure lanak eraldatu dezakeela mundua.

Funtsean, Kapitalaren eta Bizitzaren arteko borroka da aste hauetan ikusi duguna: Patronalaren mesedetan egindako kudeaketa zentralizatu eta autoritarioa batetik; herria, herritarrak, auzokideak, bizilagunak, ingurukoak zaindu nahi dituen komunitatea, bestetik.

Bistan denez, orain, inoiz baino gehiago, geure burua antolatu behar dugu borroka hori irabazteko, bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial berria sortzeko. Historiako une desberdinetan erakutsi bezala, langileok badugu mundua eraldatzeko indarra; arazo zehatzei erantzuna ematearekin batera, alternatiba orokorra eraikitzeko gaitasuna.

Proposatzen ditugun eraldaketarako ardatzak honako hauek dira:

  • Herritar orori lan, pentsio eta bizitza duina bermatzeko premiazko neurriak.
  • Osasun eta zaintza sistema publikoa sendotu eta osasun nahiz zaintza baliabide oro publifikatu.
  • Aberastasuna birbanatu eta eskubideak bermatzeko baliabideak eskainiko dituen politika fiskala ezarri.
  • Ekoizpen eta kontsumo eredua birpentsatu eta demokratizatu, ekosozialismoaren eta feminismoaren oinarriak aintzat hartuz.
  • Herri burujabetza bermatuko duen Euskal Errepublika eratu.

Bizitza erdigunean jarriko duen eredu berriaren alde borrokatzera goaz; urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren bidetik, eremu sindikalean nahiz sozialean eraldaketaren aldeko indarrak bilduz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!